→Zaratamo

Irantzu Lekuek berdintasunaren aldeko murala margotuko du Zaratamon

Irantzu Lekue artistak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako murala margotuko du Gurutzalde auzoko sarreran dagoen porlanezko horman

Mural irabazlea // Zaratamoko Udala

Irantzu Lekue artista eta kultur aktibistak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako murala margotuko du Gurutzalde auzoko sarreran dagoen porlanezko horman. Ekimena Zaratamoko Udalak jarri zuen martxan eta muralean agertuko den edukia 123 herritarrek erabaki dute guztira, Udalak joan diren hilabeteetan interneten bidez egindako galdeketa baten bidez.

Botoa emateko azken eguna joan den ekainaren 10ean izan zen eta Udalak murala aukeratzeko prozesu honetan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie: “Parte-hartze horrek gure itxaropen guztiak bete ditu. Oso garrantzitsua da guztiok erabakitzea nolakoa izango den gure herriaren etorkizuna eta, estetikoki zein berdinen eta libreen arteko giza-harremanetan”.

Galdeketa hartan Lekueren lau proposamen ageri ziren, eta lerro hauen gainean ageri denak irabazi du 64 botuekin (bigarren aukerak 40 botu erdietsi zituen; hirugarrenak 11; laugarrenak 8). Diseinu irabazlean, emakume batek kaiola bat ireki eta txori batzuk askatzen ikus daiteke. Ezkerraldean emakume dantzari talde bat ageri da. Muralaren margoketa datorren uztailaren 4an hasiko du Lekuek eta astebete eta erdiko epean amaitzea espero du artistak.

Irantzu Lekue, horma-irudi baten aurrean // iralekue.com

Muraletan esperientziaduna

Oraindik izena ez badauka ere, aukeratutako diseinuak askatasuna eta sororitatea adierazten duela azaldu dio Irantzu Lekuek GEURIA komunikabideari. Gainera, diseinu guztien artean lelorik ez daukan bakarra dela ziurtatu du. Irantzuk arte ederretako ikasketak egin zituen eta argazkigintza eta zinema ikasketekin kurrikuluma osatu bazuen ere, azken sei urteetan “oinarrietara bueltatu dela” aitortu du, eskuekin lana egiten berriro.

“Irunen (Gipuzkoa), Gorlizen, Derion, Araian (Araba), Trebiñon (Araba) eta momentu honetan Katalunian ari naiz horma-irudiak lantzen”. Zaratamoko muralaren kasuan Udala artistarekin harremanetan jarri zela esan du. Porlanezko mihise handiaren aurrean artista bera izango dugu jo eta su lanean hurrengo asteetan.

Berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako murala margotuko dute Zaratamon

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak