→Zaratamo

30 nagusik parte hartu dute Zaratamoko ‘Adinekoak ez jausteko aholkuen tailerrean’

Urriaren 19an Adinekoak Ez Jausteko Aholkuen Tailerraren lehen zatiari ekin zion Zaratamoko Udalak Osakidetzako Osasun Zentroa, BetiOn Telelaguntza Zerbitzua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzagaz.

Tailerraren aurkezpenaren unea, Elexaldeko kultur etxean // Geuria

Urriaren 19an Adinekoak Ez Jausteko Aholkuen Tailerraren lehen zatiari ekin zion Zaratamoko Udalak Osakidetzako Osasun Zentroa, BetiOn Telelaguntza Zerbitzua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzagaz, Elexaldeko Kultur etxean, 11:00etan. Alberto Ugarriza alkateak tailerraren aurkezpena eta bi egunez osatutako ikastaroaren egituraren nondik norakoak azaldu zituen aurkezpen modura, eta beragaz Jasone Martin herriko medikua, Sara Varona herriko erizaina, Kepa Arrarte Osasun Saileko medikua, Miriam Conde Nagusiekin ariketa fisikoa lantzen duen monitorea, Rosa Compes herriko gizarte laguntzailea eta Leire Tamara BetiOn zerbitzuko teknikaria igo ziren oholtzara.

Ikastaro hau itxialdiaren ostean berreskuratu du Zaratamoko Udalak, eta erantzuna bistan izan zen: 30 nagusi inguru gerturatu ziren Elexaldeko kultur etxean antolatutako atzoko saiora.

Ikastaroaren lehen zatian Kepa Arrartek hainbat estatistika ezagutarazi zituen eta jausiak galarazteko hainbat aholku eman zituen: “Egunero 50 nagusi doaz larrieldietara eta horietako 12 ospitalean ingresatzen dituzte”, esanez zabaldu zuen Kepak bere atala. Adituaren arabera, jausiak dira nagusiek pairatzen dituzten istripu nagusiak (%92,1), kolpeak (%2,4), erredurak (%2,3), trafiko-istripuak (%1,3), ebakiak (%1,0) eta bestelakoak (%0,9) jarraituta. “Istripu ohikoena da nagusien kasuan eta emakumeek gizonezkoek baino jausi gehiago pairatzen dituzte zahartzaroan”, azpimarratu zuen eta nagusiek berreskuratze-prozesu neketsua dutela gogorarazi zuen. “Nagusiek jasaten dituzten jausien %60 etxean izan ohi da, etxeko lan ohikoak egiten dituztenean bereziki: garbiketa lanak, norberaren garbitasun lanak, brikolajea, sukaldaritza…”.

Gaur egungo panorama aztertu ostean, jausiak saihesteko gomendioak eman zituen, esparru zehatz batzuetan sakonduz:

Etxebizitzan

  • Alfonbrak: Osasun Saileko medikuaren arabera, erabaki eraginkorrena, etxeko alfonbrak kentzea da, eta horrela ez bada, behintzat, irristagarriak ez diren alfonbra irristagaitzak jartzea, gutxienez. Alfonbren arazoa oso ezaguna izan zen bertara gerturatu ziren nagusi askorentzat, eta zeresan handia eman zuen.
  • Argiztapena: argiztapen handia eta zeharkakoa da gomendagarriena, “ondo ikusten ahalbidetzen duena”. Gainera, etengailuak eta argi pilotuak erabiltzera animatu zituen nagusiak “gaur egungo argiaren prezioa altua bada ere”.
  • Sukaldea: kontuan hartu beharrekoak sukaldeko tresneria eta elikagaiak eskura izatea da bereziki, urrun dauden elementu horiek eskuratzeko banketak edo aulkiak erabiltzea saihestuz: “Horretarako badira maila biko eskailera egonkor txikiak”. Halaber, zoru irristagarriak ekiditea goemdatu zuen Arrartek.
  • Bainugela: zahartzarora heltzean oztoporik gabeko eta erreztasunez betetako bainugelak izatea garrantzitsua dela adierazi zuen Osasun Saileko medikuak, eta horretarako bainuontzia kendu eta dutxa jartzea benetan garrantzitsua dela aipatu zuen: “obra hori egiteko aurrekontua ez badago, badira bainuontziak nolabait moldatzeko aukerak ere”. Gomendio horiez gain, komunaren altuera handitu eta hormetan baranden instalazioen inguruan aritu zen.
  • Logela: logeletan oztopoak deuseztatzea gomendatu zuen Kepak, benetan garrantzitsuak diren elementuak mantenduz soilik.
  • Egongela: “Egongelak elementu asko dituzten espazioak izan ohi dira, batez ere gazteekin bizi bagara: ordenagailuak, musika aparatuak… Logelekin bezala, benetan erabilgarriak eta beharrezkoak diren altzariak eta elementuak izatea da gomendagarriena”.
  • Eskailerak: Nagusiak eskailerak dituen etxebizitza batean bizi badira, irristagaitzak diren gainazalak jartzea proposatu zuen medikuak, eta ez hori bakarrik: “Eskaileretatik gora eta behera igarotzean, berebizikoa da maila bakoitzean oina guztiz sartzea, eta ez oinaren zati bat bakarrik”

Kalean

Kalean, jausiak pairatzeko aukera gutxiago badaude ere, hainbat esparrutan kontu handia izatea aipatu zuen Kepak: “Erosketak egitera goazenean, zorro edo motxilak eraman beharrean lau gurpileko karroak eramatea benetan erabilgarria da, garraiatzeko erraztasun eta erosotasun handiagoa izateaz gain, itxaronaldietan atsen hartzeko erabilgarriak baitira, semaforoetan itxarotean, esaterako”. Horrela, garraio publikoak ere aipamen berezia izan zuen, eta trena edo autobusa guztiz geldi egon arte itxaron behar dela aipatu zuen Arrartek. Geltokietan, gainera, eskailera mekanikoak erabiltzeko zailtasunak izatekotan igogailua erabiltzea gomendatu zuen.

Keparen ostean Sara Varona herriko erizainaren txanda izan zen. Herriko erizainak lehen pertsonan bizi izan du nagusiek behin baino gehiagotan pairatzen dituzten ezbehar hauek. Kepak esandakoa gogoratu eta indartzeaz gainera zahartze normalaren prozesu biologikoaz aritu zen, gizakiok zahar egiten garen heinean jasaten ditugun aldaketak azalduz.

Saioaren azken atalean publikoaren zalantzak argitzeko momentua heldu zen eta adituek banan-banan erantzun zituzten bertara gerturatu zirenen galderak. Ekitaldiaren amaieran aipatutako gomendioak osatzen dituzten gidak eman zizkieten nagusiei eta hurrengo hitzordua gogorarazi zuten: datorren urriaren 26an klase praktikoa jasoko dute Arkotxako frontoian nagusiek, 11:00etan. Inokr bertara gerturatzeko mugikortasun arazoak baditu Udalaren Gizarte Ongizate Zerbitzuko Telefonoaren bidez izena eman dezake: 944 566 000.

 

Adineko pertsonen jausiak saihesteko tailerra antolatu du Zaratamok

 

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak