Elexaldeko Taberna Zaharrako itxidura prozesua martxan jarri du Zaratamoko Udalak neguan zehar bertan sortzen diren aire hotzeko korronteak saihesteko: egun euritsu eta hotzetan terraza erabiltzea ezinezkoa da herritar batzuentzat. Horregatik, guztira 13.900 euro (BEZa barne) bideratuko dituzte estaldura-lanak egin ahal izateko.
Azalerari dagokionez, 4 x 2,25 metroko estalkia jarriko dute zabaian eta 6 x 2,80 metrokoa, albo batean. Udalak laburbildu du “azken batean taberna alboko espaloi zatia estaliko dutela”. Doikuntza hori dela eta, taberna aurreko kale-argia lekuz aldatu beharko dute langileek.
Lanak “laster” hasiko dituztela azaldu du Udalak eta zortzi aste baino gutxiagoko epean bukatuko dituztela iragarri du.
