Sareak

☉ Zaratamo

Paule Barcenilla: “Zinemak erantzukizuna du gure herria markatu duten gertakariak islatzen”

Arteagaz betidanik harreman estua izan du nola edo hala Paulek, baina arlo profesionalera eroan barik. Institutua bukatu ostean, aurrerapausoa eman zuen. Gernika filmagaz pantaila handira egin zuen salto zaratamarrak. Iaz, ‘Maixabel’en agertu zen eta orain podcast bat du martxan: ‘Saltar al infinito’.

|

Paule Barcenilla / Geuria

Euskal Herriaren historiak Paule Barcenilla (Zaratamo, 1993) aktorearen ibilbide profesionala markatu du. Zinemaren mundurako jauzia ‘Gernika’ filmaren bidez eman zuen 2016an, eta iaz bere azken lana aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian: ‘Maixabel’. Film horren arrakastak hainbat saritarako izendapenak ekarri dizkio, besteak beste, hamalau Goya saritarako. Zinemaz gain, antzezlanak ere egin ditu eta ‘Centro Médico’ edo ‘Caminantes’ bezalako telebista-saioetan parte hartu du. Aurten, motxilan gordeta dituen hainbat proiektu pertsonal martxan jartzeko asmoa duela iragarri du zaratamoztarrak, eta urte berriari heltzeko ‘Saltar al Infinito’ podcasta aurkeztu digu. Podcastek aukera berriak ireki dituzte online komunikazioaren barruan, eta Pauleren intentzioa bere bizitza eraldatu duten pertsonekin garapen pertsonalaz hitz egiteko espazio bat sortzea izan da, gainerako herritarrak inspiratzen saiatuz.

Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Betidanik gustatu izan zait, baina nire inguruan artista gisa profesionalki aritzen den pertsona ezagunik izan ez dudanez, ez nuen inoiz aukera bezala ikusi. Eskolan antzezlan txikiak egiten genituen, eta eskolaz kanpoko jarduera asko ere egiten nituen: marrazketa, musika, dantza… Etxean mozorrotzea gustatzen zitzaigun, eta nire ama Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxean plastika eta musika irakaslea zen. Beraz, artearekin harreman estua izan dut txikitatik, baina serio hartu gabe. Beti etortzen zitzaidan antzerkigintza probatzeko desira, baina garestia zenez eta etxean neba-arreba asko ginenez, ez nuen inoiz pauso hori eman. Institutua bukatu nuenean gauza ezberdinak probatzen hasi nintzen, baina azkenean helduentzako antzerki-hastapeneko ikastaroan, Anima eskolan, izena eman nuen eta hamazortzi urterekin aktorea izan nahi nuela erabaki nuen. Richard Sahagun zen garai hartan nire maisua, eta berak esan zidan lan eginez gero posible zela. Begiak ireki zizkidan, eta oso urrun ikusten nuen hura aukera bat izan zitekeela erakutsi zidan. Astean behin joaten nintzen helduentzako antzerki-hastapeneko ikastarora, Anima eskolan. Han izan nuen lehen kontaktua, eta orduan hasi nintzen esaten aktorea nintzela, lotsa pixka batekin.

Gogoan dut egin nuen lehen castinga ‘Cuentame’ telesailerako izan zela, Luchiren papera lortzeko. Madrilen izan zen eta ni Zaratamon bizi nintzen oraindik. Herri txiki batetik hiri handira irteten ari nintzen. Nahiko urduri nengoen eta urduritasun horrek nire interpretazioan eragin zuen. Uste dut garrantzitsua dela casting asko egitea, segurtasuna hartzeko eta aukera heltzen denean oso ondo prestatzen ikasteko, zure onena eman dezazun.

Paule Barcenilla / Geuria

Haceria konpainiaren bidez aktore gisa zure bidea eraikitzen hasi zinen.
Zorrotzaurren artearekiko salda interesgarria sortzen lagundu zuen Haceriak, gaur egun bertan behera gelditu dena. Richard bertan ikasitakoa zen, eta elkar oso ondo ulertzen genuenez, berarekin antzerki-laborategiak egiten hasi ginen Haceria barnean. Bertako atmosfera itzela zela gogoratzen dut. Zerbait magikoa. Richarden planteamenduak asko markatu ninduen gorputzarekin eta begiradarekin lan egiten ikasteko. Gu ere inspirazio iturri izan ginen berarentzat, hala nola ‘La tristeza del caracol’ eta ‘El abrazo de Herontidas’ obrak idazteko. Antzezlan ezberdinekin Guggenheimen eta Pozalaguan sartzea lortu genuen. Niri konpainiak eman didan gauzarik garrantzitsuena segurtasuna izan da, baita familia bat ere. Gainera, konfiantzak egiten duzun horretan sinesten laguntzen dizu, eta denok sinesten genuen. Jendeak ez gintuenez ezagutzen, ekitaldien aurretik flyerrak banatzera joaten ginen. Richardek pasioz bizi du eta hori kutsatu egin zigun. Nire katapulta izan zen aurrera jarraitzeko.

Pantaila handirako jauzia Koldo Serrak zuzendutako ‘Gernika’ filmarekin eman zenuen.
Richardek Koldo Serra gonbidatu zuen ‘La tristeza del caracol’ antzezlana ikustera. Gerra garaiko erizainen papera egiten genuen bertan, eta ‘Gernika’ filmerako libre zegoen pertsonaia batekin lotura zuenez, Koldok zuzenean hartu ninduen. Pertsonaia hori filmaren azken momentuan agertzen zen protagonista guztiekin: Maria Valverde, Alex Garcia, Ingrid García-Jonsson, James D’Arcy… Nafarroako herri txiki batean grabatu genuen eta sekulakoa izan zen. Nik hogeita hiru urte nituen eta ilusioz bizi izan nuen. Gau batean Maria Valverderekin eta Ingridekin afaltzeko aukera izan nuen eta hor hasi nintzen aktoreen irudia lurrera jaisten. Pertsona ezagunak dira daukaten lanagatik, baina gizakiak dira, oso jatorrak, eta barre asko egin genuen. Filmaketan ere James D’Arcy aktore ingelesarekin eszena bat izan nuen, non begiradarekin hitz egin behar genuen, ia hitzik esan gabe. Gero, kafe bat hartzen genuen bitartean nire lehenengo filma zela kontatu nion eta harritu egin zen. Oso oroitzapen politak gordetzen ditut. Orduz geroztik, Koldo Serrarekin hainbatetan egin dut lan eta oso eskertua nago berari ere, nigan konfiantza izaten jarraitu duelako.

Paule Barcenilla / Geuria

Iaz ‘Maixabel’ pelikulan parte hartu zenuen. Filmak izan duen harrera espero zenuen?
Intuizioak esaten zidan ‘Maixabel’ pelikulaz asko hitz egingo zela. Ez nekien zelan, gai nahiko polemikoa delako, baina uste dut garrantzitsua dela horri buruz hitz egitea. Maria Jauregiren pertsonaiaren castinga heldu zitzaidanean ez nuen zalantzarik izan. Esker handiz jaso nuen. Pandemia garaian izan zen eta Zoom plataforma bidez aritu nintzen prestatzen. Bi casting egon ziren: lehenengoan casting zuzendariak zeuden, eta bigarrenean Iciar Bollaín zuzendaria eta Blanca Portillo aktorea ere agertu ziren. Besarkada bat moduan nabaritu nuen eta pozik irten nintzen. Azkenean Maria Cerezuela hautatu zuten papererako, baina castingean parte hartu genuen guztiok Mariaren lagun bezala sartu gintuzten filmean, eta berriz elkartzea oso polita izan zen. Filmaketa barruan pertsona bakoitzari gure tokia eman ziguten, eta baloratuta eta zainduta sentitu nintzen. Gozamena izan da Iciarrekin lan egitea. Bera aktore gisa hasi zen, eta zuzentzen gintuenean nabaritu egiten zen, ulertzen gintuelako eta askatasuna ere ematen zigulako. Filma jasotzen ari den sari guztiak poztasunez eta esker handiz hartzen ditut, benetan merezi duelako. Lana maitasunez eta, batez ere, errespetu osoz egin da. Kategoria honetako proiektuak egiteko gogoz jarraitzen dut, nola ez, gauza pila bat ikasten ditudalako. Azkenean ikusten duzu ez dagoela hain urrun, eta lanarekin lor daitekeela. Donostiako Zinemaldian aurkeztea amets bat betetzea izan zen niretzat. Ospakizuna izan zen egin genuen lan guztiaren ondoren, eta kritika aldetik sekulako harrera izan zuen. ‘Maixabel’ filmak opari ugari ekarri dizkit, batez ere ezagutu dudan jendeagatik, eta ilusio handia egiten dit bertan parte hartu izanak. Asko ikusi da eta ate ezberdinak zabalduko dizkidala uste dut, ‘Gernika’ pelikulak bere garaian egin zuen bezala. Ziur nago hurrengo castingak beste jarrera batekin hartuko ditudala, barne-boterea eman didalako eta nigan konfiantza gehiago dudalako.

Beraz, zure ibilbide profesionala Euskal Herriko historiarekin oso lotuta egon da.
Nire herriarekin harreman estua dut, eta erantzukizun handia dago gure lurra markatu duten gertakariak islatzeko, ahaztu ez daitezen. Horretarako balio du arteak, eta pentsamendua garatzea ahalbidetzen du. Gainera, ez da hainbeste denbora pasa. Gertuko historia da eta horretaz hitz egin behar da. ‘Maixabel’ek bigarren aukerei buruz hitz egiten du, eta arteak bigarren aukera asko eman ahal ditu. Garrantzitsua da gizarteari mezu potenteak bidaltzea, eta hori da arteak duen funtzioetako bat. Artista gisa ere adierazteko beharra daukat, ahotsa ematen diedalako egoera ezberdinei. Misio bat bete dudala sentitzen dut, nire hondar aletxoa jarri dudala, eta horrek eragiten dit bihotz betea.
Hainbat edukitako euskarazko bikoizketak ere egin dituzu.

Zinemari lotuta lokuzioarekin zerikusia duten proiektu txikiak heldu zaizkit, eta gela ilun batean zelako lana dagoen ikusi dut. Erraza ematen badu ere, oso zaila da. Nik ez dut pertsonaia bat antzeztu behar izan, euskarazko inprobisazioak izan dira guztiak, eta telebistan ikusten diren bigarren mailako elkarrizketak mikrofono baten aurrean interpretatu ditut. Gauza ezberdinak probatzea garrantzitsua dela uste dut, bide ezberdinetatik hezteko. Gainera, artea izaten jarraitzen du. Bai ‘Patria’ telesailean bai ‘El Comensal’ filmean postprodukzioan lan egin dut, aktore euskaldunak behar zituztelako atzetik entzuten diren ahotsak grabatzeko: Hitz egiten ari diren bi amama, parkean jolasten dauden haurrak, arrandegian sartu den neskatoa… Ez dira pertsonaia finkoak, baina istorioaren barruan kokatzen zaituzte eta errealitate kutsua eransten diote ikus-entzunezkoari. Euskarak, beraz, ate asko ireki dizkit, eta pozten nau euskarazko lanak egin izanak eta egiten jarraitu ahal izateak. Oso harro nago hizkuntzaz eta jarraitzen dut euskaraz egiten.

Paule Barcenilla / Geuria

Euskaraz eduki gehiago egin beharko liratekeela uste dut, hemen harrobi ona dugulako. Ideia pila bat dituzten euskal artistak ditugu, kalitatezko proiektuak aurrera ateratzeko irrikaz. Kultura eta historia bat ere badaukagu kontatzeko, eta ez bakarrik ETAren ingurukoa. Gainera, guztiok hunkitzeko moduko istorio unibertsalak ere euskaraz egin daitezke. Konfiantza falta da horretan inbertitzeko. Argitara ateratzen ari diren sortzaile pila bat daude orain, eta borborrean dagoela esango nuke. Gauza partikularrek arreta deitzen dute, eta plataforma berriek kontsumoa bultzatzen dute, izan jatorrizko bertsioan edo beste hizkuntza batera itzulita. Ez gara hizkuntza batengatik mugatu behar, begira ‘La Casa de Papel’. Gaztelaniaz da eta fenomeno mundiala bihurtu da. Plataforma berriek bidea ireki dute eta uste dut euskararentzat ez dela gutxiago izango. Gugan sinestea bestetik ez da falta. Zabaldu ditzagun ateak Euskal Telebistatik harago eta egin ditzagun anbizio handiko proiektuak.

Denbora batez Madrilen bizi izan zinen. Bertara bueltatzeko asmorik baduzu?
Niri Zaratamo asko gustatzen zait behar dudan bakea ematen didalako, eta hemen nire barne umearekin konektatzen dut. Uste dut ez dela inoiz ahaztu behar nondik gatozen, ezta nora goazen ere. Ez dugu mugarik jarri behar, eta gai izan behar dugu modu handian amets egiteko. Madrilek hori eman dit niri: ikuspegia aldatzea, jende berria ezagutzea eta lan eginez eta aukerak aprobetxatuz urrun heltzea posiblea dela ikustea. Gakoa mugitzea da, eta nik Madrilekin kontaktuan jarraitzen dut. Oraindik proiektu asko ditut han egiteko eta laster itzultzeko asmoa dut. Hala ere, kuriosoa da nola han nengoela hona itzuli behar izan dudan proiektu guztietarako: ‘Caminantes’, ‘Gernika’, ‘El Silencio de la Ciudad Blanca’, ‘Maixabel’… Madrilek ate asko zabaldu dizkit, baina Euskal Herriak ere bai.

Hemen falta dena gune kulturalak direla esango nuke. Lehen Zorrotzaurre zena bezalako toki gehiago egon beharko lirateke artistei aukerak emateko. Sortzaileak badaude, baina beharrezkoa da programazioa zabaltzea; hau da, espazioak aprobetxatzea sortzaileei, bai bertakoei bai kanpokoei, ikusgarritasuna emateko eta giro artistikoa sortzeko. Horixe du Madrilek: mugimendu kultural handia.

Paule Barcenilla / Geuria

Zer eramaten duzu bizia ematen diozun pertsonaia bakoitzetik?
Ikasketa pila bat. Batez ere ‘Verano de Cristal’ obratik asko ikasi nuen. Catherine Hollyren papera egin nuen, eta lehen pisuzko pertsonaia izan zen. Ziurtasun handia eman zidan pertsonaia indartsu bat aurrera atera ahal izateak. Gainera, pertsonaia bakoitzak zure barneko zerbait berria ikastea, izaera arakatzea eta gauza batzuk zalantzan jartzea ematen dizu. Paperak prestatzerakoan egiatik abiatzen naiz, maitasuna eta dedikazioa eskainiz. Hau da, ni, Paule Barcenilla, egoera horretan egongo banintz zelan egingo nukeen aztertzen dut, pertsonaia bat gorpuzteko zer gertatzen zaion ulertuz eta benetako emozioak bilatuz. Begiek beti esaten dute egia, eta horrek publikoarekin konektatzea eragiten du. Zuk sinesten ez baduzu, publikoak ez du sinetsiko. Azken aldian bereziki, castingen bat prestatu behar izan badut, laguntza eskatu dut. Lehen ez nuen egiten, baina uste dut garrantzitsua dela kanpoko begirada hori izatea, beste ikuspuntu bat izateko eta hobeto landu ahal izateko. Proiektu bakoitza ilusioz bizi dut, energia aldatzen zait. Taulagainean pozik sentitzen naiz eta etxera itzultzean begiak distiratsu izaten ditut.

Zaila al da zinemaren munduan nabarmentzea?
Hasieran baietz uste nuen, baina gero eta jende gehiago ezagutzen dut pausoz pauso bere lekua hartzen ari dena. Gainera, plataforma berriek proiektu gehiago egotea eragin dute, eta horregatik uste dut gero eta irekiago gaudela aurpegi berriak ikusteko. Errekonozimendua izatearen formula konstantzian, dedikazioan eta norbere buruarengan sinestean datza. Aukerak beti heltzen dira. Eta ez da existitzen pertsonaia handriki edo txikirik, aprobetxatu beharreko aukerak baizik. Hala ere, egia da proiektu pertsonalik edo bestelako lanik ez baduzu, ez dela gauza ziurra bihar ere lana izatea. Nik malko asko isuri dut. Baina honetara dedikatzen bazara, bokazionala delako da. Nork dio gaur sari bat emango dizutela eta bihar lana izango duzula? Hori ez dago ziurtatuta. Horregatik, beti eman behar duzu 100%, bideaz disfrutatuz. Hain da polita egiten duguna, benetan merezi baitu. Erabaki bat hartzen duzunean beste bat uzten duzu alde batera, eta batzuetan gauza asko utzi behar dira atzean. Une batzuetan lanbideak pixka bat estutzen zaitu, baina, nire ustez, erabaki egokia hartu duzun baloratzeko dira une horiek. Horrek indartsuago egiten zaitu beste proiektu bat iristen denerako, hemen zergatik jarraitzen duzun jakiteko. Bide ezberdinak daude, bakoitzak berea dauka, eta hori ere garrantzitsua da: konparaketak alde batera uztea eta zure bidea ahalik eta hoberen eraikitzea.

Duela gutxi proiektu berri bat jarri duzu martxan: ‘Saltar al infinito’ podcasta.
Beti izan dut buruan podcast bat egitea, bereziki duela bi urtetik hona. Goranzko joera hartu dute azkenaldian, oso formatu erosoa delako eta ahotsek gertutasuna transmititzen dutelako. Pilotu automatikoa alde batera utzi eta zuk erabakitzen duzu zer kontsumitu nahi duzun momentu bakoitzean. Retiron paseoak ematen nituenean gustatzen zitzaidan podcastak deskubritzea, eta txikitatik asko entzun dut irratia. Garapen pertsonalarekin zerikusia duten podcastak entzuten nituen, eta probatzeko jakin-mina banuen ere, ez nintzen ausartzen. Azkenean, denbora libre asko izan ostean, elkarrizketatzeko lagun oso interesgarriak nituela ikusi nuen eta martxan jartzea erabaki nuen. Gai hauei buruz hitz egitea gustatzen zait. Beraz, zergatik ez jarri mikro bat aurrean eta aurrera egin? Gozamenetik jaio zen, itxaropen handirik gabe eta tarte horretan gonbidatuengandik ikasteko asmoz. Eta entzuleek zerbait hartu badezakete, ni pozik! Bertan artistek eta hainbat profesionalek parte hartuko dute barne-boterea eta espiritualtasuna lantzeko, eguneroko bizitzari buruz hausnartuz pertsona gisa hobetzeko. Ez da inori ezer irakasteko izango, baizik eta alderdi ezberdinak birplanteatzeko aukera emango digun espazio bat izateko. Iaz coach batekin egon nintzen, Maria Fernandezekin, eta hark azaldu zidan pauso berri bat ematen duzunean hutsune bat sortzen dela. Askotan esaten da: “saltar al vacio”. Baina salto egiten duzunean ausardiaz egiten duzu, beldurra alde batera utzita. Hutsune edo jauzi horretan daude, beraz, aukera guztiak. Eta aukera guztietara zabaltzen zarenean, ausartzen zarenean, magia sortzen da. Hori zen egin nahi nuen metafora. Nigatik ere izan da. Beldurra ematen zidanez, goazen salto egitera! Spotifyn, Ivooxen, Spreakeren eta YouTuben dago entzungai, eta printzipioz, lasaitasunez hartu nahi dudanez, birritan izango dira hilean: lehenengo eta hirugarren asteko ostiraletan.

Eta orain, zer duzu esku artean?
Badauzkat beste proiektu batzuk motxilan sartuta (abestiak, adibidez), pixkanaka argia ikusiko dutenak. Madrilgo kide batzuekin ere antzerki lanak aurrera eramaten ari naiz eta Arrigorriagako neska bati, Saioa Migueli, bere gradu amaierako lanarekin lagunduko diot. Film labur bat prestatzen ari da maiatzerako eta auzokide artista ezberdinekin harremanetan jarri da bertan parte hartzeko. Bestalde, zine-interpretazioko ikastaro bat ematen ari naiz ume batzuei Bizien, Bilbon. Hori, momentuz, azaltzen zaizkidan casting berriei ere gogotsu helduko diet eta! Beraz, proiektu pertsonalen eta suertatzen direnen artean ibiliko naiz aurten.

☉ Zaratamo

Olaganeko pasarelan irristadak ekiditeko produktuak ipintzeko aukera aztertzen ari da Zaratamoko Udala

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristadek auzotarren ezinegona piztu du

|

Olaganeko pasarela, eraikitze-prozesuan, 2023an // Geuria

Zaratamoko Udalak barandak ipini ditu azken asteetan Arkotxatik Txomin Egileor kalera joateko Olaganeko pasarelan eta egun hauetan produktu berezi bat ipintzen ari dira burnizko pieza horiek ez erdoiltzeko, herritarrek hala eskatu ostean.

Baina bertan egin beharreko lanak ez dira bukatu oraindik; pasarela inauguratu zutenetik, auzotar batzuek labainkadak izan dituztela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek: “Hori dela eta, aurrekontua eskatu diegu bi enpresari zergatiak ikertzeko analisia egin eta arazoari konponbidea emateko”. Ziurrenik produkturen bat ipini beharko dutela azaldu dute Udaletik. Barandak ipintzeko obrek iraun zuten bitartean pasabidea itxi zuten, baina gaur egun guztiz erabilgarri dagoela azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristaketek auzotarren ezinegona piztu du: “Egoera honen jakitun gara joan den negutik”, kexatu dira Arkotxako Auzo Elkarteko kide batzuk. “Udalak denbora izan du tarte horretan egoerari irtenbidea emateko”.

Azken asteetako euria dela eta, hainbat auzotarrek labain egin dute pasarela ertabili dutenean.

Olaganeko pasarela 2023ko urrian eraiki zuten eta Txomin Egileor kaleko errepide gainetik zeharkatzen duen oinezkoen zubiarekin konektatzen duen egitura irisgarria da.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Herritarrentzako jarduera ugari prestatu dituzte Gabonetan, Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetan

Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra bitartean puzgarriak, goitibeherak, magia tailer eta ikuskizuna, musika eta Olentzero eta Mari Domingi egongo dira Zaratamon

|

Errege Magoak, Arkotxako frontoian // Geuria

Gabonetarako gero eta gutxiago falta da, eta Zaratamoko Udalak jardueraz betetako programa prestatu du haurrentzat eta hain haurrak ez diren herritarrentzat ere, Arkotxan eta Elexalden. Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra arte ez dute aspertzeko tarterik izango zaratamarrek.

Lehen jarduera abenduaren 22an antolatu dute. Egun horretan puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Arkotxako frontoian 11:00etatik 14:00ak arte. Abenduaren 24a Gabon Gaua da, eta urtero lez, eguerdi aldera Olentzero eta Mari Domingiren bila abiatuko dira herriko gaztetxoak Elexalden, 12:00ak aldera.

Hilaren 26an magia tailerra antolatu du Walas magoak goizean, Arkotxan. Arrastian ikuskizuna egingo dute eta tailerrean parte hartuko dutenek ikuskizunean arituko dira ere; Abenduaren 28an Zaratamoko koroak kontzertua eskainiko du 12:00etan; hilaren 31n, 11:30ean kanpai txikiak joko dituzte Elexalden, bazkalordura bitartean. Urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorri aurreratua emango zaio herriko plazan, eta auzotarrekin partekatzeko momentu berezia izango da.

Urte berria estreinatzeko, urtarrilaren 2an puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Elexaldeko frontoian, 11:00etatik 14:00ak arte; Urtarrilaren 3an, 18:00etan ikuskizun berezia antolatu dute etxeko txikienentzat: Kiki, Koko eta Moko.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Hareontzi berria sortu dute Zaratamoko ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan

Haur eta gurasoak gau eta egun ibili dira jo eta su proiektu honetako azken jarduketan

|

Gurasoak, gauez lanean // Gure Ametsetako Jolastokia

Gure Ametsetako Jolastokia proiektuak urrats berri bat eman du: auzolanaren bidez haurrentzako hareontzi berri bat ipini dute Zaratamoko eskolako jolastokian.

Besopean Guraso Elkarteak deialdiua egin zuen joan den astean Zaratamoko eskolan, jarduketa egin ahal izateko eta hiru eguneko lanaren ostean ipini dute haurrentzako hareontzia, Egurpal eta BilboRent herriko enpresen laguntzarekin.

“Barikuen hasi ginen eta astelehenera arte luzatu ziren lanak. Eguzki orduek labur lotu jakuz eta iluntzean ere lanean jardun gara”, azaldu du Irati Azkueta Pujana irakasleak. 50 pertsona inguru batu ziren lanerako, guraso, irakasle eta ikasleen artean. “Eskolako Elkarbizitza Behatokian umeek egindako eskaerei erantzun bat emoten saiatu gara, eskola komunitatearen arteko harremanak indartu doguzen bitartean”.

Hareontzia enpresek utzitako makina hondeatzaileagaz eta porlanagaz sortu zuten gurasoek. Gainera, nagusienen gelako terrazarako eserleku batzuk sortu zituzten palletak erabiliz. “Lanak amaitu ostean mokadutxoa hartzeko eta elkarrekin bazkaltzeko parada ere izan dogu, giro paregabean”.

Haurrak eta gurasoak, eserlekuak sortzn // Gure Ametsetako Jolastokia

Aste honetan azken ukituak eman dizkiote azken auzolan honi eta hurrengoei begira ikasturtean zehar eskolako patiorako ekipamendu berri gehiago ekartzen ahaleginduko direla adierazi du Azkuetak. “Horrela Gure Ametsetako Patioa elkarlanean eraikitzen segiduko dogu, gure eskolako haurren gozamenerako”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

|

Eskainiko dituzten jardueren artean aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko tailerra dago // Sollange Brenis, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.

Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.

Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.

Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.

Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

|

Sorgin bat, Arrigorriagako Gau Beltzan // Geuria

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.

Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, barikua

18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza

Osorik irakurri