→Zaratamo

Gazteentzako hiru etxebizitza alokairuan jarriko ditu Zaratamoko Udalak

Gazteentzako udal etxebizitzak alokairu sozialean jartzeko ordenantza onartu du aho batez Zaratamoko udalbatzak.

Gurutzalde 60, Elexalde 1 eta Arkotxa 34 dira Udalak alokairuan jarriko dituen etxebizitzak // Google

Gazteentzako udal etxebizitzak alokairu sozialean jartzeko ordenantza onartu du aho batez Zaratamoko udalbatzak. Ordenantza horren xedea da Zaratamoko Udalaren jabetzako etxebizitzen errentamendua arautzea, “18-35 urte bitarteko gazteei bizitoki iragankor bat emateko eta emantzipatzen laguntzeko”, dio Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

“Prozedura administratiboa martxan dago. Orain arte webgunean egon da ordenantzaren lehen zirriborroa herritarrek ekarpenak eta iruzkinak egin ditzaten, eta orain, udalbatzak onartuta, Bizkaiko Boletin Ofizialean argitaratuko dugu. Boletinean legezko epea pasatuta alegaziorik ez badago, udalbatzan behin betiko onarpena emango zaio eta indarrean sartuko da”, dio Ugarrizak.

Hasteko, hiru etxebizitza jarriko dituzte alokairuan (Gurutzalde 60, Elexalde 1 eta Arkotxa 34) eta horiek prestatzen ari da Udala: “Irailean Arkotxako etxebizitza konpontzen hasiko gara eta Udalaren lonja bat etxebizitza bihurtzeko proiektua onartuko dugu. Beste apartamentua alokatzeko prest dago. Hirurak prest ditugunean esleituko ditugu”, dio Ugarrizak. Arkotxakoak hiru logela ditu eta beste biak logela bakarreko apartamentuak dira.

Alokairu-programan izena eman nahi dutenek eskaera aurkeztu behar dute Zaratamoko udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Eskatzaileek Zaratamon erroldatuta egon beharko dute, eta gutxieneko eta gehieneko diru sarrera gordinak zehaztu beharko dituzte. Hain zuzen ere, diru sarrera gordinen arabera alokairuaren prezioa kalkulatuko dute (115 eta 300 euro artean). Kontratuaren gutxieneko iraupena hiru urtekoa izango da, eta bost urtera arte luzatu ahal izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak