→Hego Uribe

Juan Carlos Larizgoitia: “Gogoan dut arrantzara ere bazetozela Garaira. Amuarrain amerikarra egon ohi zen, baita karpak ere”

Etxerreko putzuan eta bere inguruan animalia asko ikusten zirela dio Juan Carlos Larizgoitia auzotarrak. “Ez zen toki izugarria, baina bazuen bere xarma”.

Garai putzuaren ondotik gidatu gaitu Juan Carlos Larizgoitia herritarrak // Geuria

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Juan Carlos Larizgoitia Ayesta (Arkotxa, 1962) Arkotxako bizilaguna da. Bertako Plásticos Irastorza lantegian lan egin zuen, eta orain “bizitza bizitzen” ari da. Garai eta Etxerre putzuak txikitatik ezagutu ditu eta adierazi du bertako paisaia aldatu egin dela: “Esaterako, lehen animalia gehiago ikusten ziren hemen inguruan, baina Bilbondo eta ondoko pabiloiak eraiki zituztenetik gero, gutxiago ikusten dira”, dio Larizgoitiak.

Garai putzuaz zer esango zenuke?
Putzu hau hemen ondoan zegoen etxaldean zeukaten aziendarentzako aska bat izango zela uste dut. Urte askotan untxiak, oiloak, txerriak eta behiak egon ziren etxaldean, eta mota guztietako animaliak izan zituzten. Gainera, hemen Garain iturburu txiki bat dago, eta uste dut iturburuaz baliatu zirela aska hori egiteko.

Juan Carlos Larizgoitiarekin Garai eta Etxerre inguruan / Geuria

Aldaketa asko izan ditu Garaiko putzuak?
Orain zuhaitz  gehiago daude Garaiko putzuaren inguruan. Lehen, zati hau ez zegoen zuhaitzez beteta, eta urteetan erabili ez denez, fisikoki aldatu egin da gune hau. eraikinek berdin jarraitzen dute, baina erortzeko zorian daude.

Etxerreren kasuan, uholdeen ondoren aldatu zuen itxura.
Etxerre, bere garaian, harrobi bat izan zen. Txikitan ezagutu nuen, baina handik gutxira funtzionatzeari utzi zion, eta bertan zegoen zuloa ikus zitekeen. Oso zulo handia zen: gaur egun ura daukan zatia eta estalita dagoena hartzen zituen zuloak. 1983ko uholdeen ondoren hondakin guztiak bota zituzten eta, horregatik, orain zati bat dago estalita.

Juan Carlos Larizgoitia / Geuria

Zaratamo eta Basauri artean dago Etxerre.
Bai. Zati bat Basaurikoa da eta beste zati bat Zaratamokoa. Zaratamoko zatia izan zen bete zutena, eta Basaurikoa da gaur egun urez beteta dagoena. Egia esan ez dakit zergatik ez zuten Basauriko zatia ere estali. Orain laku moduko bat dago. Ez da ur geldia, leku batetik ura erortzen delako eta beste batetik irteten delako. Ura etengabe dago isurian.

Etxerre eta Garai aisialdirako erabili al ziren?
Garairi dagokionean, etxaldeak funtzionatzeari utzi zionean, aisialdirako gune gisa erabili izan zen, bai. Gogoratzen dut bakar batzuk arrantzara ere bazetozela. Amuarrain amerikarra egon ohi zen, baita karpak ere. Orain ikusten denez, aspaldi ez da jenderik etortzen, eta arrain asko ere ez da ikusten.

Zein animalia mota ikus daitezke hemen inguruan?
Gaur egun, lehen baino animalia gutxiago ikusten dira. Ez dakit zergatik. Horrek pena handia ematen dit, egia esan. Lehen ez zen leku izugarria izango, baina asko galdu du. Bere xarma zuen, animalia gehiago ikusten ziren. Klima aldaketak eta Bilbondo eta ondoko pabiloiak eraikitzeak zerikusia izango zuen animalia gutxiago ikustearekin. Koartzaren bat ikus daiteke, zortea baduzu Martin arrantzaleren bat ere bai, zozoren bat, txori txikiak… Alegia, ikusten ohikoak direnak.

Juan Carlos Larizgoitiarekin Garai eta Etxerre inguruan / Geuria

Amerikanoari buruz galdetuko banizu.
Nik ezin dut asko kontatu. Entzun ditudan gauzak baino ez dira. Esaten denez, bere garaian elefanteak, tigreren bat eta tximuak egon ziren Arkotxan, Garairen inguruetan. Ez dakit nola iritsi ziren honaino, ezta zenbat denbora egon ziren ere. ‘Amerikanoa’ ezizenez ezaguna zena hemen bizi zen, Garain, baina hori duela urte asko izan zen. Eta imajinatzen dut bere lurrak Galdakaoraino iritsiko zirela, Rio Tinto lehergailu-enpresa zegoen tokiraino, baita Basauriko zati bateraino ere. Lur asko zituen ‘Amerikanoak’.

Gaur egun Bilbondoko inguruak hezeguneak baino ez ziren lehen.
Hala da. Bilbondo existitu aurretik hau hezegune bat zen, gero buztinezko harrobi antzeko bat egon zela gogoratzen dut. Gogoan dut eskolan geundenean hona etortzen ginela; buztinezko paretak zeuden eta pixka bat hartzen genuen iruditxoak, ontziak eta abar egiteko. Nik ez dut martxan ezagutu, edo ezagutu badut, ez dut gogoratzen. Gainerako guztia hezegunea zen. Adreiluak egiteko teilera bat ere izan zen Etxerreko goiko aldean, baina nik hori, esan dizudan bezala, gutxi ezagutu dut.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak