→Zaratamo

Zaratamoko Vulcanizados Zuloagako langileek greba mugagabea hasi dute

Vulcanizados Zuloaga enpresako langileak greban / ELA

Zaratamon kokatu dagoen Vulcanizados Zuloaga SL enpresako langileak greba mugagabea hasi zuten astelehenean, ekainaren 28an. Automobilgintzako enpresa bat da Vulcanizados Zuloaga eta Kimiken Estatuko Hitzarmena aplikatzen die langileei. ELA sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, “hitzarmen honen aplikazioaren ondorioz, langile gehienek soldata oso txikiak dituzte, eta zati handi batek 1.000 euro baino pixka bat gehiago irabazten du hilean”.

Ekainean bost greba egun egin zituen plantillak. Helburua: langileen prekaritateari amaiera emango dion lehen enpresa hitzarmena lortzea. Ekainean egindako lanuzteen ostean, ostera, “enpresako zuzendaritzak uko egin dio langileen erreklamazioak negoziatzeari eta aintzat hartzeari”, diote ELA sindikatuko ordezkariek, eta orain, behin greba mugagabea hasita, hitzarmena negoziatzeko eskaera luzatu diote enpresa zuzendaritzari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak