→Zaratamo

Hezkuntza ratioek eta garraio arauek Zaratamoko Eskolak bizi duen “egoera larria” zaildu dute

Zuzendaritzak, Guraso Elkarteak eta Udalak eskutitz bateratua helarazi diote Hezkuntza Sailburuordeari: gero eta umegutxiago dago eskolan eta ratioak Zaratamoko errealitatera egokitzea eskatzen dute, “kalitatezko heziketa” bermatzeko.

Gurutzalde auzoan dago Zaratamoko Eskola. Ehun ume inguru ari dira bertan aurtengo ikasturtean / Geuria

Eskola bakarra dago Zaratamon, publikoa, eta bertako matrikulazioek okerrera egindute azken urteetan. Gero eta ume gutxiago dago eskolan eta Hezkuntza Sailak ezarritako ratio eta arauek zaildu egiten dute haren berpiztea. Zuzendaritzak, Besopean Guraso Elkarteak eta Udalak bat egiten dute esatean eskolaren etorkizuna “kolokan” dagoela, eta honako arrazoiak aipatzen dituzte galera horren erdigunean.

 Lehena, garraio zerbitzuarena. Hedadura handiko herria da Zaratamo: auzo batetik bestera, batez beste, sei kilometroko distantzia dago. Eskola herriaren erdian dagokokatuta, ikasleen etxe gehienetatik distantzia handira, eta hortaz, beharrezkoa dute autobus zerbitzua. Garraio legeak baina, oinarri batzuk ezartzen ditu garraio zerbitzua bermatzeko, etxetik eskolara bi kilometro baino gehiagoko distantzia egotea, adibidez. Mendieta auzoko bizilagunek ez dute baldintza hori betetzen (1,3 kilometrotara daude), eta hortaz, ez dute garraiorako eskubiderik. “Aldapa luzeak dira Mendieta eta Gurutzalde artean, eta 20 minutuko bidea, errepidetik. Haurrek gurasoen eta auto baten laguntza behar dute halabeharrez”, azaldu du Alberto Ugarriza alkateak. Bi urteko gelako ikasleek ere garraio eskubidea ezbaian dutela dio Ugarrizak, Jaurlaritzaren dekretua dela eta ez dela: “Moiordin, Arkotxa eta sakabanatuta dauden baserrietan bizi diren balizko ikasleen gurasoei euren seme-alaben garraioa bermatu behar diegu, bestela, beste eskola baten aldeko hautua egingo dute, eta beste leku baten aldeko hautua eginez gero, ez dira berriro itzuliko”.

Bestetik, klase bakoitzean dagoen ume kopuruak eta ratio-sistemak “kalitatezko heziketa” zaildu egiten dutela azaldu du Ugarrizak. “100 umetatik 10ek hezkuntza premia berezia dute eta 15ek laguntza behar dute. Azken hauek behar duten laguntza ez du Hezkuntza Sailak bermatzen. Bestetik, Haur Hezkuntzako bi eta hiru urteko geletan 16 ume daude batuta, horietako batzuk oso txikiak izanik. Ez dugu uste andereño bakar batek kalitatezko heziketa eskaini dezakeenik hainbeste umerekin. Gauza bera Lehen Hezkuntzako 1. eta 2.mailan. Ratioak aplikatuta (21 ikasle behar dira gutxienez taldea bi klasetan banatzeko), 20 ume daude gela bakoitzean, kontutan eduki barik horietako bostek laguntza berezia behar dutela eta beste ume batek hizkuntza ikasteko murgiltze prozesua behar duela, kanpotik etorritakoa baita”, azaldu du alkateak.

Eskolaren eskakizunak

Aurretik aipatutakoak kontuan hartuta, eskola zuzendaritzak, Besopean Guraso Elkarteak eta Udalak eskutitz bateratua bidali diote Hezkuntza Sailburuordeari, hurrengo eskakizunekin: Lehen Hezkuntzako 1. eta2. mailako gelak banatzea, “umeen kalitatezko heziketa bermatzeko eta A eredutik datozenei hizkuntza murgiltze-prozesu egokia eskaini ahal izateko”; laguntza behar duten Haur Hezkuntzako bi eta hiru urteko umeei eta Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako ikasleei behar duten errefortzua eskaintzea; eta Zaratamoko ezaugarri geografko eta soziodemografkoak kontuan hartuta, ikasle guztiak kontuan hartuko dituen garraio-zerbitzua eskaintzea. Momentuz ez dute Hezkuntza Sailetik erantzunik jaso. “Jakin badakigu ratio eta arau hauek moldatzea ez dela erraza izango, baina Udala prest dago beharrezkoak diren gainkostuak eta erantzukizunak beregain hartzeko. Irtenbiderik bilatu ezean, eskola publikoko matrikulazioek behera egiten jarraituko dute, eta joera hau luzaro mantenduz gero, baliteke Zaratamoko eskola publikoa desagertzea, joan den mendeko 80ko hamarkadan Arkotxako eskolarekin gertatu zen bezala. Ezin dugu hori onartu”, dio Ugarrizak. Moiordin eta Arkotxako ikasle askok Arrigorriaga eta Galdakaoko eskolak hautatzen dituzte egun; Elexaldeko askok, berriz, Lauaxeta Ikastola.
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak