☉ Zaratamo
Josu Goiri: “Instrumentu aberatsa da oso txalaparta”
Txalaparta eta perkusio ikastaroa eskaintzen du Zaratamoko Udalak lehen hiruhileko honetan. Lau pertsonako taldeetan ordubeteko klasea ematen da astero.

Tradizioz, sagardoaren eta baserriaren munduari atxikia egon da txalaparta. Herri askotan, adibidez, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zuten inguruko jendeari jakinarazteko. Gaur egun perkusiozko musika tresna bezala erabiltzen da Euskal Herrian, baita munduko beste hainbat tokitan ere, Oreka Tx bikoteari esker. Josu Goiriak (Zaratamo) ere zabaldu du txalaparta munduan zehar. Txalaparta irakaslea da Goiria Zaratamon, baina hura jotzeaz eta irakasteaz aparte, sakon ikertu du haren inguruan. Liburu bat idatzi du instrumentuaren inguruan, frantsesera ere itzuli dutena, eta musikoterapiarekin ere uztartu du txalaparta zaratamarrak.
Musikoterapia eta txalaparta uztartzen dituen ikastaroa eman duzu Bordelen. Zertan datza?
Musikoterapian txalapartak izan dezakeen eragina aztertu dugu. Bada, musikak eragin zuzena du gure gorputzean eta burmuinean. Hain zuzen ere, musikaren bidez pertsonaren ongizatea eta osasuna hobetzea helburu du musikoterapiak. Kasu honetan, txalaparta erabili dugu musika iturri bezala: zuraren zarata ezberdinak, honen dardara, xaflen arteko loturak… Audizioa, erritmoa edo koordinazioa landu ditugu horiekin. Azken batean, txalapartarekin eraikitzen ditugun kadentziak gure arnasketarekin lotu daitezke, gure ahots tinbrearekin, ibiltzeko erarekin… Txalaparta, gainera, zutik jotzen den instrumentua da, beraz gorputzeko atal ezberdinen arteko oreka nola zaindu ere aztertu dugu. Txalapartaz gain, irrintzia eta adarra ere landu ditugu.
Eta, nolatan Bordelen? Nola lortu duzu bertan ikastaroa eskaintzeko aukera?
Bilbon ere antzeko ikastaro batean parte hartzen dut, musikoterapia zentro batean. Aittor Loroño medikua eta musikoterapeuta da zuzendaria eta bere bitartez Gerard Ducorneau, Bordeleko zentroko zuzendaria, ezagutu nuen. Txalapartari buruz nik idatzitako liburua frantsesez argitaratzeko asmoa azaldu zidan hark eta animatu nintzen. Ordutik, hainbatetan joan naiz bertara liburua aurkeztera eta ikastaroak eskaintzera.

Txalapartarekin musikoterapia lantzen du Goirik / Utzitakoa
Zelakoa izan da esperientzia?
Gurekin izandako pertsona guztiak oso pozik aritu dira ikastaroan. Batzuek txalaparta umeekin erabiltzen hasi direla esan digute, oso emaitza onekin. Beste batzuk serio hartu dute txalaparta jotzen ikasteko erabakia eta horretan ari dira.
Beste toki batzuetan ere ikastaroak eman dituzu.
Besteak beste, Irlandan, Ibizan, edota Zaragozan izan naiz txalaparta ikastaroak eskaintzen. Euskal herrian, Zaratamon ematen ditut txalaparta klaseak, nire herrian.
Abuztuan Caceresen izan zara Agintzari Dantza Taldearekin.
Sierra de Fuentes herrira joan ginen ekainean. Agintzari Dantza Taldeak harreman ona du bertako dantza talde batekin; eurak Basaurira etorri ziren iaz, San Juan gauean, eta aurten bisita bueltatu diete Basauriko dantzariek. Bidaiara ni gonbidatzea erabaki zuten basauriarrek, eta Ramon Candelasekin batera, txalaparta jotzeko aukera izan nuen Sierra de Fuenteseko enparantzan egin zuten dantza ikuskizunean, gabez. Oso esperientzia aberasgarria izan zen denontzat, bertakoei asko gustatu zitzaien dantzen eta txalapartaren arteko nahasketa. Pentsa, ikuskizunaren ondoren jende asko hurbildu zen txalaparta jotzen ikasteko asmoarekin, Caceresen!
Txalaparta emanaldiak eskaini dituzu beste toki batzuetan: Kobetan, Euskaldunan edota herriko plaza askotan.
Txalaparta dantza edo antzerkiarekin uztartzen saiatzen naiz. Euskalduna Jauregian, adibidez, ekologia sariak banatu ziren eta Basajaunaren inguruko antzezpena antolatu nuen ,euskal dantzez eta txalapartaz lagunduta. Azken ikuskizuna, bestalde, Bretainiako Kemper herrian egin dut, ‘Anan cara’, Dirdira Taldea eta Dremmwel artistekin batera. Musika eta dantza ikuskizuna egin genuen bertan.

Agintzari Dantza Taldea Caceresen / Geuria
Zaratamon ere txalaparta ikastaroak ematen dituzu, Udalak antolatuta.
Hala da bai. Lau pertsonako gutxieneko taldeak osatu behar dira, eta talde bakoitzak lau klase ordu ditu hilero, 20 euroren truke. Ikasle eta irakaslearen artean erabakitzen da zein egunetan eta zein ordutan ematen den klasea, baina ohikoena, astean ordu beteko klasea izatea da. Elexalden ematen ditut klaseak eta txalaparta ikasturtea hastear dago.
Eta zergatik txalaparta? Noiz hasi zinen txalaparta jotzen?
Bilboko gaztetxean jo nituen lehen kolpeak, 1986an, Iñaki Gamindezekin batera. Txundituta geratu nintzen instrumentuarekin eta honi buruz ikertu behar nuela erabaki nuen. Zuaznabar txalapartari zaharrekin, Josean Artzerekin eta Juan Mari Beltranekin harremanetan egon nintzen, baita beste txalapartari askorekin ere. Horren harira etorri zen 1994an txalapartari buruz idatzi nuen liburua. Aittor Loroño ere oso garrantzitsua izan da musikoterapia eta txalapartaren arteko loturan sakontzeko. Basauri, Zaratamo eta Arrigorriagako udalen diru laguntzaz argitaratu nuen liburua. Esker bereziak eman behar dizkiet ere Eduardo Diaz de Goikuria AEKko lagunari eta nire gurasoei, Gregorio Goiri eta Damiana Iturrizarreri.
☉ Zaratamo
Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean
Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.
“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.
Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.
Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria
Sutea, abuztuan
Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.
Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.
Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.
“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.
Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.
☉ Zaratamo
Ikasturte berriko kirol jarduerak iragarri dituzte Zaratamon
Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da eta jarduerak urriaren 4an hasiko dira

Zaratamoko Udalak Moiordin, Arkotxa eta Elexalde auzoetan antolatu dituzten kirol jardueren eskaintzak iragarri berri ditu, ikasturte berriari begira.
Askotariko kirol ikastaroak abiaraziko dituzte aurten: Total Fitness, Pilates, Zumba, dantza latinoak, Yoga, entrenamendu funtzionala, eta aurten, berritasun modura: arte eszenikoak (zirkua).
Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Arkotxa eta Elexalde auzoetako liburutegietara edo udal bulegoetara jo beharko dute. Online egiteko aukera ere luzatu dute esteka honen bidez.
Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira. Edukiera mugatua izango da.

Pilatesa egiteko pilotak // Geuria
Ikastaroak, auzoka
Moiordinen
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 20:00-21:00, Txokoa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 20:15-21:15, Txokoa
Arkotxan
Zumba | Asteazkenetan, 20:00-21:00, Kultur Etxea
Dantza latinoak | Ostiraletan, 18:00-19:00 (7-15 urte) eta 19:00-20:00 (16 urte+), Kultur Etxea
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 18:45-19:45, Kultur Etxea
Yoga | Astelehenetan, 20:15-20:45, Kultur Etxea
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00, Kultur Etxea
Elexalden
Zumba | Asteazkenetan, 18:45-19:45, gimnasioa
Entrenamendu funtzionala | Astearte eta ostegunetan, 10:30-11:30 (60 urte+), gimnasioa
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30, gimnasioa
Yoga | Astelehenetan, 18:30-20:00, gimnasioa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 17:45-18:45, gimnasioa
Arte eszenikoak (zirkua) | Ostegunetan, 17:00-18:30, eskola zaharrak
Informazio gehiagorako deitu 946 710 052 telefono zenbakira.
☉ Zaratamo
Arkotxako medikuaren etxe zaharra eraitsiko du Zaratamoko Udalak hurrengo asteetan
Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan

Erabilera faltagatik eta bertan behera utzita egoteagatik, Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan, Kultur Etxearen ondoan kokatutako medikuaren etxea eraitsiko du datozen egunetan.
Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan. Medikuaren etxea eraikitzeko proiektua 1959an sortu zuten eta eraikitzea 1961eko apirilaren 15eko udalbatzan onartu zuten. Obra 295.000 pesetetan adjudikatu zuten eta lanak 1962ko urtarrilaren 10ean hasi zituzten.
Etxeak hiru finantzazio iturri zituen: Espainiako estatuaren plan probintzialarena (150.000 peseta), Bizkaiko Diputazioarena (10.000 peseta) eta Zaratamoko Udalarena (50.000 peseta). Eraikina eraistearen zenbatekoa 22.990 eurokoa izango da: aurrekontua, proiektua eta obra zuzendaritzaren kostua 4.114 eurokoa da eta eraistea bera 18.876 eurokoa.
☉ Zaratamo
Zaratamo, esku pilotaren gotorleku Bizkaian: Elezkanoren eta Urrutikoetxearen ondoren, zer?
Zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna, eta zein bere orain arteko arrakastaren sekretua?

“Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon”. Danel Elezkanoren hitzak dira, joan den azaroaren 28an GEURIAri emandako elkarrizketan, eta ondo baino hobeto islatzen dute euskal kirol honek herrian betidanik izan duen errotzea.
Euskal Herriko txoko askotan futbola jaun eta jabe izan den bitartean, Zaratamon larruzko pilotak hartu du betidanik baloiaren tokia: Elizako kanpaiekin batera, frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izan da Elexaldeko auzotarren soinu banda belaunaldiz belaunaldi.
Adolfo Agirre Upo Mendi pilota eskolako entrenatzaile historikoak hiru hitzekin definitu zuen Zaratamo GEURIAn: “eskola, plaza eta frontoia”. Hiru elementuen arteko lotura agerikoa da, bere garaian eskola Elexaldeko plazaren alde batean baitzegoen, eta frontoia, aldiz, bestean. Mikel Urrutikoetxea bera ere ildo beretik aritu zitzaigun 2023ko elkarrizketa batean: “Eskola ere frontoitik hurbil geneukan eta jolastokiko tartea frontoian ematen genuen. Hor jaio zen nire zaletasuna. Zaletasuna piztu zitzaidan eta gaur egun arte iraun du”.
Pilotaren Galiar herrixkaren tankera hartu duen herri txiki honen nortasuna ulertzeko nahikoa litzateke datu bakarra nabarmentzea: joan den mendeko 60. eta 70. hamarkadan Zaratamokoa Bizkaiko frontoi estali bakarrenetarikoa zen, eta inguruko herrietako jende dexente hurbiltzen zen bertan esku pilotan edo palan aritzera.
Estalia bai, baina ez itxia; ohikoa zen pilotak frontoitik ihes egitea, inguruko ortuetan bukatzeko. Aukera baliatuta, Zaratamoko haurrek eta nerabeek azti jokatzen ikasi zuten, pilotariekin tratua eginez: pilotak batzen zituzten eskupeko baten truke.
Gerora, frontoia itxi eta harmaila eraiki zuten. Eskupekoak bukatu ziren, baina harmaila horietatik ikusi dute zaratamarrek euren pilotarien ospea handitzen, Urrutikoetxea-Elezkano bikoteak Hego Uribeko txoko ederra pilotazale guztien ahotan jarri duen arte.
Oraina eta geroa
Elezkano eta Urrutikoetxea ezagunenak diren arren, ez dira Zaratamoko pilotari profesional bakarrak izan. Esku pilotan Urkiza, Elorz eta Luke nabarmendu ziren bere garaian, eta palan Barandiaran, Zarraga, Morgado edo Kurto, besteak beste.
Talde mailan ere, ibilbide oparoa egina du Upo Mendik: Interpueblos txapelketa entzutetsuan protagonista izan da Zaratamo, 1974,1975 eta 2006ko txapelak irabazita. Bitxikeria moduan, Txemi Elorzen izena nabarmendu behar da: 1974ko eta… 2006ko txapelak irabazi zituen taldeen partaide izan da!
Zaratamoren izena Daneli eta Mikeli lotuta joan da ezinbestean azken hamarkada honetan. Behin Danelek erretiroa hartuta duela, eta Mikel hartzear dela, zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna?
Adolfo Agirreren elkarrizketara bueltatuz, atzoko eta gaurko kirolaren arteko alderaketa argia egiten zuen Upo Mendiko eskolako kirol arduradun ohiak: “Gaur egun ume askok gogotsu hasten dituzte esku-pilota klaseak, baina adinean aurrera egin ahala egoera zailtzen da. Baina denborak aurrera egin ahala ikasketetan murgiltzen dira, eta esku-pilota bigarren maila batean uzten dute. Gainera, gaur egun ez dut antzina ikusten nuen motibazio bera ikusten gazte gehienengan eta frontoian “mantentzea” zailagoa da”.
Mikel Urrutikoetxearen ikuspegia, aldiz, baikorragoa litzateke: “Afizio izugarria dago herrian eta pilota eskolak sendo aurrera jarraitzen du. Mutil ugari daude bertan eta, dagoeneko neskak ere ari direla esango nuke. Asko pozten naiz. Pilotarekiko zaletasunak bizirik jarraituko du herrian”.
Modu batean edo bestean, badirudi etorkizunean ere Elexalde auzoaren soinu banda frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izango dela, eta esaldi errepikatuena, honako hau: “erromatar hauek erotuta daude”.