→Hego Uribe

Koldo Olabarri: “Elefanteak, tigreak, lehoiak, tximinoak eta hegazti exotikoak egon ziren Garain”

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan

Etxerre eta inguruan dituen Garai, Akortxa, Berriñe eta Zabalandi auzoen bilakaeraren berri izateko inguruko herritarren hitzak jaso ditugu. Hurrengo lerrootan Koldo Olabarri Arkotxako auzotarrarekin izandako solasaldiaren laburpena dago. Bonifacio López ‘Amerikanoa’ delakoaren istorioak kontatu ditu Koldok. Bere lorratza gaur egunera heldu da: Bonifacio López eskola baitzen Etxerre auzoan dagoen Eragintza zentroa.

Nor izan zen Amerikanoa?
Bonifacio López, ‘Amerikanoa’ ezizenez ezaguna, I. Mundu Gerraren garaian alemaniarren aliatua izan zen. Alemaniarrek eurek konfiskatu edo indarrez eskuratu zituzten ondasun batzuen testaferro izendatu zuten. Ondasunen artean Garai eta inguruko lursailak zeuden. Bonifaziok eremu horren jabe zela jakin zuenean, lursailen kargu egin zen eta bertara etorri zen. Alemanak ez zitzaizkion etorri ezer esatera lurrak bere egiteagatik.

Bonifacio Garain egin zuen etxe handi batean finkatu zen. Berarekin familia asko ekarri zituen, batez ere Galiziatik, meategietan lan egin ohi zuten familiak, eta kolonoak bezala izan zituen bere ardurapean. Tipo bitxia zen Bonifacio: kaiola erraldoi batzuk jarri zituen Garain eta elefanteak, tigreak, lehoiak, tximinoak eta hegazti exotikoak ekarri zituen. 1930eko hamarkadari buruz ari naiz, orain dela 90 urte. Hamarkada hartan mugimendu handiko gunea izan zen animali exotikoen zoo itxurako hura, baita Gerra Zibilean ere, baina 1945. urte inguruan gainbehera izan zuen eta, uste dut, 1950eko hamarkadan desagertu zela. Bonifaciok bere lursail gehienak Olabarria anaiei saldu zizkien, baita Jesus Bilbao zenari ere, bertan zeuden eraikin batzuk barne.

Txakur bat Zaratamora ekartzea erraza da; baina nola ekarri zuen elefante bat?
Ez dakit zehazki nola demontre heldu ziren animalia horiek guztiak Garaira, baina berak ekarri zituen. I. Mundu Gerran parte hatu zuen, handik harremanak izango zituen eta kamioietan etorriko ziren. Etxe ondoan arto-zelai handiak zituen, garia ere landatzen zuen, besteak beste, animaliak elikatzeko. Ibai aldera lantegiak zeuden, baina mendian basoak ziren nagusi eta animaliak bertan zeuden. Kaioletan zituen, kaiola erraldoietan. Orduko auzotarrek zioten ez zituela handik ateratzen. Baina mantentze-kostua handia omen zen eta, urteak aurrera joan ahala, animalien kaiola erraldoiak zahartu egin ziren. 1950eko hamarkadan animalia guztiak berriro eraman zituzten, ez dakit nora, baina ekarri zituzten moduan eraman zituzten.

Koldo Olabarri / Geuria

Harrigarria.
Animaliak asko gustatzen zitzaizkion. Zaldian ibiltzen zen askotan. Zaldi zuri batean ibiltzen zen inguruko larreetan. Bere jatorrietatik maite omen zituen animaliak eta horiek zaintzeko beharginak zituen. Istorio hauen tartean Pelayito Escribano zenaren izena behin baino gehiagotan agertzen zen garaiko nagusien artean. Escribano upategi baten arduraduna zen, gerora Galdakaoko futbol taldeko jokalaria ere izan zena. Kontua da Escribano animalien etxolen inguruan sarri ibiltzen zela lan batzuk egiten, Facundo Uriarteren bidez, Bonifacioren gertukoa zena. Behin tximino batek koska egin zion beso batean. Tira, ez zen ezer gertatu.

Nolakoa zen Bonifacioren inguruko bizitza hura?
Emaztea eta bi seme zituela kontatzen zuten garai hartan auzotarrek. Seme nagusiari Victortxu esaten zioten. Victortxuk disfuntzioren bat omen zeukan eta egunero irakasle bat zuen etxean. Bere anaia txikiarekin ondo moldatzen zen, jolastera ateratzeko, besteak beste. Baina anaia txikia ondoan ez zuenean larri ibiltzen omen zen. Izan ere, auzoan Facundo Uriarte zena zegoen, zorrotza oso, eta ez zien umeei uzten hara eta hona ibiltzen etxe ondoan, are gutxiago etxe barruan.

Etxetzarra handia zen, hainbat komun zituen, ondo jarriak, sukaldea, gelak, eta inguruko etxetxoak kolonoenak ziren, beraientzat lan egiten zutenak. Gainera, etxeko lanak egiten zizkioten zenbait neskame ere bazituen. Etxebizitza handiaren ondoan futbolean jokatzeko zelaia zegoen. Bertara joaten zirenei harrera ona egiten zien, etxebizitza ikusten zuten eta harrituta uzten zituen: logelak zituen altzariekin, komun dotoreak… Baina apurka-apurka dena desagertzen joan zen. Bonifazioren etxebizitza handi haren arrastoak oraindik ikus daitezke Garai auzoan.

Bonifacioren seme txikia, ikasketak amaitu ondoren, 1950aren inguruan, Zornotzara bizitzera joan zela esan zidaten, Larrea auzora, litekeena da ‘López jauregia’ izenekora joan izana. Garaikoek ziotena diotsut zuri, baina posible da hala izatea. Izan ere, garai hartan herri sarreran alemanek Valet izeneko lantegi handi bat zuten.

Ezer gutxiren truke lan handia egingo zuten auzotarrek zein urrundik etorritakoak.
Arkotxa inguruan ez zegoen ordainpeko lanik eta honek guztiak lana ekarri zuen. Auzotarrak pozik zeuden. Arkotxa, Garai eta Etxerre ingurua apurka-apurka hazten joan zen. Bonifacio Lópezen etorrerarekin, ondoren Olabarria anaien lantegiak, eta ostean harria lantzeko fabrika bat jarri zen bertan, meategi bat zen. Jende asko etorri zen bertara lanera, Etxerre inguruara. Teilak eta adreiluak egiten zituzten. Fabrika horrek jardunaren ondorioa da egun ezagutzen dugun Etxerre putzua.

Mendi-gune izatetik lantegi handiko gune izatera pasa ziren Etxerre, Garai, Zabalandi eta Akortxa bera ere. Egun asko aipa ditzakegu: Pradera zena, Firestone -egungo Bridgestone-, Ceplastica, Bilbondo bera… Lantegiez gain, berezitasun moduan moto-kross zirkuitua aipa dezakegu. Bilbondo saltokiaren atzeko aldean egin zuten, arrakasta handia izatekoa zen, baina erdi bidean geratu zen. Gaur egun salgai dago lursaila.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak