Aspaldiko baserrietako ezkaratza eraiki du Udalak Ermitabarriko Errementari museoan. Korta eta soloarekin batera, baserrietako lanaren gune nagusia zen ezkaratza edo sukaldea. Sarreratik gertu egoten zen eta baserriaren bihotza han zegoen: hizketarako gunea zen, han biltzen zen familia eta han hartzen ziren bisitariak, han egiten zen haria gauetan, eta han aritzen ziren “marmarrean” inguruko gertaerei buruz.
“Errementariaren lanbidearen inguruko azalpenen osagarri gisa ikusten ditugu aspaldiko bizimoduaren inguruko adibide praktikoak. Finean, gure arbasoen topagune garrantzitsuenetako bat zen ezkaratza eta ederra iruditu zaigu halako bat Errementari museoan txertatzea. Transmisio kontua ere bada, halako sukalderik ezagutu ez dutenek orain horretarako aukera izan dezaten“, azaldu du Karlos Idirin alkateak.

Errementari museo etnografikoa // Geuria
