→Zaratamo

Zaratamoko herritarrak Gure Ametsetako Jolastokiko asteburuko auzolanean parte-hartzeko deia egin dute eskolatik

Joan den astelehenetik oporretan dira Zaratamoko eskolako ikasleak eta uda hastear dagoela auzolan saio berria deitu dute Zaratamoko eskolatik orain arte egindako lanari jarraipena egiteko

Gurasoak eta haurrak, jolastokiko gurpilak margotzen // Geuria

Joan den astelehenetik oporretan dira Zaratamoko eskolako ikasleak eta uda hastear dagoela auzolan saio berria deitu dute Zaratamoko eskolatik orain arte egindako lanari jarraipena egiteko: “Duela hilabete batzuk momentura arte Gure Ametsetako Jolastokiaren ibilbideaz egindako ibilbideaz berba egin genuen ikasle, guraso eta irakasleen artean”, azaldu du Irati Azkueta Pujana eskolako guraso elkartetik.

Horrela, ikasleek beraiek egindako proposamenetan murgildu dira guraso elkartekoak ekainaren 24ko arrastian eta 25eko goizean egingo dituzten auzolan saioetarako eta herritarrak deitu dituzte. “Egun politak izango dira eskola komunitatea sendotu ahal izateko eta ikasle zein gurasoen arteko harremanak sendotzeko”, azaldu du Iratik. Lan gehienak aurreko urteetan sortu ziren proiektuak mantentzearen ingurukoak izango dira: “Haurren arabera tirolinaren inguruan putzuak sortzen dira egun euritsuetan eta horri irtenbidea eman beharko diogu, esaterako. Horregatik konponketa-lanak jarduera garrantzitsuak izango dira bariku arrastian eta zapatu goizean zehar”.

Proiektu berriak

Konponketa-lanez gainera proiektu berriak gauzatzeko asmoa dute guraso elkartetik eta aipagarrien artean zuhaitz-etxea egitea, haurreskolako umetxoentzako esperimentazio-mahaiak eraikitzea, lurreko jolasak margotzea, liburutegi eta eskulanak egiteko txokoa prestatzea eta eskola barruan rokodromoa eraikitzea, horma pintatuz eta eskalatzeko presak ipiniz.

Lan hauek, iaz bezala, umeak oporretan dauden bitartean burutuko dituzte, astia izatekotan. Denbora gehiago behar bada, auzolan saio gehiago prestatuko dituztela aurreratu dute guraso elkartetik. Azken eskola eguna joan den ekainaren 20an izan zen eta ospatzeko Akanpada Eguna egin zuten bertan: “Urte bi eman ditugu Akanpada Eguna egin barik eta oso gogotsu egon dira umeak”, azaldu du Azkuetak. Astelehenean, beti bezala, eskolara joan ziren ikasleak, baina amaierako txirrina jotzean hasi zen onena: guraso elkartekoek puzgarriak, jolasak, ikuskizunak eta familia-zozketak prestatu zituzten.

20:00ak aldera, zentroko irakasleak eskolara itzuli eta haurrekin elkartu ziren berriro, baina ez klaseak emateko; dantza, jolasak eta San Juan suak elkarrekin pizteko baizik: “Haurrek eskolan egin zuten lo, umetxoek nagusiek baino gehiago, eta hurrengo egunean, eskolan gosaldu ostean, gurasoak etorri ziren haurren bila”, gehitu du Azkuetak.

BIDEOA | ‘Ametsetako jolastokia’ auzolanean sortzen ari dira Zaratamo eskolan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak