☉ Zaratamo
Zaratamoko Uriondo, San Bizente eta Larikao auzoak zuntz optikorik gabe daude 2020. urtetik
Zaratamoko Udalak Telefonika enpresaren gelditasuna salatu du Uriondo, San Bizente eta Larikao auzoak zuntz optikorik gabe dagoelako 2020 urtetik.

Zaratamoko Udalak Telefonika enpresaren gelditasuna salatu du Uriondo, San Bizente eta Larikao auzoak zuntz optikorik gabe daudelako 2020 urtetik: “Zaratamoko Udala 2019ko abenduan jarri zen kontaktuan Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Telefonicarekin herrian landa eremuko auzoetan zuntz optikoa hedatzeko zuten asmoen berri jakiteko eta komunikazio horretatik jakin izan genuen Zaratamon, momentuz, bakarrik Uriondo eta Larikao auzoetan hedatzeko asmoa zegoela eta zeregin hori Telefonicari esleitua ziotela 2019 bertan”, adierazi du Udalak prentsa oharraren bidez. Udalaren arabera, 2020an jakinarazi zuen hedadura hori Europako funts batzuek finantziatuta zegoela eta finantziazio hori Telefonica enpresari esleitu ziotela.
“Martxotik inongo berririk izan gabe 2020ko urrian ziurtatu ziguten abenduan egingo zutela. Abenduan, mugimendurik ez dela ikusirik, lanen egoeraren berri jakin gura izan dugunean, Telefonica luzamendutan hasi da eta proiektua otsailera atzeratu egingo duela esan digu. Herri txikiok berriro bigarren mailako Telefonicarentzat”, adierazi du Zaratamoko Udalak.

Router konexioa // Utzitakoa
Martxoan, gainera, itxiera hasi genuen eta 2020ko udara arteko hilabete horietan, internet berebiziko zerbitzua izan zen etxetik lan egin eta baita gainontzeko pertsonekin komunikatu ahal izateko, eta telekomunikazioen garrantziaz jabetu gara, eta landa eremuan bizi diren pertsonak gertutik bizi izan duten arazoa izan da: “Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta telekomunikazio munduko operadore handiek behin eta berriro azpimarratzen duten arren, XXI. mendean herritar guztiei bermatu behar zaiela telekomunikazio azpiegitura egokia, gero errealitatean argi geratzen da landa eremuko herritarrak bigarren mailako herritarrak direla eta operadoreentzat errentagarriak ez direnez, nahierara jokatzen dutela haiekin“, azaldu du Udalak.
Eragina, gertutik
Agustin Ibarretxe (Uriondo, 1946) Uriondo auzoan bizi da eta anaiaraekin batera txakoli enpresa dauka: “komunikazioa eta abiadura behar dugu behar bezala lan egin ahal izateko”, azaldu du zaratamarrak. “Interneteko abiadura txarraz gainera, estaldura txarra daukagu teleonoz behar bezala lan egiteko eta askotan, laneko telefonoa, estaldura onagoa daukana, portatilarekin konektatzen dut wifiaren bidez. Zaratamarrak dio Uriondo auzo bi daudela Hego Uriben: Zeberiokoa eta Zulo digitaleko Zaratamokoa, barre artean. Abiadura handiko internet zerbitzua ez du sekula ezagutu bere auzoan, eta itxiera garaian pentsaezina zen berarentzat hain erabilgarriak izan zitezkeen bideo-deiak egitea. “Badirudi galdutako munduan bizi garela eta Telefonicak hitza ez jatea espero dugu, 2020 osoa abiadura handirik gabe eman genuelako. Espero dugu otsailean arazoa behin betiko konpontzea”. Ibarretxe Telefonicaren abiadura aldtzearen zerbitzuko itxaron zerrendan dago gaur egun: “Ez dago eskubiderik. Munduko pazientzia osoa izan dugu”.
Miren Begoñe Aspiunza (Uriondo, 1966) ere Uriondon bizi da senarra eta bi semeekin batera. Miren Begoñak Eusko Jaurlaritzako zentro batean egiten du lan, senarrak lantegi batean eta seme nagusia batxilergoko bigarren ikasturtean dago. Txikia DBHko bigarren ikasturtean dabil: “Movistar Fusión 10GBeko paketea kontratatu genuen gure beharrak egin ahal izateko eta gaur egun 10GB heldu beharrean Giga bakarra heltzen zaigu etxera. Egoera oso txarra da, konfinamenduan bereziki”, adierazi du. Batxillergoko bigarren ikasturtean dabilen semea berebiziko garrantzia duen momentua bizitzen ari da, unibertsitatera salto egiteko zorian: “Tentsio handiko momentuak bizi izan ditugu, egun bakarrean laneko bideo-batzar batean negoelako, senarrak aldi berean telelana egiten zebilelako eta seme nagusiak online-klaseak zituelako. Senarrak tele-lana egiteari utzi behar izan zion”. Gauzak horrela, euren beharrak egin ahal izateko Basaurin duten pisu batera mugitu behar izan dira, bertan normaltasunez egin daitekeelako lan. Miren Begoñe harremanetan jarri da Telefonicarekin eta Movistarreko dendara joan da, baina zaratamarren hitzetan bere ahalegin guztiek ez dute ezertarako balio izan.

Aiko dantza taldeko Sabin Bikandik abiadura handiko internet zerbitzua erabiltzen du klase birtualak emateko // Geuria
“Udalen betebeharra da herritarrei oinarrizko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta telekomunikazio azpiegitura egokiak izatea lehentasuneko helburua da Zaratamoko udalarentzat eta horregatik salatu nahi dugu Telefonikak eta Erkidegoko erakunde garrantzitsuenek herri txikiekin eta landa eremuarekin duten jokabidea. Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Telefonikari eskatzen diogu esku hartzea eta aginduta eta esleituta dagoen azpiegitura hori berandu baino lehen hedatzeko, eta Uriondo, San Bizente eta Larikao auzoan zuntz optikoa jartzeko” izan dira Zaratamoko Udalaren hitzak. Pilota Telefonicaren teilatuan dago, eta ikusi beharko da otsailean arazo honi konponbidea eman ahal izango dion.
☉ Zaratamo
Hareontzi berria sortu dute Zaratamoko ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan
Haur eta gurasoak gau eta egun ibili dira jo eta su proiektu honetako azken jarduketan

Gure Ametsetako Jolastokia proiektuak urrats berri bat eman du: auzolanaren bidez haurrentzako hareontzi berri bat ipini dute Zaratamoko eskolako jolastokian.
Besopean Guraso Elkarteak deialdiua egin zuen joan den astean Zaratamoko eskolan, jarduketa egin ahal izateko eta hiru eguneko lanaren ostean ipini dute haurrentzako hareontzia, Egurpal eta BilboRent herriko enpresen laguntzarekin.
“Barikuen hasi ginen eta astelehenera arte luzatu ziren lanak. Eguzki orduek labur lotu jakuz eta iluntzean ere lanean jardun gara”, azaldu du Irati Azkueta Pujana irakasleak. 50 pertsona inguru batu ziren lanerako, guraso, irakasle eta ikasleen artean. “Eskolako Elkarbizitza Behatokian umeek egindako eskaerei erantzun bat emoten saiatu gara, eskola komunitatearen arteko harremanak indartu doguzen bitartean”.
Hareontzia enpresek utzitako makina hondeatzaileagaz eta porlanagaz sortu zuten gurasoek. Gainera, nagusienen gelako terrazarako eserleku batzuk sortu zituzten palletak erabiliz. “Lanak amaitu ostean mokadutxoa hartzeko eta elkarrekin bazkaltzeko parada ere izan dogu, giro paregabean”.

Haurrak eta gurasoak, eserlekuak sortzn // Gure Ametsetako Jolastokia
Aste honetan azken ukituak eman dizkiote azken auzolan honi eta hurrengoei begira ikasturtean zehar eskolako patiorako ekipamendu berri gehiago ekartzen ahaleginduko direla adierazi du Azkuetak. “Horrela Gure Ametsetako Patioa elkarlanean eraikitzen segiduko dogu, gure eskolako haurren gozamenerako”.
☉ Zaratamo
Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.
Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.
Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.
Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.
Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.
Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.
☉ Zaratamo
Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.
Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza
☉ Zaratamo
Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak
Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.
Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.
Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.
Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
☉ Zaratamo
Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da
Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.
Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.
Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.
Basaurin hautsi zen anphora
2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsitatean nenbilenean Bilbon, Pozokoetxeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitateko ikasketak egiten nituen bitartean. Lagun batekin batera irakasten nuen euskara gure kabuz, inolako erakunderen parte izan gabe”.
Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indartsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.
Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Bernardo Atxaga Bilbora bizitzera etorri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musikatu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez nizkion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoetxeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.
Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.
Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.
‘Alkolea’, Txabiri tabernan
Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.
1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.
Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.
Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.
Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.








