→Zaratamo

Marian Arin: “Nik dakidana aprobetxatu eta gero zoaz Ilargira! Denbora galtzen dugu egindako bidea ibiltzen”

Mendizalea da Marian Arin: mendia bizi du. Herritar aktiboa ere bada, borondatez josia herriari emateko prest. Patxadaz solasaldia ederra izan dugu berarekin.

Marian Arin / Geuria

Marimendi mendi taldearen bultzatzailea eta kidea, Euskara irakaslea, langile publikoa nekazaritza eta lanbide alorretan, Zaratamoko koruko abeslaria, zinegotzi bi urtez Gure Herria plataforman, Euskaraldia herri batzordeko kidea. Horiek dira Marian Arinen (Andoain, 1952) inguruan zerrendatu ditugun batzuk. Andoaindarra sortzez, ikasketak Bilbon egin zituen eta 32 urte daramatza Zaratamon bizitzen, Gurutzalde auzoan, mendiaren magalean. Gizarteko toki ezberdinetan eragile eta langile izan da Marian.

Hamabost urte bete dira Marimendiren sorreratik. Marimendi, Euskal Herriko emakumeen mendi taldea, edadeko emakumeen elkargune izan zena.
Erronka txiki bat izan zen hura, ez zen elkargune bezala jaio. Akzio konkretu bat egiteko jaio zen. Eta behin hasita, irautea pentsatu genuen. Emakumeak, 40 urtetik gorakoak, mendia. Mezua bisibilizatzea bilatzen genuen eta horregatik aukeratu genituen zailtasun handirik ez zuten mendiak. Euskal medioek asko lagundu ziguten, ikusgarritasuna eman ziguten.

Sarean dauden bideo batzuetan diozu “zerbait handia egin genuela pentsatu genuen. 20 emakume nagusi, 40 urtetik gorakoak, Mont Blanceko gainean, 2006an”. Hamalau urte beteko dira. Uztailaren 22an heldu zineten tontorrera. “Ez da balentria bat, baina bada zerbait handia, gure hizkuntzan, emakumeak, nagusiak, munduaren jabe, gainaren jabe”. Gero etorri ziren Elbrus sumendia Errusian (2008) eta Peruko Cordillera Blanca (2010).
Nire ideia bat izan zen. Ez da posible dena gizonez inguratuta egotea mendian. Gutun bat egin nuen eta gutun hori gizonen bidez helarazi nuen. Mendiko gizonekin nuen harremana nik: “Ezagutzen al duzue baten bat Gernikan?” galdetzen nien, eta batek “Ba bai, nik ezagutzen dut”. Felipe Uriarte mendigoizalearen bidez ere bai, berak agentzia bat duelako. Handik eta hemendik, helbide asko eman zizkidaten, eta zita bat jarri nuen: Zaratamon, azaroan, aste egun batean, arratsaldeko 19:00etan.

Zaratamon sortu zen Marimendi?
Bai, taberna zaharrean izan zen lehen zita. Bilbon geratuz gero, nola jakin nor datorren bilerara. Ez genuen gure artean elkar ezagutzen eta! Baina hemen erraza zen. Gogoan daukat oso goiz hurbildu nintzela zitara, nolabait pole position-ean egoteko, jendea sartu ahala ikusteko. Baina ni heldu orduko baziren batzuk bertan, agian gauza bera pentsatuta. Beraiek ere ez zekiten nork egiten zuen deia. Gerora askotan komentatu dugu: gure artean bazen gazteenetako bat oso emakume indartsua, eskalatzailea eta… hura izan balitz han aurkitu genuen lehena, agian gainontzekoak ez ginatekeen taldean geldituko! Ospa egingo genukeen!

Hemeretzi izan zineten.
Ez zen erraza izan. Gainera, abiapuntua ez zen aldez aurretik sortuta zegoen kuadrilla bat izan. Nik irailean zabaldu nuen gutuna, bilera azaroan deituz, hurrengo urtera begira. Ez nekien zenbat jende etorriko zen bilera hartara. Azkenean hamabi bat batu ginen eta hamabiak ez ginen animatu. Baina martxan hartzen hasi ginenean, gogoan dut irratian agertu ginela, Roge Blascoren irratsaioan. Eta hurrengo egunean Rogeri deitu zion batek gure telefono zenbakia eskatzeko. Beste batean, Euskadi Irratiko Aperitifa irratsaiora zuzenean deitu zuten, gu bertan geundela. Oso modu politean sortu zen taldea. Azkenean hemeretzi batu ginen Marimendin: Iruñekoak, Gasteizko bat, Oletako bat, Irungoa, Pasai-Donibane, Elgoibar, Gernika, Ondarroa…

Zaratamon mendi bueltak egingo dituzu.
Astegunetan egiten ditut. Asteburuetan gehienetan Pirinioetara joaten naiz. Segitzen dut mendian. Orain beste modura noa, gaztetako askatasun ideia horren beharrik ez dut, disfrutatzea bai. Hori da mendiak ematen didana. Joan den astean Saldropora joan ginen eta parkinga gainezka, jaungoiko maitea! Zoazte Otxarretara esan ziguten. Heldu eta Arralde aldera joatea erabaki genuen. Eta zein polita zegoen, pasada bat!

Marian Arin / Geuria

Eta denok mendi berdinetara goaz.
Fenomeno bat da hori, bai. Pirinioetan ere berdina gertatzen da. Hiru miletako mendietatik aparte, okzidentaletakoetan bi mendietan topatuko duzu jendea. Beste mendietan ez dago inor, bideak galtzen ari dira. Harrigarria da. Egia da informazio gehiago dagoela, adibidez, Anetori buruz, Aneto ondoko mendi ziztrin bati buruz baino. Hori egia da. Era berean, mendia kirolarekin lotzeak ekarri du hori. Mendira joatea ez da kirola, mendira joatea jarduna da. Kitto. Hor ez dago lehiarik eta kirolak lehia eskatzen du. Nire ustez kirola egitea da korrika egitea, zure gorputza mugara eramatea. Mendira beti joan gara pentsatuz igo eta jaisten zarenean, zerbait gertatuta ere, indarra behar duzula beste hainbeste egiteko. Orduan kontua zen ahalik eta gutxien nekatuta egitea buelta. Orain berriz dena eman behar da eta akituta heldu behar duzu behera. ‘Zure buruarekin lehian’ eta gaur egun esaten diren tontakeria horiek. Joan, disfrutatu eta buelta.

Kalean ezin da paseatu, orain korrika egin behar da.
Ematen du euskal gazteek politika abandonatu dutela eta orduan hartu dutela kirola! -barrezka-. Ez dakit.

Mendiaz gain, gizarteko hainbat eremu ezberdinetan mugitu izan zara eta mugitzen zara. Herri bizia, zahartze-aktiboa, herritar parte-hartzaileak, elkarguneen sorrera, belaunaldien arteko harremana… Hitz potoloak denak.
Belaunaldien arteko harremanak ez badira ematen gizarteak asko galtzen duela uste dut. Ondo legoke gure artean elkarri begiratzea. Beharbada guk berdina egin genuen. Gazteentzat edade batetik aurrera pertsonak ez dira existitzen. Musikarekin gertatzen zait niri: gazteek entzuten dutena gaur egun, rock and rolla edo bestelakoak. Taberna batean gure garaiko kanta bat jartzen dutenean, dantzatu edo abestu egiten duzu, eta gazte batzuek arraro begiratzen zaituzte, eta nik pentsatzen dut: “Aizu! Hau norbaitena baldin bada, gurea da!”. Ezezagutza bat dagoela sumatzen dut. Pena bat da. Herriko gauzak egiteko denon ikuspegia izatea oso aberatsa da. Euskaraldian, adibidez, adin guztietakoak gaude eta bilerak diferenteak dira. Oso gustagarria da.

Horrekin lotuta, nik uste dut gizartean alaba, ama, amona garela. Geure tokian jartzen gaitu bide horrek. Baina umerik egin ez dugunok hori galduta dugu. Guk urteak betetzen ditugu, besteek bezalaxe, baina guk ez daukagu buruan ‘bestea badator atzetik!’. Trenean sartzen gara pentsatuz pertsona bat garela, baina nire aldamenekoak ez du hori pentsatzen nitaz, ni edadeko emakume bat naizela pentsatzen du, berak nahi duen tokian jartzen nau. Nire ustez horrek sortzen du etena eta eten horren kontziente da umerik ez daukan jendea. Eta elkarguneak, sareak nahi dituzten asko umerik gabekoak direla esango nuke. Besteek sareak inguruan sortu dituztelako, prolearekin, eta proleak sortzen ditu bere kontradikzioak, arazoak, arazo horiek konpondu beharra…

Nik uste dut borondatea behar dela. Edadeko jende askok bere burua baztertzen du. Doala gizartea, nik nireak eginda nago. Zahartze-aktiboa nahi dut. Nire pentsamendua aldrebeskoa da: hainbat gauza egin ditut, beste morrontza batzuk eduki ditut, lanarena, adibidez. Orain ez daukat eta askoz libreagoa naiz gizarteari emateko nik ahal dudana. Lanean ari zarenean kultura kontsumitzen duzu, agian orain produzitzeko denbora gehiago duzu. Ni korura noa eta musika egiten dugu. Gazteek ere horrela ulertzen badute, kolaborazioa egon daitekeela euren aiton-amonen edadeko jendearekin, gauza onak egin daitezkeela uste dut.

Baina zuek zuen garaian egungo gazteek egiten duten berdina egiten zenuten?
Bereizketa handia zen orduan. Baserria existitzen zen garaiaz ari gara. Orain txaletak existitzen dira. Baserria eta kalearen artean bereizketa handia zegoen. Andoainen hazi naiz, kalean masa kritiko handia zuen herria, baita baserri asko ere. Baina nagusien eta gazteen arteko kolaborazioa bazegoen euskara eta euskal kulturaren munduan, politikaren munduan. Zaharrak baziren gerra egindakoak, 59ko greban parte hartutakoak eta horrek batzen zuen, ez agian militantzian zaharrak eta gazteak aukera ezberdinak eduki zituztelako, baina antzerkiak, eskola sozialak, elizak ere parte bazuen horretan. Baina tira, ez dakit zenbateraino egiten genien kasu. Egun, eskolaren hezkuntzak ez du asko bultzatzen kolaborazio hori. Badago ideia pedagogiko bat dioena norberak bilatu behar duela ideia, norberak pentsatu behar duela… Amerikanoei kopiatu diegula ematen du, eta tira, oso ondo iruditzen zait, baina norberak bilatu behar du denbora galdu gabe. Hau da, nik dakidana aprobetxatu eta gero hasi bilatzen zurea! Nik dakidana bilatzen hasi behar zara zu, denbora galtzen? Hori tontoa da! Aprobetxa ezazu! Eta gero zoaz Ilargira! Ni ez naiz Ilargira ailegatu, baina agian estratosferara heldu naiz. Zu hasiko zara estratosferara nola heldu ikertzen? Uste dut asko galtzen dela.

Ez bakarrik hezkuntzan…
Hizkuntza ere asko galtzen dela uste dut. Adibidez, auzoko bi neskatila eskolara doaz eta gurasoak ez dira euskaldunak. Konfinamenduko hiru hilabeteetan ikusi dut ume horiek ez dutela inorekin euskaraz berba egin. Pena eman dit euskarazko solasaldiak izateko sare bat ez sortu izanak. Toki handietan egon dira. Ikusi dut irakasleek lan handia egin dutela, etxeko leihotik ikusi egin dut, bertatik bertara. Era berean, uste dut eskolak kontutan eduki behar duela bere ingurua eta ez dut uste behar bezala aprobetxatzen duenik. Zaratamo moduko herri batean, gainera, erraza da: denok dakigu nork daukan euskaraz hitz egiteko ohitura, nork kultura jasoa… Gazteek eta nagusiek elkar ezagutzeko aukera egongo litzateke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak