→Zaratamo

Zaratamo euskaraz | Karlos Zarraga: “Duela 100 urte Arkotxako gazteek euskaraz egiten zuten”

Karlos Zarragak ez du euskararik gabeko gizarterik ulertzen: 75 urteko Elexaldeko auzotarraren etxean ez da erdarako berbarik sekula entzun.

Karlos Zarraga Ellakuria / Geuria

Arnasgune izatetik itogune izatera. Aitziber Cobo eta Karlos Zarraga Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetako euskararen bi adierazle dira. Biekin egon gara euskarak Zaratamon izan duen bilakaeraz eta etorkizunaz berba egiten. Aitziber Cobo Martinez: “Haurrak dira euskararen erabileraren itxaropena Arkotxan”  /  Karlos Zarraga Ellakuria: “Duela 100 urte Arkotxako gazteek euskaraz egiten zuten”

Elexalde atzeko Etxezuri baserrian jaio eta 29 urtez bizi izan zen Karlos Zarraga Ellakuria (Zaratamo, 1946), ezkondu arte. Magisteritza ikasketak bukatu eta zenbait lanetan ibili ostean, euskal kulturgintzara salto egin zuen eta euskal liburuen artean ia 40 urte eman ditu. Etxean ez da erdararik sekula egin: ezkondu baino lehen, baserrian beti euskaraz berba egiten zuten berak eta bere senideek. Zarragak hurbiletik bizi izan du euskararen garapena Zaratamon, bai Elexalden, bai Arkotxan.

Bizimodua euskararen inguruan eraiki duzu, Karlos. Bai, euskarazko liburuen eta orokorrean euskal gaiaren arduraduna izan naiz Elkar liburu-dendan.

Zer nolako garrantzia dauka gure hizkuntzak Zaratamon? Niretzat, berebizikoa: euskaldun jaio nintzen, euskaldun hazi, euskaraz bizi naiz eta bizi gura dut. Euskara barik ez nuke gura bizi.

Nolakoa da euskararen egoera Elexalden? Gehienok badakigu euskaraz berba egiten, baina esan beharrekoa da erabilera asko galdu dela azken urteetan.

Nola ikasi zenuen euskaraz berba egiten? Eskolan hasi nintzenean nik ez nekien erdaraz berba egiten. Eskolan ikasi nuen. Klaseak bukatzean edo jolasaldian bertan, gogoratzen dut lagunartean euskaraz egiten genuela.

Eta zer gertatu da orain? Alderantzizkoa gertatu da: umeak ikastolara doaz, eta bertan euskaraz egiten dute. Baina jolas-ordua edo eskolaz kanpoko jarduerak heltzen direnean erdaraz mintzatzen dira. Euskaraz mintzatzeko ohitura galdu dela dirudi.

Zer gertatu ote da egoera honetara heltzeko? Nik uste dut haurrek etxean ikusten duten hori errepikatzen dutela. Badirudi norbait egon behar duela gaztelaniaz egiten duten ume horien ondoan, euskaldunak izanik euren ama hizkuntza erabiltzera bultzatuko dituena, inor behartu gabe betiere.

Elexalde eta Arkotxa, Zaratamoko auzo bi izanik, zergatik dira hain ezberdinak euskararen erabilerari dagokionez? Elexalde baserriz osatutako esparru zabala dugu. Nik uste dut horregatik mantendu dela hobeto euskara gure auzunean. Arkotxan, ostera, 1920an eskola berriak eraiki zituzten. Ordura arte ez zegoen inolako eskolarik. Bizkaiko Foru Aldundikoek gutuna bidali zuten Zaratamoko Udalera, eskola hartan irakasle euskaldunak edo erdaldunak nahiago zituzten galdetuz. Udalak irakasle euskaldunen aldeko erantzuna eman zion Foru Aldundiari. Ordura arte, Arkotxa auzoko gazteek euskaraz egiten zuten berbaz, duela 100 urte etxe berririk eraiki ez zelako auzo hartan.

Eta nola heldu zen erdara Arkotxara? Bada, Praderenako etxe zurien auzoa eraiki zen, eta alboan Andaluzia eta Extremaduratik etorritako Dinamita enpresako langileen eraikinak. Kanpoko jendea etxebizitza horietara bizitzera etorri zenean agertu zen erdara Arkotxan. Horiez gain, erdaraz egiten zuten langileak (euskal herritarrak barne) etorri ziren bizitzera auzora: Basauritik euskara galduta zeukaten langileak… eta auzoa astiro-astiro erdaraz kutsatzen joan zen.

Inportantea da euskara auzo bietan indartsu haztea. Gure hizkuntza euskara da eta guk geurea egin beharko dugu. Elexalden, Arkotxan, Gutiolon, Moiordinen… edozein auzotan euskaraz egin beharko lukete bertakoek. Herri euskalduna izan da Zaratamo, eta euskara galtzen joan bada ere horixe da gure esentzia. Garrantzi izugarria dauka nire ama hizkuntzak, eta euskararen aldeko edozein ekimen egiten den bakoitzean bertan izango naiz beti.

Nolakoa izan zen Euskaraldia Zaratamon? Elexalden ez ezik Arkotxan ere izan ginen eta bertako auzotarrekin egon ginen, euskaraz egitera bultzatuz. Hainbat ekitaldi egin genituen auzunez auzune.

Nork esango zigun Euskaraldia bezalako ekimen hau beharrezko izango genuela XXI. mendean… Ez nukeen sekula pentsatuko, egia esan. Baina bizi dugun egoera horrelakoa da eta zoritxarrez euskararen erabilera gutxituz doa. Bat egin behar dugu euskararen erabilerari bultzada erraldoia emateko.

Nola berreskuratu daiteke momentura arte galdutako euskara? Ohitura berreskuratuz. Euskaraz mintzatu naiz bizitza osoan zehar, gurasoekin, emaztearekin eta semeekin euskaraz egin dut betidanik. Horrela izanik, gure hizkuntzaren transmisioa bermatuko genuke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak