→Zaratamo

Elezkano zaratamarra Jakaren aurka arituko da, finala helburu

Elezkano II // Aspe

Elezkano II hirugarren aldiz arituko da eskuz banakako txapelketako finalerdietan, Eibarreko Astelenan Asier Agirreri 22-9 irabazi ostean. Danel Elezkano erritmo gogorraz hasi zen eta ez zion Agirreri sorpresarik emateko aukerarik eman. Nafarrak zaratamoarraren zerbitzupean jokatu zuen hasiera-hasieratik. Hasierako 5-0tik nafarrak ezin izan zuen pelotari bien arteko aldea berreskuratu, eta partidak aurrera egin ahala tarte hori gero eta handiagoa egiten hasi zen. “Sakearen bidez abantaila eskuratu dut eta pilota kolpe bakoitzaz gozatu izan dut partidaren hasieratik”, adierazi du Zaratamokoak EiTB katean. Lehen atsedenaldira heltzean 12-1eko emaitza eskuratu zuen bizkaitarrak. Itzuleran, Elezkanoren hiru zuzeneko sakeek pilotarien arteko tantuen distantzia zabaldu eta duelua bukatzear zegoelarik, nafarrak etsipenak ia jota distantziak nolabait hurbildu zituen, 19-1etik 22-9ra mugituz. Elezkanok 15 tanto eskuratu eta 6 galdu zituen, Agirrek lortutako 3engatik eta galdutako 7engatik. “Lehiakorra izaten saiatzen naiz. Azken hiru urteetan lortu dut. Niretzako marka handia da eta azken urteetan erregulartasuna izan dut eskuz banakako txapelketetan”, aderazi du Elezkanok EiTBn.

Urrutikoetxea, kanpo

Mikel Urrutikoetxeak, ostera, zorte txarragoa izan zuen Erik Jakaren aurka jokatutako partidetan (13-22), zaratamoarra txapelketatik kanpo lotuz. Partidaren hasierak bizkaitarraren joko luzearen bidezko aldeko apustu egin bazuen ere, Gipuzkoarrak jokoz aldatu eta partidak 180ºko noranzkoa hartu zuen. Erik Jakak arriskatzeko erabakia hartu eta emaitzak bere alde egin zuen: Zaratamokoak ezin izan zion Gipuzkoarraren joko laburrari eutsi. Urrutikoetxeak ezin izan zion aurre egin Lizartzakoak egin zion dejada bati eta aukera horri eutsiz gipuzkoarrak zuzeneko bost tantu eskuratu zituen. Hortik aurrera eta airetik egindako Jakaren aldeko jokoari ezker, partida ezinezkoa egin zitzaion Urrutikoetxeari. Partida bukaeran, Zaratamokoak azken ahalegin bat egin zuen eta emaitzen aldea 13-17ra laburtu bazuen ere ezin izan zion partidaren emaitzari buelta eman.

Elezkano eta Jakaren finaleko postuaren lehia Bilboko Bizkaian jokatuko dute datorren larunbateko arratsaldean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak