→Zaratamo

Mendieta eta Elexalde lotzen duen errepideko argiteria berrezarri du Zaratamok

Kale-argiaren konponketa, arketa ixtearen faltan // Geuria

Itxialdian, konfinamenduan hasi bezain pronto, auzo biak lotzen dituen errepideko kableak ostu zituzten hiru gauetan eta martxotik gaur egun arte argi barik egon dira bertako auzotarrak. “Itxialdia igaro arte ez ditugu kable berriak jarri, berri lapurtzeko arriskua zegoelako, egun horietan kaleak hutsik zeudelako”, adierazi du Ugarriza alkateak. Udaleko langileen arabera, antzeko ezer gertatu zen 2008an, krisia hasi bezain pronto: “Urte hartan kable berriak jarri bezain pronto berriro lapurtu zituzten, eta arrisku hori ekidin nahi genuen”. Aurrekoan, eta segurtasun-neurri bezala, loturak egiten diren lekuetan porlana bota zuen Udalak, balizko lapurretak eragozteko “baina sistema horrek ez zuen inolako eraginkortasunik izan: pentsatutako lapurretak izan dira”.

Udaberria igaro eta udako oporren ostean langileak lanera bueltatu dira eta azaroaren 17an bukatu zituzten kable berriak jartzeko lanak: “Argiteria berria ezartzeak lan handia eman digu, arketak berriro garbitu behar izan ditugu eta horren ostean, kableak eta euren konexioak berrezarri. Egunean hiru kale-argi konpondu dituzte langileek. Momentu honetan argia badaukagu eta kale-argietako arketak ixtea falta zaigu”, adierazi du Albertok. “Udal langileek egindako lana izan denez, konponketan dirua aurreztu dugu”. Mendietako auzotarrek gertutik bizi izan dute gauen iluntasuna, euren etxeetatik metro gutxitara igarotzen baita Arrigorriaga Elexalderekin lotzen duen errepidea: “Ez da lehen aldia argiteriaren arketak lapurtzen dizkigutela, eta batek daki zenbat denbora iraungo duten jarri dituzten kable berri hauek“, adierazi du Mendietako auzotar batek.

Elexaldera doan errepidea, Mendietan // Geuria

Arkotxan ere, lapurretak

Azaroaren 17an, Mendietako argiteriarekin bukatu bezain laster, Arkotxako kulturetxeko inguruetakoa konpontzen hasi dira Udal langileak: “Harrigarria da, baina herri guztietan gertatzen den ezbeharra dugu argiteriaren kableen lapurreta“, adierazi du alkateak. “Lapur hauek espezializatuta daude eta ondo baino hobeto dakite zer lapurtzen ari diren. Duela gutxi antzeko lapurretak gertatu ziren, non eta Galdakaon bertan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak