→Zaratamo

2,4 milioi euroko aurrekontua onartu berri du Zaratamoko udalbatzak

Joan den martxoaren 31n izandako udalbatzan 2022ko aurrekontua onartu zuten Zaratamon EH Bilduren baiezkoarekin eta EAJ eta Gure Herria Plataforma Independienteren (GHPI)ren abstentzioarekin

Arkotxako Santa Barbara auzoa // Geuria

Joan den martxoaren 31n izandako udalbatzan 2022ko aurrekontua onartu zuten Zaratamon EH Bilduren baiezkoarekin eta EAJ eta Gure Herria Plataforma Independienteren (GHPI)ren abstentzioarekin. Zaratamok 2.440.433 euroko behin-behineko aurrekontua itxi du 2022rako. Iazko aurrekontuegaz alderatuta, 2.408.688koa izan zen hasiera batean, eta behin betikoa 2.865.114,65ekoa.

Aurtengo proiektuak
Martxoaren 31ko Udalbatzan 2. kreditu gehigarria onartu zuten EH Bildu eta GHPIren aldeko botoekin eta EAJko abstentzioarekin. Kreditu gehigarri hori 235.687,63 eurokoa izango da, aurrekontuei gehitu beharrekoa, eta bertan ageri diren proiektuak barne hartzen ditu: “Gutioloko ur hornikuntzari dagokionez, 2014an Ur Partzuergoagaz akordio bat sinatu zuen garai hartako Udalak ur-horniduraren sarea konpontzeko”, azaldu dute Zaratamoko Udaleko ordezkariek. “Bigarren mailako sarearen ardura Udalarena berarena da. Garai hartan aurreikusi zen Gutiolo auzoan bigarren mailako sarea hedatzeko 32.000 euro behar zirela eta aurten burutu beharreko proiektua dugu”, argitu dute. Horrez gainera, diru-laguntza eskatu du Udalak Arkotxako elizan argindar eta kalefakzio sisteman hobekuntzak egiteko, besteak beste.
Beste proiektu aipagarri bat Arkotxako Santa Barbaran egin behar duten pasabidea da. “Gaur egungo zubia Santa Barbaragaz lotuko dugu zuzenean eta pasabidearen bidez gaur egungo errepide eta trenbide gainetik igarotzen den zubira helduko dira zuzenean”, zehaztu dute ordezkariek. Hasierako kreditua 166.558 eurokoa bazen ere, 2. kreditu gehigarriaren bidez beste 67.000 euro gehituko dituzte lanetarako eta obren zenbatekoa 233.558 eurokoa izango da.
Eskola edo hilerrian bezalako teilatuetan lanak egin behar direnerako bizi-lerroak jartzeko proiektua aipatu beharreko beste bat dugu. “Aspaldiko aldarrikapena dugu hau. Zuzenketa egon da eta orain arte kontuan hartu gabeko langileen segurtasunerako hartutako neurria dugu”, azaldu dute Udaletik, eraikin bakoitzeko 12.000 euroko inbertsioa dakarren proiektua dela gaineratuz.
Bestalde, momentura arte, jaiak, kultura eta euskararen inguruko jarduerak kudeatzeko 100.000 euroko partida zegoen, eta 2. kreditu gehigarriaren bidez beste 15.000 euroz hornitu du Zaratamoko Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak