→Zaratamo

Elexaldeko gimnasioa berriro zabalduko du Zaratamok, edukiera murritzarekin

Koronabirusa dela eta, udan zehar itxita egon da nagusiek kirol-jarduerak egiteko erabiltzen duten aretoa eta irailaren 20tik aurrera berrirekiko du Udalak.

Elexaldeko kultur-etxea // Geuria

Kirol-jarduerak urrian hasiko dituzte Zaratamon, irailaren 13tik 20ra izena eman ostean. Koronabirusa dela eta, iaztik itxita egon da nagusiek kirol-jarduerak egiteko erabiltzen duten aretoa eta irailaren 20tik aurrera berrirekiko du Udalak. Ordutegia astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak artekoa izango da. Aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango da: “Momentu honetan gimnasioa egokitzen ari gara leku itxia delako”, azaldu du Alberto Ugarriza alkateak. Berritasunen artean aire-arazgailua jarri du Udalak bertan: “Airea berriztatzeko eta C02a kontrolatzeko balio du jarri dugun gailuak”.

Hiru lagun aldi berean

Gimnasioaren edukiera murriztua izango da eta hiru lagunek baino ezin izango dira bertan aldi berean egon. Edukiera denbora errealean kontrolatu ahal izateko eta gimasiora alferrik ez joateko aplikazio informatiko baten bidez izena eman beharko dute erabiltzaileek, momentu horretan inor aretoan dagoen ala ez jakiteko. Ateak giltzatako baten bidez edo mugikorraren bidez ireki eta itxi ahal izango dira. Gailuak udaletxean eskatu beharko dira 09:00etatik 14:00ak arte.

Hidrogela, El Jaron // Geuria

Berritasun horiez gainera, gogoratu beharrekoa da higiene neurriak bete beharko dituztela erabiltzaile guztiek: musukoa jantzita eramatea, eskuan gela jartzea aretora sartu baino lehen eta ondoren, eta segurtasun distantzia mantentzea. Aldagelak itxita mantenduko dituztela gogorarazi die Udalak erabiltzaileei eta erabiltzaile bakoitzak eskupainu propioa eraman beharko du etxetik, eta makinak erabili ostean behar bezala garbitu beharko ditu bere kabuz.

 

Zaratamok ikasturte berriko kirol-jarduerak iragarri ditu

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak