→Zaratamo

Pasioa, pandemiatik biziberritzen

Zaratamoko Pasio Biziak Arkotxako kaleak hartuko ditu datozen apirilaren 14an eta 15ean, hiru urteko etenaldiaren ostean. Bertan parte hartuko duten pertsonen kopuruak behera egin badu ere, prozesioko 80 lagunak “inoiz baino kontzientziatuago” daudela azaldu du Aitor Sainz Ares (Galdakao, 1981) Gaztek-Abiko zuzendariordeak. Sainzek lau urtez antzeztu du Jesusen papera Zaratamako prozesioan: 2004an, 2010ean, 2015ean eta baita aurtengoan ere.

Aitor Sainz Ares, Pasio Bizian erabiliko diren jantzien biltegian // Geuria

Zaratamoko Pasio Biziak Arkotxako kaleak hartuko ditu datozen apirilaren 14an eta 15ean, hiru urteko etenaldiaren ostean. Bertan parte hartuko duten pertsonen kopuruak behera egin badu ere, prozesioko 80 lagunak “inoiz baino kontzientziatuago” daudela azaldu du Aitor Sainz Ares (Galdakao, 1981) Gaztek-Abiko zuzendariordeak. Sainzek lau urtez antzeztu du Jesusen papera Zaratamako prozesioan: 2004an, 2010ean, 2015ean eta baita aurtengoan ere.

Arkotxan mende erdia baino gehiagoz errotutako tradizioaren jatorriaz berba egiteko aukera izan dogu beragaz eta azken urteetako gorabeherak azaldu ostean aurtengo edizioak izango dituen sekretuak aurreratu dizkigu bere bizitza erdian ikuskizun hau behar bezala gauzatzeaz arduratu den gizonak. Azken urteetako gorabeherak medio, urte asko daramatza Arkotxak Aste Santuko Pasio Bizia ospatzen. 1965. urtean hasi zen eta etenik gabe iraun zuen 2018ra arte.

Urte hartan elkarteak geldiune bat egitea erabaki zuen, konpromiso faltagatik. “2019an Pasio Biziari berriro ekiten saiatu ginen, baina otsailean koronabirusaren pandemia heldu zen eta ezin izan genuen aurrera egin. Benetako etenaldia 2021ean etorri zen; azken batean, 2019koa otsailean gelditu genuen eta 2018ko urriaz geroztik prestatzen genbiltzan. 2020koa koronabirusagatik gelditu behar izan genuen martxoan. Urte hartan dena prest geneukan ikuskizuna egiteko. 2021ean ospatu ez zen aurreko urteko edizioko aktore gehienak eta atrezzoa errespetatu genituen. Hala eta guztiz ere, beste urte batez ez zen izan posible Pasio Bizia gauzatzea”, dio Aitorrek.

Aitor, Jesusen jantziekin // Geuria

Zergatik Arkotxan eta ez beste inon? Flavio Bujanda apezpikuaren ekimena izan zen hura. Garai hartan, Arkotxako bi auzoetako gazteen artean arazoak zeuden, eta proiektu honek auzo bi horiek uztartzen zituen nolabait.

Oztoporik izan al duzue aurtengo edizioa prestatzeko? Bai, noski! Horietako bat, jendeak ‘deskonektatu’ egin duela. Hiru urte egin barik egon denez, zenbait lagunek ohitura bertan behera uztea erabaki zuten eta horrek aurtengo edizioa martxan jartzea zaildu zigun. Entseguak hasi genituenean koronabirusaren Omicrom aldaera heldu zen. Orain arte egindako entsegu saioak musukoarekin egin ditugu eta erosoak izan ez badira ere, aurrera egin dugu 2022ko edizioa gauzatu ahal izateko.

Segurtasun neurriak beteko dituzue. Momentuko segurtasun neurrietara doituko dogu Pasio Bizia. Azken batean, astero etengabe garatzen ari den pandemia jasaten ari gara eta data gerturatu ahala, neurri zehatzak hartuko ditugu Pasio Bizia modurik egokienean gauzatu ahal izateko.

Nolako jarduera da Pasio Bizia Arkotxako auzotarrentzat? Tradizioa da bereziki prozesioa. Auzoan errotutako ohitura dugu, eta nahiz eta auzotarren parte ez hartu tradizio propio modura bizi dute urtez urte.

Jende guztiak gustuko du? Ez dugu kontrako kexarik jaso momentura arte. Betiko auzotarrek bere egin duten ohitura da eta auzotar berriek errespetatzen duten tradizioa da.

Nolako egunak biziko ditugu datozen eguen eta bariku santuan? Hilaren 14an, eguenarekin, Azken Afaria interpretatuko dogu San Bizente elizan, 19:00etan. Ordubeteko saioa izango da eta bertan Jesusek apostoluekin izandako afaria interpretatuko dogu, jendaurrean. Barikuan Gurutze-bidea egingo dogu 11:00etan eta ibilbidea auzo osoan barrena prestatu dogu. Ekitaldi horretan Jesusek bere bizitzako azken egunean bizitako eszenak interpretatuko ditugu, hasieratik erromatarrek gurutzean hil arte: epaiketa zibil eta erlijiosoak, kalbarioak, Judasen damua…

Nolako baliabideak ditu elkarteak horrelako jarduera jendetsu bat antolatzeko? Udalak ematen digun diru-laguntzagaz konpondu behar gara eta egia esateko etekin handia ateratzen diogu jasotakoari.

San Bizente azpiko lokalean gauza ugari dauzkazue! Pasio Biziaren bi egunetan erabiliko materialak dira: alde batetik eszenatokiak ditugu, behar bezala desmontatuta. Atrezzoa egiteko erabili ditugun materialen artean, esaterako, hozkailuak isolatzeko erabili ohi diren piezak daude, besteak beste. Hilaren 13an kalera atera eta muntaia egiten hasi beharko gara. Bestalde, ekitaldian parte hartuko duten aktoreen jantziak ditugu hemen ere, behar bezala prestatuta eta ordenatuta. Hemen ikus daitekena, trafikoa bideratzeko balizak barne, guk geuk egindakoa dugu eta dirutza aurreztu dugu gure eskuz landuz.

Hiru urte eman dituzue Pasio Bizia ospatu ezinik. Ezer berezirik prestatu duzue urterokoaz gainera? Aldaketa 2019. urterako prestatu genuen eta bide horretatik jarraitu nahi dogu. Gure asmoa, gertatu zena kontuan izanda, fidelagoak izatea da. Horregatik, Azken Afariaren gidoian aldaketa nabarmenak egin ditugu eta Gurutze-bidean eszenen agerpenen aldaketa eta horien lokalizazioak aldatu ditugu, ebanjelioetan azaltzen dena modu fidelagoan erakusteko.

Zenbat lagunek hartuko dute parte aurtengo Pasio Bizian? 80 pertsona inguruk, testua daukaten aktoreak, herritarrak eta soldaduak barne; Bilboko gurutzatu eukaristikoen kofradiaren lankidetza eta gurekin parte hartzen duten Centuria Cariestum et Veniaescum ahaztu barik. Urteak daramatzate kolaborazio lanetan gurekin eta anaitasun eta lotura garrantzitsua dugu.

Jesusen papera interpretatzen duen aktorea izanik, nolako prestaketa eskatzen du rol horrek? Pertsonaia bera behar bezala barneratzean eta hori irudikatzearen jakitun izatean datza zailtasunik handiena. Testua barneratzea da garrantzi gutxien duena; garrantzitsuena sentitzea da, Pasio Bizia ikustera datozenak behar bezala sentitu dezaten.

Jendea gogotsu dago? 2019an jendea nazkatuta zegoen eta gogorik ez zegoen entseguak egiteko. Gaur, jende gutxiagok parte hartu arren, daudenak kontzientziatuago daude eta azken hilabeteetako entseguak askoz hobeak izan dira.

Zein da zure betekizuna Pasio Bizian eta elkartean? 2006an hasi nintzen 2007ko edizioa prestatzeko, ia 16 urte. Bizitza erdia eman dut lan honetan eta nire betekizuna ikuskizuna bera antolatzea da, entseguak, aktoreak eta gidoia kudeatuz. Hitz gutxitan: dena prest egotea Pasio Bizia behar bezala gauzatzeko.

Zein da Gaztek-Abi elkartearen helburua elkarte bezala? Kultur-elkarte honen jatorria parrokia taldea da eta helburu nagusia prozesioa bera antolatzea zen, garaiko gazteen topagune bezala. Horrez gainera, parrokian ere jardun zuen elkarteak, katiximan lagundu eta parrokiako eguneroko bizitzan kolaborazio-lanak eginez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak