→Zaratamo

Bertan behera utzi dute Zaratamoko Euskararen Eguneko ekitaldia

Zaratamoko Udalak bertan behera utzi du abenduaren 3an Elexaldeko kultur etxean egin behar zuen Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldia

Zaratamoko udaletxea // Geuria

Zaratamoko Udalak bertan behera utzi du abenduaren 3an Elexaldeko kultur etxean egin behar zuen Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldia. “Positibo kopuru dexente agertzen hasi da herrian”, azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Euskararen Nazioarteko egunean Euskaraldiko bideoak proiektatuko zituzten Elexaldeko kultur etxean. Horrez gainera, eta kantuekin batera Zaratamon euskararen erabilera arautuko duen ordenantzaren lehen zirriborroa eta berau osatzeko prozesua aurkeztuko zuten bertan. Ekitaldira 20 lagun inguru joatekoak ziren, “baina egoera nolakoa den ikusita eta osasun arazoak saihesteko, ekitaldia bertan behera uztea pentsatu dugu”, azaldu du Alberto Ugarriza alkateak.

Egoera horren aurrean, hasiera batean Udal txokoan egin beharreko ‘mokautxue’ soilik bertan behera uztearen aukeran pentsatu zuen Zaratamoko Udalak “baina azken asteetako eguraldiak ez du laguntzen ekitaldia beste inon antolatzeko”. Horren ordez, abenduaren 3an musika jarriko dute udaletxeko balkoitik eta ‘Euskaraz bizi gura dot’ pankarta berria jarriko dutela azaldu dute. Gainera, euskararen erabilera arautuko duen ordenantzaren lehen zirriborroa argitaratuko dute Udaleko sare sozialen bidez.

Zaratamoko euskararen erabileraren lehen zirriborroa aurkeztuko dute Euskararen Egunean

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak