→Zaratamo

Hilabete eman dute greba mugagabean Vulcanizados Zuloaga enpresan

Ekainaren 28az geroztik, greba mugagabean dira Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresako langileak. Madalena egunean elkarretaratzea egin dute Arrigorriagan. Bertan Eduardo Giménez langilearekin egin du berba GEURIAk: “Enpresako langile gehienek hilero 1.040 euro kobratzen dituzte. Prekarietate handia dugu, toxikotasuna handitzen ari da, baita langileen nekagarritasuna ere”.

Lehen lan hitzarmenaren alde borroka ari dira langileak: “Enpresako zuzendaritzari eskatu diogu hitzarmen propioa gurekin negoziatzeko. Langile gehienok hemen gaude, dagoeneko lau aste greban. Ematen du zuzendaritzak ez duela pausorik emango, baina tira, borrokan jarraituko dugu”. ELA sindikatuaren arabera, soldata baxuenak nabarmen hobetzea da langileen eskaerarik garrantzitsuena. Zuzendaritzak eskaintzak egin dituela baieztatu du sindikatuak, baina eskaintzak apalak izan direla.

Halaber, enpresa greba eskubidea urratzen ari dela salatu du ELAk. Izan ere, greban dauden langileak ordezkatzen ari da enpresa eta lantegiak martxan jarraitzen du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak