Sareak

☉ Zaratamo

Mikela Zarragak antzinako Arimen Gauaren inguruko hitzaldia egin du Zaratamoko eskolan

Mikela Zarraga Ellakuriak (Zaratamo, 1939) Arimen Gauaren inguruko hitzaldia eskaini die Zaratamoko eskolako gaztetxoei, Gau Beltzaren atarian egonik.

|

Mikela Zarraga, eskolan // Geuria

Mikela Zarraga Ellakuriak (Zaratamo, 1939) Arimen Gauaren inguruko hitzaldia eskaini die Zaratamoko eskolako gaztetxoei, Gau Beltzaren atarian egonik. Mikela, txikia zenean Zaratamoko ortuetatik kalabazak hartu eta lagunekin batera apaintzen zituen, herriko zenbait bazterretan uzteko: Elexaldeko sarreran, eleizako arkupean… “Garai hartan  ez zegoen gaur besteko argiztapenik herrian”, azaldu die Elexaldeko andreak haurrei. “Antzina farola bi baino ez zeuden Zaratamon, eta iluntasuna nagusi zen. Guk kalabazak hustu eta kandelak jartzen genizkien barruan, aho, begi eta buruko aldean ebaki batzuk egin ostean, auzotarrei sustoak emateko”.

Arimen Gauaz batera, garai hartako bizimodua birgogoratu du klaseak eskainitako masterclassean: duela 80 urteko bizitza, hezkuntza… “Zaratamon telefono bakarra zegoen eta herritarrak leku berera jo behar genuen telefono dei sinple bat egiteko”. Haurrek harrituta entzun dituzte andraren istorio guztiak: “Okela erostera Arkotxara joan ohi ginen, domekako bazkarirako. Bestela, gainontzeko guztia etxeko ortutik eskuratzen genuen: etxean ez geneukan urdaiazpikorik edo yogurrik, ezta pizzarik ere; porruslada zen jaten genuena, baita taloak ere”. Hitzaldian zehar, ikasleen galderak erantzun ditu 82 urteko emakumeak: “‘Truco o trato’ delakora jolasten zenuten elkarren artean?”, galdetu dio ikasle gazte batek: “‘Truco o trato?’ gu kordelekin jostatzen ginen txikitan: ez genituen mozorroak janzten ezta karamelurik jaten bez; horretarako karnabalak eta bestelako jaiak ospatzen genituen herrian!”.

Mikela, baserriko ortuan // Geuria

Gaztetxoentzako jarduerez betetako Gau Beltza helduko da Zaratamoko Elexalde eta Arkotxara

☉ Zaratamo

Gutioloko ur-hornidura konpondu du Zaratamok herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko

Proiektuaren aurrekontua 75​.000 eurokoa da (BEZa barne) eta FEADER funtsetako 34.200 eurorekin eta Eusko Jaurlaritzaren 8.500ekin egin dute

|

Iturri bat // Geuria

Zaratamoko Udalak bukatutzat eman ditu Gutiolo auzoko ur-hornidurak zituen “akatsak”. Udal ordezkarien arabera, auzoko hornidura-sarea berrezartzeko obrak “akats handiak” zituen. “Ur hornidura zerbitzua behar bezala ematea eragozten zuen horrek, eta une batzuetan etengabeko zerbitzua ematea ezinezkoa zen”, azaldu dute Udaletik. “Sarearen ezaugarriengatik gertatzen ziren hausturen ondorioz.”

Bermeosolo SA enpresak ur hornikuntza sarea berritu du ur biltegitik Gutiolo auzoraino, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako proiektuaren jarraibideei so eginez. Lizitazio-iragarkia 2022ko abenduaren 28an argitaratu zen kontratatzailearen profilean, eta eskaintzak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 19an amaitu zen. Epe horretan hiru enpresak aurkeztu zuen eskaintza. Proiektuaren aurrekontua 75​.020,00 eurokoa da (BEZa barne), eta FEADER funtsetako finantzazioarekin (34.209,12 euro) eta Eusko Jaurlaritzakoarekin (8.552,28 euro) egin dute.

Jarduketa honen berri eman zuen GEURIAk iazko ekainean eta esku hartze hori azpiegitura ordezkatu, birgaitu edo egokitzeko Udalerriaren Lehengoratze Planean zegoela azaldu zuen Zaratamoko Udalak, “inguruko etxebizitzei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Pasio Bizia martxoaren 28 eta 29an antolatu dute

Hilaren 28an Azken Afaria antzeztuko dute eta hurrengo egunean, Gurutze-bidea

|

Pasio Bizia, 2022an // Geuria

Gaztek-Abi elkarte zaratamarra Aste Santuko Pasio Biziaren 56. edizioaren azken ukituak egiten ari da. Martxoaren 28an eta 29an egingo dute Arkotxako aurtengo ikuskizuna “Aste santua bizi dezagun, gainontzekoek hala bizi dezaten” lelopean.

Hilaren 28an, Ostegun Santuan, Azken Afaria taularatuko dute Arkotxako San Bizenti elizan, 19:00etan. Hurrengo egunean, martxoaren 29an, Gurutze-bidearen antzezpena egingo dute.

Gaztek-Abitik eskerrak eman nahi izan dizkie beste urte batez Aste Santuko Zaratamoko Pasio Bizia antolatzen laguntza eman duten pertsona zein instituzioei.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Oier Elorz pilotari zaratamarrak Euskal Ligako eskuz binakako gazteen txapelketa irabazi du

Zaratamarra “oso pozik” agertu da Upo Mendirekin finala irabazteagatik eta hurrengo erronka asteburu honetan hasiko duten Grabni txapelketa izango da

|

Oier, ezkerraldean, eta Unax // Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza

Joan den martxoaren 8an Euskal Ligaren finala jokatu zuten Upo Mendi Pelota Klubeko Oier Elorz zaratamarrak (Zaratamo, 2007) eta Unax Ramirezek Intxurreko (Alegia) Murua eta Iturriozen aurka, eskuz binakako gazteetan, Aretako pilotalekuan.

“Partida oso orekatua” izan zela azaldu dio Txemi Elorz Oier Elorzen aitak GEURIAri. Zaratamoko pilotariek aurrea hartu zioten markagailuari 11-1eko emaitzarekin: “Upoko pilotarien hutsak aprobetxatuz markagailuko emaitza hiru tantuko aldearekin berdintzea lortu zuten aurkariek, baina alferrik; partidaren amaieran 21-16 irabazi zuten Upo Mendikoek”.

Bilakaera “nahiko ona”

“Mutilek nahiko ondo jokatu dute Euskal Ligan zehar”, azaldu du Txemik. “Partidak ez dira oso zailak izan, Oihartzungo pilotari batzuen aurka jokatutako norgehiako bat izan ezik”. Aitak azaldu bezala, Oier “oso pozik” agertu da eskuz binakako gazteen Euskal Liga irabazteagatik. “Oierrek hainbat txapelketa irabazi ditu: Bizkaiko Txapelketa, Renterian, Diman, Sopelan jokatutakoak… asko dira eta ez ditut guztiak buruan momentu honetan”, dio pozik.

Hurrengo erronkei begira, Oier Elorzen hurrengo helburua Grabni txapelketa da epe laburrean. Asteburu honetan hasiko dituzte pelota partidak: “Nafarroa eta Gipuzkoako pilotariak egongo dira bertan eta Oierrek aurre egin beharko dio erronka handi horri”, azaldu du Elorzek. Momentuz, Upo Mendi Pelota Klubeko pelotariak jo eta su dabil Baiko enpresagaz entrenamendu lanak egiten.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ane, Izaro eta Miren:«Belaunaldien arteko ahalegin kolektiboa egin behar da Zaratamoko feminismoak aurrera dezan»

Ane Bikandi, Miren Ugarriza eta Izaro Iturriondobeitia zaratamar gazteekin elkartu gara herriko feminismoaren etorkizunaren inguruan berba egiteko

|

Zaratamoko gazteen egoeraz aritu gara Ane, Izaro eta Mirenekin / Geuria

Zaratamoko feminismoak etorkizun oparoa izateko beharrezko gakoak ezagutzearren herriko hiru neska gazterekin elkartu da GEURIA, Irantzu Lekue artista arabarrak 2022an margotutako muralaren aurrean. Feminismoaren geroaz galdetuta, unibertsitateko ikasleek azaldu dute egin beharreko ahalegina ez dagoela bakarrik gazteen eskuetan, herrian bizi diren belaunaldi guztietako emakumeen artean baizik.

Emakume moduan, nolako herria da Zaratamo gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunari dagokionez?
Miren Ugarriza: Azken bolada honetan emakumeak barnebiltzen dituen hainbat ekintza ikusi ditut herrian. Egia da Zaratamon eskupilotak eta frontoiak presentzia handia duela eta hor gizonak gailentzen direla. Hala ere, betidanik neskok alde batetik eta mutilak bestetik bildu garen arren, pixkanaka-pixkanaka herriak guztiok parte hartzeko aukerak ematen dituela ikusten nabil.

Matxismoaren arrastorik ikusten duzue Zaratamon? 
Ane Bikandi: Zaratamon, inguruko herrietan moduan, badaude matxismoaren arrastoak. Non ez? Azken batean, gizartea den bezalakoa da eta egia da eskualdeko herri txikienetakoan bizi garela. Hala ere, esan behar da gainontzeko udalerriekin alderatuta mikro-burbuila batean bizi garela: denok ezagutzen dugu elkar eta bertan egiten den bizitza oso lasaia da: lagunekin zerbait hartu, mendira joan, familiarekin egon, bizitza estiloa hori izanik zailagoa egiten zaigu matxismoaren arrasto horiek ikustea, egia esan. Herrian bizi dugun familia giro horrek ez digu uzten Bilbo bezalako hiri batean sumatu daitezkeen matxismo arrasto horiekin alderatzen.

Landa eremua izanik, matxismoaren arrastorik ikusten al da Zaratamo bezalako herri batean? Arrastorik egotekotan, nolakoak dira?
A.B.: Egia da landa eremuan bizitzeagatik, biztanle gutxiko eremua izateagatik, alegia, harreman handiagoa dugula emakume helduagoekin. Baina harreman hori agian ez da hain estua edo politikoa. Ez dakigu zer pentsatzen duten feminismoari buruz, esaterako. Egia da azken hilabeteetan gai hauek jorratzeko taldea sortu dela Zaratamon, eta hori aurrerapauso garrantzitsua da guretzat, herrian inplikazio handiagoa dagoela esan nahi duelako, nolabait. Gainera, adin ezberdinetako emakumeez osatutako taldea da. Aurrerantz goaz, beraz, eta uste genuena baino inplikazio gehiago dugu Zaratamon, egia esateko, feminismoaren inguruan informazio gutxi geneukalako herri honetan, batere ez geneukala ez esatearren.

“Zaratamok gazteoi eskaintzen dizkigun aukerak eskasak dira. Horrek herritik joatea eragiten du”

Gazte gutxi bizi zarete herrian. Bertan ikusten duzu zuen burua etorkizunean?
M.U.: Asko gustatzen zait Zaratamok eskaintzen duen bizitza estiloa. Hemen oso lasai bizi naiz, jendea ezagutzen dut, segurtasuna ematen didana, eta aldi berean hirigunetik hurbil bizi gara. Noski, gustatuko litzaidakeela hemen jarraitzea. Hala ere, orokorrean etorkizuna latza izango da, gaur egun etxebizitza bat lortzea zaila da eta, gainera, Zaratamon ez dago etxebizitza nahikorik. Oraindik ikaslea naiz eta ez daukat oso argi nire ibilbidea norantz doan, baina Zaratamok gazteoi eskaintzen dizkigun aukerak eskasak dira, eta horrek gazteok herritik joatea eragiten du.

Talde feminista sortu dute Zaratamon orain dela gutxi. Bertan parte hartzen duzue edo horretarako asmorik baduzue?
A.B: Duela gutxi sortu zuten Zaratamoko Berdintasun Batzordea eta benetan pozten nau hauxe herrira ekarri izanak. Gauza berria da guretzat eta, egia esateko, ez dakigu norantz enfokatuko duten: talde feminista sortzea, feminismoaz berba egiteko leku seguru bezala erabiltzeko.Dena dela, taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko edota horien inguruan informatzeko prest egongo nintzateke.

Unibertsitatean ari zarete zuen ikasketak egiten. Berdintasuna zaintzen den esparrua da edo oraindik asko dago egiteko?
A.B: Egia da unibertsitatean, gizartean ondo edo gaizki egiten diren gauzak bereizi egiten dituztela. Hala ere, unibertsitatean lan egiten edo ikasten duten pertsonek matxismoa bereganatuta dute eta oraindik ikusten den kontua da hori. Ikasketei begirada bat bota besterik ez dago horretaz jabetzeko: erizaintzan emakumeak dira ikasle portzentaia handiena eta ingeniaritzan, ostera, gizonezkoak. Gure partetik gizartea aldatzen saiatzen gara etengabe, baina denok ditugu aurreiritziak barnean eta hori gure barnetik egun batetik bestera ezabatzea ezinezkoa dela uste dut.

Martxoaren 8a gertu dago. Nolako garrantzia dauka egun horrek zuentzat?
M.U: Azken urteotan martxoaren 8arekiko ikuspuntua aldatu egin zait. Garrantzitsua iruditzen zait egun horretan emakumeon eskubideak eta figura aldarrikatzea, baina pertsonalki azken bolada honetan nahiago izan dut nire egunerokotasunean feminismoa nola aplikatzen dudan aztertu eta zuzentzea. Martxoaren 8an parte hartu arren, feminismoa egunero landu behar da, ez da egun bakarra existitzen emakumeak ospatu eta aldarrikatzeko.

“Adineko emakumeek feminismoaz zer pentsatzen duten ez dakigu. Harremana ez da hain estua”

Martxoaren 8aren markoan, jardueretan parte hartzeko asmorik baduzue?
Izaro Iturriondobeitia: Azken urteetan Zaratamon ez da ekintzarik egin Martxoaren 8an. Hortaz, inguruko herrietan zein Bilbon izan gara bertan egin izan diren manifestazio handietan parte hartuz. Herri txikiagoei begira, Arrigorriagan prestatu ohi dituzten jarduera eta elkarretaratzeetan ere parte hartu izan dugu ahal izan dugun heinean, bertan ere ezagunak egon ohi direlako.

Nolako garrantzia daukate Zaratamoko neska gazteek herriko feminismoaren etorkizunari begira?
I.I: Herriko feminismoaren etorkizunari begira uste dut neska gazteek garrantzia izango dugula, baina biztanleriari dagokionez oso talde txikia gara eta ez gara bakarrak; esan bezala, Zaratamo herri txikia da eta azkenean denon lana da feminismoak aurrera egitea. Ikusi da interesa adin ezberdinetako emakumeetatik etorri dela eta horixe da, hain zuzen ere, gakoa: ahalegin kolektiboa eta belaunaldien artekoa egin behar da herriko feminismoak aurrera egiteko.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Moiordin eta Mendieta lotzen dituen oinezkoentzako bidearen lanak amaitu dituzte

Udal ordezkarien arabera, Moiordin eta Ugarte industrialgunea konektatuko duen proiektuaren helburua langileek Arrigorriagako zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izatea da

|

Moiordin eta Mendieta lotzen duen oinezkoentzako bide berria // Geuria

Moiordin eta Mendieta auzo zaratamarrak lotzen dituen oinezkoentzako bide berriaren lanak amaitu ditu Udalak. Moiordin eta Ugarte industrialgunea lotuko dituen proiektu honen lehen fasea da honako hau eta Moiordin auzoko Irisgarritasun planean jaso zen 2021eko martxoan.

Aste batzuetako iraupena izan duten lan hauetan porlan zimurra erabili dute langileek irristagarritasun arazoak ekiditeko eta errepidetik bereizteko. Gainera, bazter-babes bikoitza eta baranda berriak ipini dituzte bide berrian zehar.

Lan hauekin batera, Zaratamoko Udalak lan txiki bat egin dute Moiordineko Makatza tabernaren pareko espaloian, bertan zegoen irisgarritasun arazoarekin behin betiko amaituz.

Garraiolari bat, Ugarte 1 industrialgunean // Geuria

Ugarte, ikusmiran

Zaratamoko Udalaren hurrengo erronka Mendietan amaitzen den bide hori Ugarte 1 industrialgunearekin “modu irisgarrian” lotzea da, udal ordezkariek GEURIAri azaldu bezala: “Oinezkoentzako bide berria amaitzen diren lekuan Ugarte 1 industrialguneko eskailerak daude”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak, eta asmoa eskailera horiek arrapala irisgarri batean bihurtzea dela azaldu du.

Hala ere, herriko alkateak azpimarratu du obra “konplexua eta garestia” izango dela, egitura ezponda handi baten ondoan dagoelako. Ondoren, Ugarte 1eko pabilioiak Ugarte 2koekin konektatu beharko lirateke, “espaloi baten bidez, ziurrenik”. Ugarte 2tik ibilbideak Mendieta auzoari helduko lioke, bertatik Elexaldera “modu irisgarrian” joan ahal izateko.

Ugarte 1 pabilioietako eskailerak, gaur egun // Geuria

Moiordin eta Ugarte konektatzean jendeak Zaratamotik Arrigorriagako herrigunera zeharkatzeko aukera izango du Bi-625 errepide gaineko zubitik zehar: “Bigarren fase honen helburu nagusia industrialguneko langileek Arrigorriagako garraio publikoa erabiltzeko aukera ematea da, kotxea ez erabiltzeko”, gehitu du Albertok.

Osorik irakurri