→Zeberio

Hegorik gabeko txoriaren ametsa

Naia Negredo irribarretsu eta begirada gardenarekin agertu da Kultur Leioako teilatuan. Larunbata da, goizeko 10:00ak, eta udaren arrastorik ez dago Leioako kultur etxeko sabaian. Hotz egiten du. “Haize pixka bat altxatu da, baina hori ez da garrantzi handiko ezer”, dio Naiak teilatuko erlaitzetik jausia ikusten duen bitartean. Urte bi daramatza Uriondoko baserri batean lagun batzuekin batera bizitzen eta dantza garaikide eta bertikaleko irakaslea dugu. Azken hilabete hauetan ‘Errotzen’ izeneko ikuskizuna sortzen ibili da, estreinaldia Leioako kultur etxean izanik. Dantza garaikidea eta bertikala egin nahi zuela jakin zuen lehen momentutik, bere ametsaren atzetik hasi zen, etengabe ikasiz eta munduan buelta asko eman ostean.

Zinbulu Dantza Bertikal Kolektiboko kidea da Naia Negredo (Ondarroa, 1987) eta Leioako kultur etxeko fatxadatik eskegiko da Sara eta Irunegaz ‘Errotzen’ izeneko ikuskizunaren teaserra grabatzeko. Arnesak jarrita eta jertseak kenduta, eraikineko erlaitzean eseri dira hiru lagunak, hankak airean dituztela: “Hotza eta salto egin aurreko nerbioak dauzkat”, dio Irunek. Zinbuluko lehen lan hau pasa den iraileko Umore Azokan estreinatu zuten kolektiboko neskek. Berez, emanaldi bi egin behar zituzten, baina bigarren egunean eguraldia okertu egin zen eta Leioako Udalari ikuskizuna beste egun batean grabatzeko baimena eskatu zioten, Kultur Leioako kristalezko fatxadan. Non hobeto?

Naiaren istorioak kilometro asko egin ditu munduan zehar. Gaztea zelarik eta ume askok bezala, dantzarekin izan zuen lehen kontaktua euskal dantzen bidez izan zen. “Euskal dantzek oinarriak erakutsi zizkidaten”, aitortu du Negredok. Txikitan futbola bezalako kirolak praktikatzen zituen, Naia Iparragirre izeneko neska bat ezagutu arte: zirkuko teknikak eta dantza erakutsi zizkion hark. Kresala kultur elkarteko gelatxo batean dantza garaikidea eta Clown klaseak ematen zizkion 20 urteko Naiari. “Bestalde, aireko akrobaziak lantzen genituen berarekin: oihalak eta trapezioak”. Naiak, Iparragirrerekin eta lagun batzuekin, Aiarte kultur elkartea sortu zuen Ondarroan zein inguruetan ikuskizun txikiak sortuz eta eskainiz. Une hartan jaio zen artistak publikoarekin duen harremana.

Dantza garaikideari dagokionez, Bartzelonako Institut del Teatren ikasitako Eneritz Zeberio izeneko lagun baten eskutik hiru eguneko ikastaro intentsiboa jaso zuen Negredok Ondarroan, 2008an: “Ikastaro hark betirako markatu ninduen. Bertan erabaki nuen dantza garaikidea egin nahi nuela”. Hortik aurrera formakuntza autonomoaren botoia sakatu eta Ondarroatik Bilbora bidaiak egiten hasi zen Naia, Muelle 3, Cdarte edota La Fundición bezalako eskoletan Olatz de Andrés eta Natxo Montero irakasleen eskolak jasoz, besteak beste: “Gustukoak eta ez hain gustukoak diren teknikak ikasi ditut ikastaro horietan; azken batean teknika ezberdinak barneratzeak nire oinarriak sendotzeko helburua du”. Urte batzuk eman zituen bidaiak egiten eta egunero dantza eskoletara joaten. Eneritzek ere dantza bertikaleko klaseak eman zizkion Naiari, eta dantzari gaztea bere kabuz praktikatuz joan zen Mendexako frontoian.

2015ean hegazkina hartu eta Buenos Airesera joan zen Naia. Argentinako hiriburura joateko asmoa zuen betidanik eta ametsa egia bihurtzeko aukera paregabea izan zen. Bertan, dantza bertikala eta airekoaren inguruko formazioa jaso zuen Brenda Angiel eskolan. Urtebete eman zuen bertan eta ostean Brendarekin klaseak emateaz gainera, ikuskizun batzuk egin zituzten elkarrekin. Tartean, dantza garaikideko klase ezberdinetara joaten zen Negredo, teknika ezberdinak jorratzera.

2016ko apirilean Euskal Herrira itzuli zen eta Aiarte Kultur Elkartean Naiararekin dantza bertikala lantzen hasi zen. Urte horretan, Aiarteko Naiara eta Maite Laglo Circoko Gloria Peonekin egiten zuten dantza. Eurekin dantza egitera gonbidatu zuten Naia, eta 2016ko udan ‘Entre Cuatro Tiempos’ izeneko ikuskizunaren saio dezente eskaini zituzten. Urte berean, Roberto Estradaren ‘Etterfield’ ikuskizunean aritzeko eta nazioarteko jaialdietan dantzatzeko aukera izan zuen Naiak.

2016ko irailean Buenos Airesera bueltatu zen, dantza garaikideko formakuntza handitzeko helburuz. La Fábrica eta Galpon fase proiektuetan hasi eta bertan behera utzi zituela azaldu du Negredok: “Bizitza oso zaila zen bertan: lan egitea eta aldi berean era horretako eskoletako intentsitatea mantentzea benetan zaila zen”. 09:00etatik 14:00ak edo 16:00ak arte hiru klase izaten zituen, bakoitza bi ordukoa. “17:00etan garagardotegi batean lan egitera sartzen nintzen, 01:00ak arte”. Gorputzak asko sufritu zuen garai hartan, bai eskoletan landutako teknikengatik eta baita eskolen osteko lanagatik ere. Orduan ‘Proyecto Fase’ izeneko formakuntza jaso zuen, eta urte bitan egin beharrekoa urtebetean egin zuen Naiak. Garagardotegia utzi eta dantza klaseak ematen ere hasi zen: “Unibertsitateko Zentro Kulturalean ematen nituen klaseak, eta baita kaleko zenbait espaziotan ere. Sokak zintzilikatzeko horma aproposak bilatu eta bertan aritzen nintzen, ‘a la gorra’, jendearen borondatearen arabera dirua jasotzen”. Dantzariaren arabera, Buenos Airesen jendeak aukera gehiago ditu formazioa jasotzeko eta klaseak ‘negoziatu’ daitezke: “Hemen ostera, formazioa jasotzeko akademia garestietan izena eman behar da eta dirurik ez badago, ez dago klaserik”. Bestalde, Argentinan jendeak dantza egiteari beldur gutxiago diola esaten du Naiak. Asteazkenetan dantza garaikideko klaseak ematen ditu Zeberioko eskola zaharrean eta jendea etengabe motibatu behar duela azaldu du.

2019an Buenos Airesetik bueltatu zen Naia: “Hiriarekin guztiz nekatuta nengoen. Buenos Aires erraldoia, jendetsua eta agresiboa da”. Euskal Herrian zegoela, lehen egunetan etxetik ez zuela irten nahi dio zeberiokoak. Denbora bat igaro zuen Ondarroan, baina lagun batek Barakaldoko Zirko Domoan lan egiteko eskaintza egin zion eta Altamira auzora bizitzera joan zen. Handik hiru hilabetera lagun batzuekin partekatzeko baserri bat topatu zuen non eta Zeberioko Uriondo auzoan. Han bizi da ordutik: “Pilo bat gustatu zitzaidan etxea, jendea eta auzoa”. Hemen zeudela, Naiara Arrizabalaga, Maite Kaltzakorta, Irune Uriarte eta Janire Etxabe lagunak, Oreka TXeko ‘Harria Herria’ abestiaz baliatuta, izen bereko dokumentalean aritu ziren lanean, Mendi Film jaialdian aurkezteko: “Koreografiaren kanpo begiradagaz laguntzen egon nintzen haiekin, baina azken momentuan proiektuan dantzari bezala parte hartzeko proposamena luzatu zidaten, eta baietz esan nuen”. Dokumentala 2019ko abenduan aurkeztu zuten neskek eta hortik aurrera Harria Herria proiektuaren zuzenekoa sortzen hasi ziren abendutik abuztura arte, pandemia tarteko, eta lortu zuten. “Oreka TXekin batera 25 minutuko ikuskizun bat Menorcako Pedra Viva jaialdira eramatea zen helburua, lau koreografiarekin: ‘Harria Herria’, ‘Umane’, ‘Albuk’ eta ‘Tutu Ezpatak’. Esperientzia sekulakoa izan zen eta bertan Maitane Sarralde kideak ere dantza egin zuen”.

Taldeko barne-arazoak zirela eta, proiektua bertan behera geratu zen eta ikuskizuna urte hartako Leioako Umore Azokan aurkezteko aukera galdu zuten. Horren ondorioz Zinbulu kolektiboa jaio zen, aurreko proiektuko kide batzuek osatutakoa (Naia barne) eta horrekin, Zinbulu Dantza Bertikala taldea. ‘Errotzen’ izeneko lehen lana joan den iraileko Leioako Umore Azokan estreinatu zuten. Konpainiako neskekin Kultur Leioako teilatura igo gara, eta Naiarekin salto egin ez badugu ere bere istorioan murgiltzeko aukera zoragarria izan dugu. Erreportajea osatzen duten irudiak zapatu goiz hartakoak dira, Zinbuluko neska ausartekin lanean egindakoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak