→Zaratamo

Enplegu-mahaia eratu dute Zaratamon, enpresen eta langabetuen artean harremanak errazteko

Langabezia-tasa % 11koa da Zaratamon. Egoera horri aurre egiteko, Enplegu-mahaia eratu berri dute Zaratamon, herrian enplegu aukerak hobetzeko, neurriak aplikatzeko, eta udalerriko langabeei enplegua lortzen laguntzeko. Mahaiaren helburua da Zaratamoko Udalaren, Lanbideren, herriko enpresen eta eragile sozialen arteko lankidetza koordinatzea eta enplegu politikak aktibatzea. Azken sei hilabeteetan lanean ibili dira Udala, Lanbide eta herriko zenbait enpresa dokumentuaren zirriborroa egiteko. Behin onartuta, lau urteko iraupena izango du Enplegu-mahaiak. 

“Enplegu-mahaia tresna bat da, subjektu guztiok erabil dezakeguna, industria-proiektu bakoitzean bete beharko liratekeen funtzioak hobetzeko”, dio Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak: “Enplegua gai indibidual gisa planteatu da. Langabetuak subjektu indibidualak izan dira eta enplegua bilatzea norbanakoaren ahalegina da momentu honetan: langabezian geratzen dena Lanbiden izena ematen du eta edo zain geratzen da edo berak bilatu behar du lana. Enpresa munduan ere antzeko zerbait gertatzen da: enpresak modu indibidualean eta partikularrean funtzionatzen dute herrian, bakoitza bere aldetik, bere proiektu industriala aurrera ateratzeko. Orduan, proiektu indibidual batetik proiektu kolektibo bat egitera pasatu gara Enpleguaren Mahaia eratuta”.

Lau urteko iraupena izango du Enplegu-mahaiak // Geuria

Enplegu-mahaian enpresen kolektiboak modu bateratuan parte hartuko du eta langabetuek erreferentzia kolektibo bat izango dute bai Lanbiden bai herrian dagoen “ehun industrial garrantzitsua” ezagutzeko: “Enpresa asko dago Zaratamon eta denak bateratuz gero haien proiektuak aurrera ateratzeko langileak modu errazagoan aurkitu ahal izango dituzte Enplegu-mahaiaren bitartez”, dio Ugarrizak.

Momentuz sei enpresa

Uztailaren 27an sinatu dute Enplegu-mahaiaren dokumentuaren zirriborroan Zaratamoko udaletxean. Bertan izan dira Alberto Ugarriza alkatea, Ostaiska Gabiria Enplegu arloko zinegotzia, Aitziber Cobo enplegu teknikaria, Luis Alberto Badosa Lanbideren ordezkaria, eta herriko zenbait enpresari: Kepa Uriarte (Juntas Besma eta Productos Salinas), German Etxebarria (Construcciones G. Etxebarria), Beñat Etxebarria (Etxekit), Alberto Mendieta (Talleres Mendieta) eta Gorka Iglesias eta Luisa (Parquets Nervion). “Zirriborroa behin sinatuta orain aukera izango dute herriko enpresa guztiek bat egiteko Enpleguaren Mahai honekin. Hemendik aurrera hasiko gara lanean gainerako enpresekin”, dio Ugarrizak. 

Irailetik aurrera Enplegu-mahaiak bete behar dituen funtzioak eta helburuak diseinatzen hasiko dira eragileak: “Egoeraren diagnostiko bat egingo dugu, eta diagnostiko horretatik abiatuta ahuleziak, aukerak edota mehaxuak aztertuko ditugu, eta hortik markatuko ditugu helburu operatibo batzuk: formazioak, enplegarritasuna, enpresek identifikatuko dituzte beraien beharrak haien proiektu industriala garatzeko, zein langile klase beharko duten, langabetuek ere aukera izango dute jakiteko zer behar dagoen herrian eta horren araberako formazioa jasoko dute, eta hezkuntza munduan ere parte hartuko dugu, hala nola, Lanbide Heziketan edota Institutuetan dauden herritarrek jakingo dute herrian zein aukera dauden lana aurkitzeko”, dio Ugarrizak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak