→Zaratamo

Presaganako txistulariak: «Txistuak kalea eta naturaltasuna galdu du; ez du antzinako presentzia»

Zaratamoko Presagana txistulari taldeak belaunaldi ezberdinetako lau kide dauzka gaur egun. Txistulariaren figuraren inguruan luz egin dugu berba kideekin. Txistularia txistua eta danbolina jotzeaz harago doan musikaria dela diote, “jendea kalean barrena elkartzeaz” arduratzen dena, besteak beste.

Presaganako txistularia taldea / Geuria

Kaleak txistuka animatzen dituzten musikariak ditugu Zaratamoko Presagana taldeko Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, 1959), Iñaki Sautua (Orozko, 1955), Xabier Amezketa (Basauri, 1959) eta Xabier García (Zaratamo, 1998). Taldea 2014an sortu zuten eta Pello Joxepe, Albisturen Zortzikoa edo Mendizaleak Aurrera bezalako kantak jo dituzte Arkotxan, Elexalden edo Bilbon. Gaur egun hiru jubilatuk eta gazte batek osatzen dute Zaratamoko txistularien taldea eta musikari hurbil hauen etorkizunaz, oinordekotzaz eta ametsez aritu gara Elexalden duten entsegu lokalean, Taberna Zaharraren azpian. Lau kideen arabera, txistulari onak egon badaude, baina musikarien etorkizuna ziurgabetasunean murgilduta dagoela eta antzinako naturaltasuna galdu duela diote.

Zenbat urte daramatzazue Presaganan?
Jose Inazio: 2014an egin genuen lehen kontzertua, Arkotxan. Gogoan daukat. Egia da ere kontzertu hura baino lehen herriko kaleetan zehar kalejirak emandakoak ginela. Bizkaian ‘Euskal Kantak’ kantu txapelketa zegoen eta guk abesti batzuk jo genituen ekitaldiaren amaieran. Bertan Presaganako txistulariekin batera Arrigorriagako eta Basauriko lagun batzuk izan genituen.

Nolakoa da txistulariaren figura?
Iñaki Sautua: Beti egongo dira txistulariak herrian, sakabanatuta bada ere. Azken batean, txistulariak jendea kalean barrena elkartzeaz arduratzen garen musikariak gara.

Txistularia izatea herentzia kontua da?
I.S: Nire aititea atabalaria bazen ere, nire kabuz ikasi nuen txistua jotzen.
J.I: Nire aita txistularia zen. Bistan da kontu hauetan beti dagoela sektoreko inor bakoitzaren familian.

Eta gaur egun, nola dago txistularitza?
I.S: Badeko bizitza, ezta? -dio kideei begiratuz-.
Xabier García: Gazteon artean, gitarra elektrikoa edo bateria dira musika eskoletan gehien eskatzen direnak. Txistua aukera arraroa izan ohi da gaztetxoen artean. Txikitan txistulariak kalean ikusten nituenean gurasoei esaten omen nien nagusia izatean horixe egin nahi nuela. Urteak aurrera egin ahala, musika eskoletan txistulariak egon badirela jabetu naiz.
J.I: Txistuak kalea eta naturaltasuna galdu du. Orain dela urte batzuk, txistulariaren figurak presentzia handiagoa zeukan, adibidez, mendiko irteeretan: ibilbidean zehar animatzen zuen, autobusean ere bai! Erromerietan, jendeak bokata jaten zuen bitartean, bertan egoten zen txistularia, ekitaldia girotzen. Egoera hau ez da hainbeste ikusten gaur egun. Horrek ez du esan nahi txistularirik ez dagoenik; ziurrenik inoiz baino txistulari gehiago daude!

Presaganako txistulari taldea / Geuria

Eta non daude orduan?
J.I: Nik uste dut kontzertuetan presentzia handitu dela, baita antolatutako kalejiretan eta dantza ekitaldietan ere.

Oinordekorik al dute egungo txistulariek?
J.I: -Gainontzeko txistulariei begira, Xabier Garciari izan ezik- Jubilatuta, jubilatuta eta jubilatuta. Gu hirurok jubilatuta gaude. -Orain bai, Xabierri begira- Gaztea!

Xabier, 23 urte, taldeko gazteena.
X.G: Duela urte batzuk, musikari izateko hiru instrumentuko eskaintza zegoen. Gaur, ostera, eskaintza hori modu nabarmenean handitu da eta nazioarteko instrumentuak jotzeko aukera dugu. Aukera hain handia izanik, euskal folklorea desagertzeko edo lausotzeko arriskua bertan dago. Hala ere, txistulariaren figurak aurrera egingo duen sentsazioa daukat.

2014tik Arkotxan, Elexalden eta Bilboko Kafe Antzokian egon zarete txistuka. Esperientzia horien guztien artean ba al dago inoiz ahaztuko duzuen oroimenik?
J.I: Kafe Antzokikoa primeran egon zen. Udako Euskal Unibertsitateak Uztaro izeneko aldizkari bat dauka, gizarte zientzietakoa. 2017an urteurrena ospatu zuen eta aldizkariko zuzendaria, Jokin Apalategi, gure kontzertuetara etorritakoa zen, Maite Idirin emazteagaz. Ospakizunera joan eta bertan jotzeko gonbidapena luzatu zigun eta oso gustura ibili ginen bertan. Bilboko Orkestra Sinfoniko Gaztearekin ere kontzertu polita egin genuen Zaratamoko San Lorentzo elizan, koro eta guzti! Kuriosoa izan zen kontzertu hura (barreak).

Pandemia igarota, berriro martxan?
J.I: Ekainaren 4an berrekingo diogu martxari, Arkotxako jaietan eta kalejira egingo dugu auzoko kaleetan barrena, eguerdi aldera. Urtero kontzertu pare bat eskaintzen doguz herriko koruagaz eta gainontzekoak kalejirak izan ohi dira, San Lorentzotan edo Upo mendian, adibidez.
I.S: Urtean hamar aldiz jotzen dugu batez beste Zaratamon: Arkotxan behin, Elexalden hiru aldiz, Burbustun, Upon, ospakizun berezietako egunetan… Hala ere, kalejira horietan, Presaganako txistulariekin batera lagunak izaten ditugu.
J.I: Hori da. Gu, berez, lau gara Presganako txistulariak. Kontzertu eta kalejiretan gonbidatuekin aritzen gara. Inor ‘engainatzen’ saiatzen gara beti (barreak).

Presaganako txistulari taldea / Geuria

Musikan, oro har, tendentziak daude eta estiloak garatuz doaz. Txistularitzan, aldiz, aldaketa gutxi, baina harrera ona dute musikariek herrietan.
J.I: Folkloreagaz, historiagaz eta kulturagaz lotura daukalako, agian. Txistularia musikari herrikoia da, tabernan edo elizan egon daitekeena. Txistua instrumentu oso irisgarria da jendearentzat.
X.G: Eta euren musikeagaz dantza egin daiteke edo eserita entzun eta gozatu!
J.I: Oso polita da guretzat baserri batera heldu, San Lorentzotan kasu, jota pare bat jo eta ostean txakolina eta txorizo mutur bat jan, bertako jendeagaz. Zoragarria da auzotarrengandik irteten den ospakizun hori. Ohitura bat dago eta txistularia, derrigorrezko figura ez bada ere, bertan egon ohi da.

Zenbatero elkartzen zarete Elexaldeko lokalean?
J.I: Astean bitan dira entseguak. Gutako bik hitzordua errespetatzen dute beti. Beste biok, ostera, bestelako betekizunak ditugu eta batzuetan ezin gara bi egunetan etorri.
I.S: Ordu eta erdi eta bi orduko saioak izan ohi dira normalean.

Denbora dexente entsaiatzen dozue!
J.I: Torpeak gara eta.

Torpeak ez dakit, baina primeran joko dozue!
I.S: Ai ama! Hori beste kontu bat da! (barreak).

Nolako ezaugarriak izan behar ditu txistulari batek txistulari ona izateko?
X.G: Hasteko, solfeo oinarri ona izan. Baina ‘ona’ izatearena galdera zabala da gero!
J.I: Auzotarra dugu Sabin Bikandi. Parametroa bera badugu, munduan txistulari on bi daude: bera eta Mendizabal. Estilo askotako txistulari on asko daude munduan. Garai batean Boni Fernández izan genuen Bilboko txistulari erreferentea, esaterako. Ni, galdakaoztarra izanik, Zamalloa anaiak ditut erreferente, adibidez. Bikandi eta Mendizabal erreferente modernoen artean koka ditzakegu, eta hori eztabaidaezina da. Adibide horiek oso ezberdinak dira euren artean, bizitzea tokatu zaien momentuaren araberakoa.

Gaur egun txistulari on asko dauzkagu gure artean, orduan.
I.S: Xabier Amezketa Bilbao Musikan ikasitakoa dugu eta bertan txistulari gazte asko daude. Hala ere, badago saioa bete eta instrumentua berehala gordetzen duten musikaririk. Gu plazako txistulariak gara. Egiten dugun hau benetan gozatzen dugu.

Nolako oihartzuna dauka txistularitzak gure eskualdean?
J.I: Talde asko eta onak ditugu gero! Galdakaoko Andra Mari dantza taldea, Arrigorriagako Arizberri, Basauriko Danbolin… Erreferente benetan aipagarriak ditugu.
I.S: Eta baita eskualdetik haratago ere: Areetan, Laudion, Amurrion, Urduñan… Herri guztietan ditugu txistulariak!
X.G: Ezkerraldean dantzataldeak egon badaude, baina txistulari gutxi, esaterako.
J.I: Portugaleten Elai Alai kultur elkartea dago, oso potente portzierto!

Zuen kontzertu gehienak Zaratamon egin dituzue. Edonon jotzeko aukera izango bazenute, nora joango zinatekete?
X.G: Ni betidanik jo nahi izan dut aldaketa kultural batean, gure kultura beste herrialde batekin elkarbanatuz, esaterako.
I.S: Atlantiar ozeanoa zeharkatu eta Idahoko Boise Jaialdira joan, lau urterik behin antolatzen diren euskal topaketetan parte hartzera!
J.I: Bai hala? Ez nuen espero! (barreak). Niri asko gustatuko litzaidake gazte gehiago erakartzea Presaganara. Poz handia emango ziguten!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak