→Zaratamo

Zaratamoko Udaleko Jose Manuel Garrote udal idazkaria erretiratu da

Jose Manuel, eskumaldean, Gurutzalde futbol zelaiko hitzarmena sinatu zen egunean // Geuria

2021eko urtarrilaren 7a Jose Manuel Garrote Milánen azken lan eguna izan zen Zaratamoko Udalean idazkari kontu-hartzaile gisa. Garrotek egunkari batean ikusi zuen utzi berri duen lanpostuaren iragarpena, Burgosen lan egiten zuen garaian, eta Zaratamon lan egin zuen urtebetez. 1990eko abenduaren 31n behin betirako hasi zen Udalean: “Idazkari batek bete behar dituen lan guztiez gainera, lankideak laguntzen saiatu naiz eta guztiz eguneratu nauen lana izan da honako hau. Lan asko izan dut bertan: udaletxe handietan intentsitate handiagoarekin egiten da lan, baina lan-karga gutxiagorekin”, azaldu du idazkari ohiak. “Gainera, instituzio bezala zein lankideei sor ahal zitzaizkien galderen erantzulea izan naiz“. Garroteren hitzetan, “Zaratamoko Udaleko langileak udaletxeko aktiborik preziatuenak dira”.
Orain arte biziraun egin duela adierazi du Jose Manuelek, eta hemendik aurrera bizitzea gustatuko litzaiokeela: “Asmoa lagun batzuekin batera nire denbora komunitatearen alde ematea da, Gobernu Kanpoko Erakunde baten bidez, esaterako”.

Ordezkoaren bila

Jose Manuel Garrotek idazkari kontu-hartzailearen lanpostua libre utzi du eta Alberto Ugarriza alkatearen hitzetan arazo baten aurrean dago orain Zaratamoko Udala: “Ordezkoa bilatzeko arazoak daude Euskal Autonomia Erkidego osoan, idazkari kontu-hartzaileak gaikuntza nazionaleko langileak direlako: Estatuak berak izendatzen ditu eta aspalditik ez da postu horretarako oposiziorik egin”. Zaratamoko Udala negoziazioetan dabil Foru Aldundiarekin: “Legeak dio Diputazioak lanpostu hori bete behar duela udaletxeko lanak aurrera atera ahal izateko” azaldu du Ugarrizak. Lanpostua buletinean argitaratu du Zaratamoko Udalak eta alkatearen hitzetan, interesdunek bost egun izan dituzte izena emateko, baina momentura arte ez du inork izenik eman lan-eskaintzan. “Diputazioarekin lanean gabiltza gutxienez behin behineko funtzionario bat izendatu eta udaleko dokumentu ofizialak sinatu ahal izateko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak