→Zaratamo

Mikel Urrutikoetxea: «Jendeak partidan jokatutakoa ikusten du; ez aurretik egindako lan guztia»

Udako oporren atarian eta esku pilotako denboraldiko txapelketa nagusiak bukatuta, Mikel Urrutikoetxea Azkueta (Zaratamo, 1989) pilotariagaz batu gara, aurtengo denboraldiaren balantzea egiteko eta zaratamarraren orain arteko ibilaldia eta aurretik dituen urteak perspektiban jartzeko

Mikel Urrutikoetxea // Geuria

Udako oporren atarian eta esku pilotako denboraldiko txapelketa nagusiak bukatuta, Mikel Urrutikoetxea Azkueta (Zaratamo, 1989) pilotariagaz batu gara, aurtengo denboraldiaren balantzea egiteko eta zaratamarraren orain arteko ibilaldia eta aurretik dituen urteak perspektiban jartzeko. Urrutikoetxea Zaratamoko harrobiak erditu duen diziplina anitzeko pilotaria dugu: eskuz banakakoan, binakakoan eta lau eta erdikoan eroso baino erosoago ibilitakoa eta hiru diziplina horietan txapela eskuratu duen zazpi pilotarietako bat dugu, eta lehen bizkaitarra.
Elexaldeko frontoira eraman gaitu Mikelek. Ume garaian eskolako atsedenaldiak bertan ematen zituela esan digu, 33 urte bete berri dituen pilotariak. Beti adi, zintzo eta prest. Azken denboraldi honen emaitzak onak izan ez diren arren, hurrengo txapelak irabazteko gogotsu azaldu da. Izan ere, ikasturtearen balantze positiboa egiten du. Eta ondo arrazoitu ere.

Uda heldu da, Mikel. Nolako denboraldia itxi duzu aurten? Azken urteko ibilera ikusi ostean, uste dut balantzea nahiko positiboa izan dela. Emaitzei begira ez da oso ona izan, baina nire sentsazioei begira, hobeto ikusten dut nire burua. Esaterako, eskuz binakakoan nahiko gustura ibili nintzen. Pena izan zen final aurreko ligaxkan ez sartzea. Buruz burukoan, bestalde, ondo entrenatzen ari nintzen baina gastroenteritisa jota ezin izan nuen maila gorena eman. Orokorrean onak dira sentsazioak. Pozik nago eta, nire ustez, hau da jarraitu beharreko bidea. Udari begira, pilotari askori gustatzen zaizkigun txapelketak eta partida asko datoz: konfiantza hartzeko garrantzitsua da beti partida horiek jokatzea.

Darioren aurka, apirilean, Labastidan jokatutako partida gogorra izan zen, gero. Kolpe gogorra izan zen. Azken batean, ondo prestatuta heldu nintzen partidara, egin beharreko guztiak eginda. Entrenamendu saioetako sentsazioak ere oso onak ziren, azken urteetako onenetarikoak, buruz buru. Aste hura txarra izan zen niretzat, eta partidan ondo jokatzeko itxaropena banuen ere ez zen posible izan. Eta egia esateko, kolpe gogorra da den-dena partida batean jokatzen denean. Jendeak normalean partidan jokatutakoa ikusten du; ez du momentu horretara arte egindako lana ikusten. Normala da, ordea.

Akatsetatik ikasteko aukera dago beti. Zuk, garaipenetatik ere ikasi duzula esango nuke. Hala da, asko ikasten da beti. Txapelketak irabazi edo momentu txarrak bizitzera ohituta gaude. Era honetako kolpeak jasotzen direnean, garrantzitsuena gertatutakoa ahalik eta lasterren ahaztu eta lana egiten jarraitzea da.

33 urte bete dituzu. Baduzu oraindik pilota urte mordoa aurretik, baina irakurle gazteek jakin dezaten, nola hasi zinen esku pilotan? Sei urte inguru nituela hasi nintzen pelotan jokatzen. Herrian oso ondo funtzionatzen zuen pilota eskola bat zegoen eta herriko gazte gehienok, nire lagun gehienak ere bai, bertan izena eman genuen. Eskola ere frontoitik hurbil geneukan eta jolastokiko tartea frontoian ematen genuen. Hor jaio zen nire zaletasuna. Zaletasuna piztu zitzaidan eta gaur egun arte iraun du, eta bizirik dut pasio hori.

Debutaren eguna gogoan duzu? Sekula ahaztuko ez dudan eguna izan zen hura. Umetako ametsa zen esku pilotako maila gorenera iristea, maila profesionalera. 2009an Asegarcek aukera hori eman zidan. Partida hura Arrigorriagan jokatu nuen, etxetik gertu. Inguruko herrietako jende piloa hurbildu zen bertara. Esperientzia ahaztezina izan zen hura niretzat.

Nolako erreferenteak zenituen garai hartan? Aimar Olaizola betidanik izan da erreferentea niretzat. 15 urte nituela berarekin jokatzeko aukera izan nuen lehen aldiz. Izugarria izan zen. Harrezkeroztik, ordu mordoa sartu ditugu frontoian elkarrekin. Oso harreman ona dut Aimarrekin.

Nolako garapena izan duzu hasi zinenetik gaur egun arte? Lehen urteetan asko kostatu zitzaidan maila profesionalera salto egitea. Bertan lehen mailako jokalari onenak zeuden eta horietako bat izatea ez da batere erraza. Gainera, joko-materiala ere berria zen niretzat eta eskuetan arazo ugari izan nituen. Partidak asko gogortu ziren. 2013an nire lehen finalaurrekoa jokatu nuen buruz buru. Orduan hasi nintzen nigan sinisten. 2016an lehen mailako txapelak heldu ziren, den-denak jarraian. Ordutik, zazpi final jokatu ditut. Beraz, perspektibaz ikusita, hasieran moldaketa fasea bizi izan nuen, 23 edo 24 urterekin konfiantza hartuz joan nintzen, gaur egun arte.

Hiru modalitateetan ondo baino hobeto moldatutako pilotaria zaitugu. Ba al dago erosoago sentitzen zaren modalitaterik? Oso gustura sentitu naiz hiruretan beti. Eskuz banakakoan, Lau eta erdikoan zein eskuz binakakoan eroso nago beti. Dagoeneko, normalean aurrelari bezala jokatzen badut, eskuz binakakoak atzelari bezala jokatu dut ere. Azken urteetan eskuz banakakoan pixka bat kostatu bazait ere, frontoian eroso nago beti.

Aurrelaria izanda, atzelari bezala jokatu eta txapela eskuratu duen pilotari bakarra zara. Nork esango luke! Egia da profesionaletan aritu baino lehen atzelari bezala jokatzen nuela. Baina profesionaletan, Aimarrekin jokatzeko aukera eman zidaten. Esperientzia berria izan arren, ezin hobeto irten zen, zorionez. Binaka jokatu ditudan final biak atzelari bezala jokatu ditut.

Zaratamok pilotarekiko zaletasuna mantentzen du? Afizio izugarria dago herrian eta pilota eskolak sendo aurrera jarraitzen du. Mutil ugari daude bertan eta, dagoeneko neskak ere ari direla esango nuke. Asko pozten naiz. Pilotarekiko zaletasuna bizirik jarraituko du herrian.

Herri berezia esku pilotan, Zaratamo. Danel ere bertakoa da. Denbora asko ematen dut herrian. Herrigunetik kilometro erdira bizi naiz eta plazara askotan nator. Orain alaba daukagu eta plazan ordu asko ematen ditugu, bere adineko neska-mutilekin.
Danel Diman bizi da. Gaztetan ordu asko eman genituen frontoian […]
elkarrekin. Harreman estua ez dugu.

Etorkizunera begira non ikusten duzu zeure burua? Egia esateko, ez dut oraindik pentsatu. Buru-belarri nabil esku pilotan eta, bestelako proiektuak buruan baditut ere, orain nire burua frontoietan ikusten dut lehen eguneko ilusio beragaz. Beraz, gogor entrenatzen jarraituko dut, ea txapelak berriro datozen!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak