→Zaratamo

Alex Txikonek eta Unai Ormaetxeak hitzaldia eskainiko dute Zaratamon eta Arrigorriagan

‘Mundu Bat Motxilan, Alex Txikonen Menditazioak’ liburuaren ildotik, mendiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Alex Txikon mendizaleak, Unai Ormaetxea idazleak lagunduta, azaroaren 22an, Zaratamoko Elexaldeko kultur etxean, 19:00etan. Jarduera horretan, liburuarekin batera Alex Txikonen dokumentala proiektatu eta mendiaren aniztasunaren inguruko hitzaldia eskainiko dute. Ez da soilik filma eta Unai Ormaetxearen liburuaren aurkezpena izango; mendian bizitako esperientziaz baizik.

Dagoeneko, egun horretako goizean, Arrigorriagako institutura joango dira hizlariak, euren mezua batxillergoko gazteei eskaintzera: Dokumentala ikusi ostean Txikonen esperientzia zuzenean bizitzeko eta ‘Mundu bat motxilan’ liburua erosteko aukera izango dute gazteek.

Dokumentalaren frame bat // Alex Txikon

Mundu bat motxilan

Mundu bat motxilan liburuan Alex Txikonen menditazioak ezagutuko ditugu. Zeintzuk diren mendıra igotzeko motibazioak, zeinztuk kontuan hartzekoak: laguntasuna, enpatia, elkartasuna, taldea, errespetua… Garaipena ez dago gailurrean, bidean baizik. Bazatoz Txikonekin goraino?

“Liburu honetan Everestera joango gara Alex Txikonekin batera. Oxigeno barik eta negu betean heldu nahi du munduko gailurrera. Baina igoera horretan bere pentsamenduek erakutsiko digute mendia ez dela lehia, ez dela inorekiko erronka eta, aldiz, garrantzitsua dela zelan joaten garen, zerk bultzatzen gaituen, nola jokatzen dugun. Bidea urratu ahala bizitzaz, naturaz eta herriaz hamaika gogoeta, bizipen eta pasadizo azalduko zaizkigu. Mendia izan baitaiteke batera zoriontasuna eta sufrimendua, laguntasuna eta bakardadea, zirimola eta aingura, pizgarria eta motela. Dena bukatu eta hasten den lekua. Gazteentzako nahiz helduentzako liburu kitzikagarria. Testua Unai Ormaetxeak idatzi du eta ilustrazioak César Llagunorenak dira”. (Elkar argitaletxea)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak