→Zaratamo

San Bizente Arkotxan, tradizioak tradizio

San Bizenti eguna 2020 / Geuria

Txistu eta danbolinen soinu alai eta goxoek esnatu zuten Zaratamoko Arkotxa auzoa urtarrilaren 26an. Edozein igandetan bezala, lasai jaiki zen auzoa. Isiltasuna, ordea, laster bukatu zen, auzoan zer ospaturik bai baitzegoen: San Bizente eguna. Igandeak eguraldi hotza ekarri arren, lainoek ez zuten lortu eguzkia geldiarazterik, auzoko zaindariaren egunari argia emanez. Data urtarrilaren 22an duen San Bizente eguna ospatzen zuten herritarrek urtero lez. Hala ere, ahalik eta jende gehienak jaiaz disfrutatu ahal izateko, urteko lehen hilabetearen hirugarren asteko igandean ospatzea erabaki zuten. Horretarako hiru ekintza prestatu zituzten: txistularien kalejira, zaindariaren omenezko meza eta bertaratutakoentzat musikaz girotutako luntxa.

Ordulariak hamarrak eta erdi jo eta txistularien musika kale-kantoi guztietatik auzoko bazter guztietako etxeetara heldu zen. Ordurako, herritar goiztiarrenak kalean zeuden, zaindariaren omenez elizan eskainitako mezara bidean. Hala, pixkanaka-pixkanaka, Arkotxako San Bizente elizaren portikora heltzen hasi zen jendea. Apaiza ere han zen jadanik, eraikinaren ate handian euren esperoan. Hark, bitartean, hurbildutako eliztarrak agurtzen zituen, irribarretsu, barrura gonbidatuz. Berrogeita bost minutu inguru iraun zuen mezak.

Ondoren ateratzen hasi ziren bertatik, bikoteak, haurrak, familiak eta lagunak. Elizaren kanpoaldea jendez gainezka jarri zen berriro. Txistulariak erdigunean kokatu eta euskal doinu tradizionalek ingurunea bete zuten berriro ere, haurrak haien testigu, begiak haien eskuetan tinko eta belarriak erne. Auzokide batzuk hizketan ari ziren eta beste batzuk, ostera, meza ondorengo luntxa prestatzeko jardunean. Hala, minutuz minutu, denborak eta jai bereziak aurrera egin zuten. Eguerdiko hamabietarako, janariz betetako bi mahaik auzokideak erakarri zituzten: ogitarteko desberdinak, tortilla patata eta salda beroa.

San Bizenti eguna 2020 / Geuria

Dozenaka lagun mahaietan sakabanatzen hasi ziren, patroiaren egunean prestatutako azkeneko ekintzan. Horrela, beste hainbat minutuz ekin zioten jaiari. Jaten eta hizketan, barreak tarteka. Hala joan zen, beste urte batez, Arkotxako San Bizente eguna, tradizioak dozenaka lagun elkartuta egun eguzkitsu hartan. Egun polita. Lasaia. Giro ederrekoa. Nahiz eta, egia esanda, lainoek eguzkia geldiarazterik lortu ez zuten bezala, segur aski, euriak ere ez zukeen lortuko bizilagunak etxean geratzea. Tradizioak, tradizio.

San Bizenti eguna 2020 / Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak