→Zaratamo

Zaratamoko aurrekontua %3,95 handitu bada ere, betikoaren antzeko kopurua izango du Udalak

Zaratamoko aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren urtea dugu 2022a. Aurten, eta eskualdeko beste herrietan gertatu den bezalaxe, diru gehiago jasoko du Zaratamoko Udalak, %3,95 hain zuzen ere

Zaratamoko udaletxea // Geuria

Zaratamoko aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren urtea dugu 2022a. Aurten, eta eskualdeko beste herrietan gertatu den bezalaxe, diru gehiago jasoko du Zaratamoko Udalak, %3,95 hain zuzen ere: “Covidak eragindako pandemiak ez digu treguarik ematen eta ezin normaltasunez egin Udal-kudeaketa. Zailtasunak zailtasun, saiatu gara herriko zerbitzuak egoki mantentzen eta behar handiena dutenei modu berezian tratatzen”, azaldu du Zaratamoko Udalak. “2022ko aurrekontuan diru sarrera handiagoak izango ditugu eta %3,95 gehiago izango dugu erabiltzeko. Dena dela, zerbitzuen kostua handiagoa izango denez, inbertsioetako dirua betikoaren antzekoa izango da”.

Herritarren nahiak

Udalak, 2022ko aurrekontua onartu baino lehen, herritarren beharrak jakitea nahi du eta horretarako martxan jarri ditu aurrekontu parte-hartzaileak hirugarren urtez: “Udaleko diru publikoa eta herri interes orokorra uztartu nahi dugu eta Udalaren eta herritarren artean elkarlan parte-hartze kultura indartu behar dugu”. Hori dela eta, aurrekontuaren gastu ez-finkoak non eta zertan erabiltzeko proposamenak jaso ditzaten, idazkiak bidali ditu Zaratamoko Udalak herritarren etxeetara. Orrialde horietan hainbat esparru ageri dira: argiteria, hiri-altzariak, eraikin publikoa, hondakinak… herritarrek euren adina eta bizi diren auzoaren izenaz bete behar dituzte fitxa horiek, euren asmoak modu laburrean azalduz bertan.

Inprimakiak beteta, hurrengo postontzietan utzi beharko dituzte otsailaren 4a baino lehen:

  • Arkotxa: Kultur Etxean (17:00-20:00) eta Ongizate bulegoan (09:00-14:00)
  • Moiordineko liburutegian
  • Elexalde: udaletxean (09:00-14:00) eta Kultur Etxean (10:00-13:00 eta 17:00-20:00)

Proposamenak Udaleko webgunearen bidez egin izango dira ere.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak