→Zeberio

Argazkiak | Zubialdeko ikasleek Zeberion barrena ibilaldia egin dute Juan Manuel Etxebarriagaz

Gaur goizean ibilbide ederra egin dute Zubialdeko eskolako haurrek Zeberion barrena. 09:45etan Ermitabarriko San Antonio tenplura heldu dira eskolako autobus bi, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin

Zubialdeko taldea, Karabian // Geuria

Gaur goizean ibilbide ederra egin dute Zubialdeko eskolako haurrek Zeberion barrena. 09:45etan Ermitabarriko San Antonio tenplura heldu dira eskolako autobus bi, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin. Bertan Juan Manuel Etxebarria zegoen, puntual, beti bezala. Alkateak tenpluko ateak zabaldu ostean, barrura sartu dira ikasleak eta baita euren aitite-amamak ere. Ibilaldia hasi eta zortzi auzunetatik igaro dira zeberioztar gazteak, bidean topatzen zituzten arbola motak identifikatuz eta Juan Manuel Etxebarriak berak prestatutako koplak han eta hemen kantatuz.

Ermitabarritik Undurragaraino

Duela urte batzuk, Arratia eta Zeberioko eskoletan Eskola Agenda bat erabiltzen dute: “Agenda hori euskara bultzatzeko sortu zan”, azaldu du Alaia Landajo Aldanondo Zubialdeko irakasleak. “Eskoletako normalkuntzako arduradunek urtero diseinatzen dogu agenda hori, eta aurten eskola bakoitzak bere herrian ibilbide propioa prestatu eta agendan txertatu du”. Irakaslearen arabera, asmoa familiak, umeakaz batera herrian zehar ibilbide hori egitea da eta deialdia herrira luzatu dute: “Bereziki aitite eta amamei zuzendutako ibilbidea dogu honako hau eta Juan Manuel Etxebarriagaz batera ibili gara”, azpimarratu du irribarretsu. Bidean zehar karabiak, Santo Tomaseko harriztadura, herriko zuhaitz mota ezberdinak ezagutu eta Juan Manuelek prestatutako koplak kantatu dituzte, besteak beste.

Ermitabarriko San Antoniotik abiatu da umeen ‘prozesioa’, udaleko kotxe batek lagunduta. Parrokiako istorioa azaldu eta umeen ipuin batzuk irakurri ostean Olabarri auzunera joan dira gaztetxoak. “Bertan XII. mendean Ola famatu bat izan genuen eta bertan lehenagoko karabi euskaldun zahar bat ikusgarri dago”, azaldu du Etxebarriak. Olabarritik Olabarrietako Santo Tomasera igo dira ikasleak eta euren aitite-amamak. Tenpluko berezitasun aipagarrienak azaldu ostean, Olabarrieta atzean utzi eta Zeberioko lehen eskolara joan dira denak, gaur egun Errementari museoa dagoen eraikinera, alegia. Bertan ikasitakoa da Juan Manuel, eta bere garaiko istorioak kontatu dizkie zeberioztar gaztetxoei. Galtzada zaharretik barrena, Isasi auzunera pasa dira, eta tipi-tapa Leitokira iritsi dira. Lamiña errekan geldialdia egin eta Lamiñen ipuina kontatu die filologo eta euskaltzaleak. Hortik Uratzara eta bertako San Juan bainuetxe ohia bisitatu dute, eta igoera baten ostean estilo frantseseko Karabira heldu dira. Azken geldialdia Ugarte auzunean egin dute, hara bertara Unamuno bera joan baitzen askotan: “Unamunoren aititea, amaren partekoa, Areiltzakoa zan eta Ugartera etorten zan paseoan”, azaldu du Juan Manuelek. Filologoaren arabera, Unamunok Ugarten bizitako esperientzia oso garrantzitsua izan omen zen.

Unamunoren familiako etxea bisitatu ostean, euria botatzen hasi da, eta itzulerako bidea egin dute haurrek, pausu arinean, Zubialderantz, kantaka eta milaka istorio kontatzen, bidean zehar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak