→Galdakao

Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza botako dituzte Ibaizabal proiektuko hustubiderako

Abenduan botako diren blokeak // Geuria

Ibaizabal ibaiaren bideratze-lanen hirugarren fasean murgilduta (Galdakaoko Plazakoetxetik Zaratamoko Arkotxa auzora doana), etxegabetzeak egingo dituzte Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitzetan. Dagoeneko, hiru blokeetako etxebizitza bat, oinezkoen pasabidetik gertuen dagoena (arrosa kolorez margotutakoa), Zaratamoko udalerriari dagokio eta gaur egun oraindik irakurri daiteke “Sr Alcalde, no nos robe la propiedad” esaldia, fatxadan bertan margotuta.

“URA Euskal Agentziarekin batera gauzatuko ditugu Txomin egileor kaleko blokeen etxegabetzeak”, adierazi du Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak. “Urte osoan zehar negoziazioak egiten egon ostean adostasuna erdietsi dugu auzotarrekin eta akordioa hilabete bukaerarako sinatzea espero dugu”. Etxebizitzak abenduan zehar bota eta Ibaizabaleko ur bideraketaren obrak berehala hasiko direla jakinarazi du.

Abenduan zehar botako diren blokeak // Geuria

Hirugarren faseko inbertsioa

Guztira 11.000.000 euro bideratuko dira Ibaizabal ibaiko hustubideko hirugarren faseko lanetarako. Zaratamori baino Galdakaori eragiten dion proiektua dela argitu du Ugarrizak, helburu nagusia Galdakaoko Plazakoetxe eta Zuhatzu aldean bereziki uholdeak ekiditzea dela argituz. URA agentziak Zaratamoko aldeari eragiten dion gastuei aurre egingo diola azaldu du Ugarrizak, eta Galdakaoko zatiari dagozkionak herriak egingo diola. Proiektu honen beste emaitza bat aisialdirako gunea izango da, herritarren eskura lotuko dena.

Lehen eta bigarren faseak bukatuta, hirugarren fasea martxan jartzeko bospa sei urte eman direla azaldu du Alberto Ugarrizak eta proiektu osoak hamarkada bat baino gehiagoko iraupena izaten ari dela argitu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak