→Zaratamo

Josean (Gaztek-Abi): “Gogotsu geunden Pasio Bizia Arkotxan berriro antzezteko, baina bertan behera utzi beharko dugu”

Iazko etenaren ondoren, entseguekin hasi zen berriro Gaztek-Abi elkartea Arkotxan Pasio Bizia antzezteko. Hala ere, koronabirusa dela eta, duela bi aste gelditu zituzten entseguak, antzezpena egingo zen edo ez jakin gabe.

2017ko Pasio Biziaren antzezpena // Argazkia: Geuria

Covid19 birusa gurean hedatzen hasi zenez geroztik, ekitaldi eta jarduera asko bertan behera utzi behar izan dituzte Hego Uribe eskualdean. Horren adibide da, Arkotxako Pasio Biziaren antzezpenaren entsegua. “Egoerak bultzatuta, duela bi aste gelditu genituen entseguak“, dio Jose Antonio Chica Gaztek-Abi elkarteko presidenteak. Hain zuzen ere, Gaztek-Abi elkartea da Arkotxako Pasio Biziaren antolatzailea eta, iazko etenaren ondoren, aurten berriro ekin zioten entseguei.

“Erantzukizun kontua da, eta egoerak aurrera egin ahala ezin izango da horrelako ekitaldirik egin. Aurten gogotsu geunden Pasio Bizia Arkotxan berriro antzezteko, baina gauza batzuk ezin dira kontrolatu, eta tamalez, bertan behera utzi beharko dugu“, dio Chicak: “Baliabide ekonomiko dezente genituen mahai gainean Pasio Bizia berriro antzezteko, eta azkenean ikusiko dugu zein egoeratan geratuko garen”. Aurtengo Aste Santua apirilaren 9tik 12ra bitartean izango da, eta Espainiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen konfinamendua apirilaren 12ra arte luzatu dutela.

Aurten bigarren urtea izango litzateke Arkotxan Pasio Bizirik ez dutena antzezten. Izan ere, iaz ez zuten antzeztu, “herritarren konpromiso faltagatik”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak