→Zaratamo

Gazteentzako emantzipazio-programa abiarazi du Zaratamok

Elexaldeko etxebizitza // Geuria

Zaratamoko Udalak martxan jarri du Emantzipazio Programa herriko 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Guztira, Udal jabetzako Arkotxa, Elexalde eta Gurutzaldeko hiru etxebizitza jarriko dituzte alokairuan herriko gazteek gurasoen etxetik emanzipatzeko helburuagaz: Elexaldekoa (argazkian ikusgai) 001 V1 etxebizitza dugu eta logela bakarreko behe solairuko bizitokia da, kultur etxe ondoan kokatutakoa; 002 V3 etxebizitza Arkotxa auzoko 34. zenbakiko lehen solairuko etxebizitza dugu hiru logelakoa; Gurutzaldekoa, ostera, 003 V3a dugu. Gaur egun 60. zenbakiko lonja da eta eraberritu beharko litzateke apartamentuan bihurtzeko, eskariak hala eskatuko balu. Modu honetan, logela bakarreko behe solairuko etxebizitzan bihurtuko luke Udalak.

Logela bakarreko etxebizitzen kasuan, pertsona bakarraren kasuan, aukeratutako pertsonek 13.000 euroko diru-sarrerak badituzte (14 pagetan) 115 euroko alokairua ordaindu beharko dute. 13.000 euroak gainditu izanez gero, alokairua 16 eurokoa izango da. Bi pertsona izanez gero, diru-sarrerak 13.000 eta 19.000 euro bitartekoak badira, ordaindi beharreko alokairua 160 eurokoa izango da, eta diru-sarrerak 19.000 euroak gainditzen baditu, ordaindu beharreko alokairua 190 eurokoa izango da.

Elexaldeko etxebizitza // Zaratamoko Udala

Hiru logeletako etxebizitzen kasuan, bi edo hiru pertsona biziko badira bertan eta euren diru-sarrerak 18.000 eta 24.000 euro bitartekoak badira, 250 euroko alokairua izango dute. Diru-sarrera horiek 24.000 euroak gaindituz gero, alokairua 300 eurokoa izango da.

Arkotxako etxebizitza // Zaratamoko Udala

Programan parte hartzeko interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte

  • Zaratamon erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteak izatea, gutxienez bi urteko atzinatasun etengabeagaz eta Etxebiden izena emanda egotea
  • Alokairurako Bizikidetza-unitatetzat hartuko da 18 eta 35 urte bitarteko 2, 3 edo gehiago gazte, eta gehienez ere logela kopuru beste pertsona. Adingabeak ardurapean izan ditzakete
  • Etxebizitza-premia adieraztea: Pertsona guztiek egiaztatu beharko dute etxebizitzarik ez izatea jabetzan eta izena emanda egotea etxebizitza eskatzen duten pertsonen erregistroan, gazte Alokairuaren Programan
  • Gutxienezko diru-sarrera haztatuak 13.000 eurokoa izatea

Kontratuaren gutxieneko iraupena hiru (3) urtekoa izango da eta bost (5) urtekoa izatera luzatu ahal izango dute. Alokairu erregimeneko etxebizitza hauek esleitzeko zozketa bidez egingo dute aipatutako baldintza guztiak betetzen dituzten izena emandako lagun guztien artean. Zaratamoko Udalak Gazteentzako Emantzipazio-Programaren inguruko informazio guztia herritarren etxeetara posta bidez bidaliko du egun hauetan zehar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak