→Zaratamo

Zaratamoko Vulcanizados Zuloagak 52.900 euro ordaindu beharko dizkie grebalariei, “kalte moralengatik”

Euskal Langileen Sindikatuak iragarri du Bilboko lan arloko epaitegiak Zaratamoko kautxo eta metalaren Vulcanizados Zuloagak 52.900 euro ordaindu beharko dizkiela grebalariei “kalte moralak sortu izanagatik”

Zaratamoko egoitza, pegatinaz estalita // Geuria

Euskal Langileen Sindikatuak iragarri du Bilboko lan arloko epaitegiak Zaratamoko kautxo eta metalaren Vulcanizados Zuloagak 52.900 euro ordaindu beharko dizkiela grebalariei “kalte moralak sortu izanagatik”. ELAko ordezkarien arabera, epaileak uste du enpresak “legez kanpo” ordezkatu dituela greban dauden langileak.

Grebalarien artean Eduardo Giménezekin berba egiteko tartea izan dugu: “Albiste ona da, epaileak eskatu genuen guztiaren inguruan arrazoia eman digulako, greba urraketa azaleraziz: barne eskirolajea zein gure lanaren externalizazioa egin dutela erakutsi dute. Horrela, langile bakoitzak 2.500 euro jasoko ditu kalte moralen ordainetan”, azaldu du. “Kopuru horri beste lau langileen kalte ordaina gehitu behar zaio: horietako bi aitatasun bajan egondakoak eta beste bi bajan egondakoak. Horregatik, errekurritu eta kalte ordainak 60.000 euro erdiestea espero dugu”.

ELA “pozik” agertu da epailearen erabakiaz eta Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzari eskatu dio “epaiak adierazi bezala kondenatutako greba urraketak berehala eten eta greba batzordeagaz negoziazio fasea zabaltzea”. Sindikatuaren arabera, “gatazka hasi zenetik Enpresako zuzendaritzak ez du inolako borondaterik izan langileentzako baldintza duinak negoziatzeko”.

Grebalariak, Zaratamoko egoitzan, 200 egun greban zeramatzatenean // Geuria

339 egun borrokan

Langilearen hitzetan, azken hilabeteak bereziki gogorrak izan dira enpresako 26 grebalarientzat 339 eguneko greba mugagabean: “Berez iazko maiatzaren 10etik gabiltza greban, eta gogotsu bagabiltza ere, gogorra izaten ari da”, azaldu du Giménezek. Hurrengo asteak enpresari hausnarketa egiteko utziko diotela aurreratu grebalarien ordezkariak: “Gure asmoa lehen unetik enpresagaz akordio batera iristea izan da eta erantzuna baikorra zein ezezkoa izan, gure eskubideengatik borrokatuko dugu”.

Momentura arte, grebalarien hitzetan, enpresari egindako proposamenek ez dute inolako erantzunik izan eta langileek piketeak egiten ari dira 11:30etatik 14:15ak arte Zaratamoko egoitzan: “Guk argi daukagu: ez dugu behar bezala lan egingo lan-baldintza duinik gabe”.

Gaur egun Estatu mailako kimikakoen hitzarmena aplikatzen zaie langileei eta kasik 1.000 eurora heltzen diren soldatak jasotzen dituzte. “Egoera hau konpontzea da gure helburua. Lan egiteko gogotsu gabiltza”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak