→Zaratamo

Zaratamoko herritarrek 90 ekarpen inguru egin dituzte 2021ko aurrekontu parte-hartzaileetan

Arkotxarako seinalea, Elexalden // Geuria

Iaz egin zen bezalaxe, aurtengo otsailan jarri zen martxan Zaratamoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, bertako herritarren ekarpenak jaso ahal izateko eta martxoaren 5ean amaitu zen epea. Prozesuan Arkotxa, Elexalde, Gurutzalde, Iragorri eta Moiordineko 87 ekarpen jaso dira guztira: 27 Moiordinen, 26 Gurutzalden, 19 Elexalden, 9 Arkotxan eta 6 Iragorrin.

Ekarpenetan parte hartu duten Zaratamoko auzotarren perfilak 34,5 urtetik (Elexalde) 74ra bitartekoak izan dira (Iragorri), batazbesteko adina 55,52koa izanik.

Moiordin auzoa // Geuria

Ekarpen aipagarriak, auzoka

Askotariko ekarpenak izan badira ere, honako hauek izan dira auzoz auzo jasotako aipagarrienak:

Gurutzalde

  • Mendien garbiketa eta mantenua
  • Arrigorriagarekin batera patinete/bizikleta guneak ezartzea irisgarritasuna errazteko
  • Gurutzalde eskolatik plazara doan bidea egokitzea
  • Udaletxe atzeko haurren parkea eraberritzea
  • Txakurren gorotzak batzeko kanpaina ezartzea
  • Umeentzako kultura-eskaintza handitzea

Iragorri

  • Udaletxeko arkupeko argiteria hobetzea
  • Etxebizitza-sozialen eskaintza handitzea
  • Gurutzalde eskolako jolastokia birmoldatzea
  • Elexaldeko zuhaitzen adaburuak hazten uztea, itzalak sortu ahal izateko

Moiordin

  • Iberdrola eta Euskaltel enpresei elektrizitate eta telefonia kableak lurazpitik igarotzea eskatzea
  • Moiordinetik Gurutzalderako xendan argiteria ezartzea
  • Txokoen erreserbak martxan jartzea
  • Euskararen aldeko kanpaina martxan jartzea
  • Berdintasunaren aldeko kanpaina martxan jartzea, Martxoaren 8az haratago
  • Nagusientzako teknologia berrien inguruko ikastaroak antolatzea
  • Amiantoaren inguruko arazoei irtenbidea ematea

Arkotxa

  • Arkotxako anbulatorioa eraberritzea
  • Ibilgailu astunen sarbidea mugatzea
  • Argiteria hobetzea, itzalaldiak ekiditearren
  • Ibaizabaleko lanak direla eta, auzoko paseoak uztartzeko aprobetxatzea
  • Arkotxako erdigunea oinezkoentzat prestatzea

Ekarpen hauek auzoetan zehar jarritako postontzietan, formularioen bidez eta Arkotxa zein Moiordineko bileretan egin ziren, martxoaren 1ean eta 2an. Xehetasun guztiak ikusi ahal izateko, jo Udaleko webgunean erantsitako albistera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak