→Zaratamo

Pasio Bizia antzeztuko dute berriro Arkotxan, urtebeteko etenaren ostean

Iazko etenaren ostean “indarberrituta eta ilusio handiarekin” itzuli direla aitortu du Jose Antonio Chica Gaztek-Abi elkarte antolatzaileko presidenteak. Entseguekin hasi dira dagoeneko.

Gaztek-Abi elkartea da Pasio Bizia antolatzearen arduraduna / Geuria

Iazko etenaren ostean “indarberrituta eta ilusio handiarekin” itzuli direla aitortu du Jose Antonio Chica Gaztek-Abi elkarte antolatzaileko presidenteak. Entseguekin hasi dira dagoeneko

Aste Santuko Pasio Bizia Arkotxara itzuliko da datorren urtean. Hala, iazko etena kenduta, 1965. urteaz geroztik Zaratamon urtero egin duten tradizioa berreskuratuko du Gaztek-Abi elkarteak. “Indarberrituta gatoz, ilusio handiarekin. Badirudi jendeak aspaldiko gogo eta konpromisoarekin eutsi diola Pasio Biziaren antolaketari”, azaldu du Jose Antonio Chica elkarteko presidenteak. Hain zuzen ere, herritarren “ilusio, gogo eta konpromiso faltagatik” erabaki zuten iaz antzezpena ez egitea: “Guztiok gogoko dugu Aste Santuko hitzordu hau, baina azken urteetan, lanean hasteko orduan, auzokideen konpromiso falta handia sumatzen genuen. Hausnarketa egiteko garaia zela pentsatu genuen eta hortaz, 2018ko antzezpena bertan behera uztea erabaki genuen”, gogoratu du Chicak.

Zentzu horretan, iazko etenak mesede egin diela aitortu du Gaztek-Abi elkarteko presidenteak: “Pasa den urteko hutsuneak barruak mugitu dizkigu gutako askori. Herritarrei zuzendutako ohartarazpena izan zen eta badirudi eragina izan duela. Antzezpen honek Zaratamon duen garrantziaz ohartu gara, baita horretan parte hartzen dugun pertsona bakoitzarentzat suposatzen duenaz. Arkotxako Pasio Bizia oso gauza handia da eta zaindu egin behar dugu”. Azaldu duenez, elkarteko kideek hastapenetako ilusioa sumatu dute herritarrengan: “Elkarrekin bazkaltzeko elkartu ginen eta jendea oso kon- prometituta ikusi genuen. Aurten berriro irtengo gara kalera. Erabat ziur gaude”.

Entseguen antolaketa berria

Nahiz eta iaz antzezpenik ez egin, Pasio Biziaren inguruan etengabe lan egiten ibili direla argitu du zaratamarrak: “Hura berreskuratu beharra zegoen, eta horretan aritu gara orain arte, berreskuratu arte”. Azaroaren hasieran hasi zituzten lehen entseguak, antolaketa berri batekin: “Bakoitza dagokion entsegura bakarrik joango da, eta antzezpenaren eguna hurbildu ahala, entsegu orokorrak egingo ditugu guztiok elkarrekin. Horrela erosoago ibiliko gara denok”, dio Chicak. Balmasedakoarekin eta Durangokoarekin batera, Bizkaiko On- dasun Kulturala da Arkotxako Pasio Bizia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak