Martxoaren 29an eta 30ean ospatuko da Arkotxa auzoan hain ezaguna den Pasio Biziaren antzezpena. Aurten 53. edizioa izango da eta aurreko urteetan bezala herritarren partaidetza zuzena izango du. 200 auzotar inguruk parte hartuko du Pasio Biziaren antzezpenean eta hura prestatzeko hilabeteetako lana egin dute partaideek.
Hilaren 29an, ostegunez, Azken Afariaren irudikapena egingo dute 19:00etatik aurrera Arkotxako elizan. Eta Pasio Biziaren jarduerarik garrantzitsuena, Gurutze-bidea, hilaren 30ean, ostiralez, izango da 11:00etatik aurrera. Azken honek hiru ordu inguruko iraupena du eta Arkotxa auzoko txokoetatik barrena mugiarazten ditu ikusleak: eliza kanpoaldeko landak eta plaza, Olagane parkea eta Santa Barbarako etxaldea. Iaz 700 pertsona inguru hurbildu ziren Arkotxako Pasio Bizia ikustera. Iazko argazkiak hemen ikusgai.
