→Zaratamo

Eskola herri proiektuaren erdigunean jarri gura du Zaratamoko gobernu talde berriak

Hiru komisio parte-hartzaile sortuko ditu Udalak: hirigintza eta etxebizitza; hezkuntza, hizkuntza eta kultura; enplegua, ekonomia, gazteak eta gizarte ekintza.

EH Bildu eta Gure Herriako Udal ordezkariak, ekainaren 15ean Udal Gobernua osatu berritan / Geuria

Hiru komisio parte-hartzaile sortuko ditu Udalak: hirigintza eta etxebizitza; hezkuntza, hizkuntza eta kultura; enplegua, ekonomia, gazteak eta gizarte ekintza.

Zaratamoko Udalbatzak herriaren kudeaketa sistema eraldatuko duen proposamena eztabaidatuko du irailaren 26ko osoko bilkuran. EH Bilduk eta Gure Herriak osatutako gobernu berriak parte hartzean oinarritutako kudeaketa sistema landu du eta komisio mistoak jarri ditu sistema horren oinarrian. Alegia, zinegotziez aparte, herritarrek, kultur eta auzo elkarteetako kideek eta zehaztutako alorrean profil teknikoa duten profesionalek osatuko dituzte komisioak. Azken hauek izango dute komisioa dinamizatzeko ardura: “Borondate kontua da. Zaratamoko bizilagunei benetako boterea emango diegu eta erabaki asko alkatearen bulegotik eta udalbatzetatik kanpo hartuko dira”, azaldu du Alberto Ugarriza alkateak (EHBildu). Ugarrizaren esanetan, Udal talde guztiak daude gonbidatuta komisioetan parte hartzera eta horietan ardurak izatera.

Komisioak hiru areatan banatuko dira: hirigintza eta etxebizitzari buruzkoa; hezkuntza, hizkuntza eta kulturari buruzkoa; eta enplegua, ekonomia, gazteak eta gizarte ekintzari buruzkoa. “Politikariok parte-hartzaileak izango gara, gainontzeko kideak bezala. Gure ardura izango da, iritzia emateaz gain, Udalak dituen baliabideei buruz informatzea, egingarriak eta bideragarriak diren erabakiak hartu daitezen”, dio alkateak.

“Pertsonak helburu”

Gobernu talde berriak dio Zaratamoko pertsonen ongizatean ardaztuko dela legegintzaldi berria, eta “orain arte obretan eta hirigintza proiektuetan jarritako ahalegin handiak” hezkuntza proiektura bideratuko direla. “Eskola ardatz hartuta herri osora hedatuko den hezkuntza proiektua lantzea da helburua. Ikasgeletatik kanpo, herriko auzoekin eta langileekin elkarreraginean jarri nahi ditugu umeak. Horrela hasiko gara etorkizuneko Zaratamo eraikitzen, gure oinarriak zainduz”. Etxebizitza berriak eraikitzeko Zaratamok dituen arazoez galdetuta, aurreko legegintzaldian hasitako proiektuak errespetatzeko konpromisoa azaldu du Ugarrizak: “Badakigu zein den Zaratamoren errealitatea. Ez dugu aurrekoek egindako lana ezerezean utziko: horiek hartu eta hobetzen saiatuko gara. Belaunaldi gazteenei gure herrian geratzeko aukera eman behar diegu eta horretarako etxebizitza berriak eraiki behar ditugu, nahitaez”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

🟣 Martxoak 8 Basaurin! 💪 #Zuzenean
|