→Zaratamo

Elezkanok eta Zabaletak garaipena lortu eta susto txiki bat izan dute Eskuz Binakako lehen partidan

Elezkano IIk eta Zabaletak 7-22 garaitu zituzten azaroaren 21ean Joseba Ezkurdia eta Xabier Tolosa Eskuz Binakako txapelketako lehen partidan, Mungiako frontoian.

Danel Elezkano, Zaratamoko frontoian // Geuria

Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak 7-22 garaitu zituzten atzo, azaroaren 21ean, Joseba Ezkurdia eta Xabier Tolosa 2022ko Eskuz Binakako txapelketako lehen partidan, Mungiako frontoian. Markagailuan 5-7ko emaitza zegoenean, Ezkurdiari ezkerrez botatako pilotakada batek ihes egin eta Danel Elezkanoren masailalbo-hezurrean bukatu zuen. “Kolpe izugarria izan da”, azaldu zuen Iñigo Simón Baikoko medikuak. Partida Elezkano eta Zabaletaren aldeko 7-5eko emaitzagaz gelditu eta aldageletara hemorragia txiki bategaz joan zen Aspeko pilotaria. Bertatik ospitalera eraman zuten. Lau sutura puntu jarri zizkioten eta ospitaletik bueltan Mungiako frontoira itzuli zen. Jendeak zutik egin zion harrera Aspekoari eta jokoari berrekin zioten. Begi aldeko zauria handitu eta odola bota bazuen ere, tirita batekin estali eta jokatzen jarraitu zuen zaratamarrak partida bukatu arte.

Momentu horretatik aurrera, Zabaletaren eta Elezkanoren jokoak erritmo aldaketa izan zuen eta Ezkurdiak eta Tolosak jarritako presioari eutsi zioten. 7-7ko berdinketara arte lanak eman zieten Ezkurdiak eta Tolosak Zabaleta eta Elezkanori. Momentu horretan piztu egin zen elastiko urdinez jantzitako Elezkano eta 15 tantu segudan egin ostean hankaz gora jarri zuen, Etxarreneko atzelariaren jokoareb laguntzaz, Mungiako frontoia. Partida bukatzean Danelegaz berba egiteko aukera izan zuen Geuria komunikabideak: “Ondo nago, zauria josi eta hobeto nago orain”, azaldu zuen zaratamarrak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak