→Zaratamo

Zaldi bat eta ahuntz bat hilda agertu dira Zaratamoko Altamira auzoan

Joan den larunbatean, oinezko batzuek zaldi bat eta ahuntz bat hilda topatu dituzte Zaratamoko Altamira auzoan eta HAIEKIN elkarteak azaldu du animalia biek “desnutrizio sintoma argiak” zituztela

Estalguneko animaliak // Zaratamoko auzotarrak

Joan den larunbatean, oinezko batzuek zaldi bat eta ahuntz bat hilda topatu dituzte Zaratamoko Altamira auzoan eta HAIEKIN elkarteak azaldu du animalia biek “desnutrizio sintoma argiak” zituztela. Duela egun batzuk, oinezko biek zaldia bertan ikusi zutela azaldu dute, “oso argal eta ahul”. Ezbeharra Altamira auzoko estalgune batetik hurbil gertatu da eta inguruetan animalia gehiago topatu dituzte elkartekoek, “egoera tamalgarrian”.

Zaratamoko Udaleko ordezkariek azaldu dute gertakari honen berri ez dutela izan momentura arte, eta Altamira, Arrigorriagarekin elkarbanatutako auzoa, ganaduko zonaldea dela eta bertan jendeak ortuak eta animaliak dituela. Lerro hauen azpian ikus daitezken irudiak Altamira auzoko zenbait auzotarrek filmatutakoak dira, egun ezberdinetan.

Goiko irudietako animaliak “desagertu” direla azaldu dute HAIEKIN elkartetik: “Animalien jabearen prentsa txarra dela eta izango omen da, eta estalgunean zein alboko larreetan zeuden animaliak egun batetik bestera desagertu dira”, eta ezbehar hau lehena ez dela azaldu diote GEURIAri elkarteko ordezkariek: “Berez, ‘ganaduzalea’ bada ere, animaliak erosi eta saldu egiten dirua egiten du gizon honek eta saldu egiten ez dituen ekoizpenezko animalia horiek bertan behera uzten omen ditu, hil arte. Salaketak dauzka 2012 urtetik, eta etrokizunean ezbehar gehiago egongo direla uste dugu, zoritxarrez”.

Egoera tamalgarrian

Animalien elkarteak ezbeharra salatu eta heriotzak gertatu diren inguruetan txatarra eta hondakinez betetako estalgune bat zegoela deskribatu du. “Gainera, leku berean urik eta janarari ez duten behi argalak zeuden. Animalia horiek kate motzez lotuta zeuden eta ezin dira behar bezala etzan, jan edo lo egin”, salatu dute HAIEKINetik eta estalgune barruan beste horrenbeste animalia daudela jakinarazi dute: “Barrualdean lokatz putzuetan bizi ziren txerriak eta janaririk gabeko txakurrak zeuden bizitza baldintza penagarrietan”.

Gauzak horrela eta kasu hauek “delitu publikoak” direla arrazoituz, elkarteak animalien aurkako lege eraginkorrak sortzea eskatu du eta etorkizuneko Animalien Babeserako Legea idazten ari diren Eusko Biltzarreko arduradunei eskatu diete animalien babesaren esparruan aurrerapausuak ematea: “Momentuz salaketa ipini dugu fiskaltzan eta laster era ofizialean egingo dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak