→Zaratamo

Beharrezkoak ez diren ura purifikatzeko tresna garestien salmenta egiten duen enpresa agertu da Zaratamon eta Arrigorriagan

Bilbao Bizkaia Ur partzuergoak ohartarazi du ur edangarria etxean purifikatzeko tresnak merkaturatzen dituen enpresa antzeman duela.

Iturri bat, Arrigorriagan // Geuria

Bilbao Bizkaia Ur partzuergoak ohartarazi du ur edangarria etxean purifikatzeko tresnak merkaturatzen dituen enpresa antzeman duela. Saltzen dituen tresna horiek dirutza balio dute eta gainera, erabilgarritasunik ez dutela adierazi du Ur Partzuergoak: “Instalazio horiek ez dira inondik inora beharrezkoak”.
Merkataritza-jardun horiek egiten ari den enpresa Barakaldon, Durangon, Portugaleten, Sondikan, Gatikan eta Mungian aritu da eta orain Zaratamo eta Arrigorriagara heldu dela ohartarazi du Ur Partzuergoak.

Ur Partzuergoaren kalitatea

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogoratu du bere jardun-eremuan urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan hornitzen duen uraren kalitatea bermatzen duela: “Hornidura-laborategiak ENAC ziurtagiria du, UNE-EN ISO/IEC 17025 araua betetzen duelako; bada, laborategi horretan urtean 10.200 lagin ur analizatzen da, hau da, guztira 250.000 parametro inguru. Hornidura-laborategi hori, gainera, Kontrol eta Zaintza Unitate moduan dago eratuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egiaztatzen du”.

Partzuergoaren arabera, urtegietako eta ibai-arroen kutsadura maila kontrolatzen dute, baita tratamendutegietara heltzen diren urak ere. Bertatik irteten den ura edangarria da: “Horrez gain, gordailuetan, banaketa-sareetan eta kontsumitzailearen txorrotetan dagoen uraren kalitatea kontrolatzen da eta haren jarraipena egiten da“.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak