→Zeberio

Zeberiok baranda bat eta bionda bi jarri ditu herritarren segurtasunerako, Zubialden, Aresandiagan eta Orbetzurako igoeran

Aresandiaga auzoko bionda // Zeberioko Udala

Zeberioko Udalak baranda berria jarri du udaletxe atzeko parkean (Zubialdeko tabernaren aurrean), Zeberio ibaiaren parean. Guztira 17.000 euro bideratu ditu Udalak seguruagoa den baranda hau jartzeko: “Aurrekoak segurtasun neurriak betetzen bazituen ere, karratu formaduna zen, eta haurrek askotan berau eskalatzen zituzten eta pilota askotan ibaira jausten zen”. Horrexegatik, zortzi eguneko lanen ostean 80 metroko luzeerako kiribil formadun eskubanda duen baranda berria jarri dute. Baranda zaharrari, gainera, bigarren erabilera eman diote: zati bat Ermitabarriko frontoian erabili dute, eta bestea, Jauri auzoko ranpan, eskolako sarbidean.

Udaletxe atzeko baranda berria // Zeberioko Udala

Bestalde, Udalak bionda zati bi jarri ditu udalerrian: bata, 42 metroko zatia, Aresandiaga auzoan (Udiarragako aldean), eta bestea 35 metrokoa, Orbetzurako igoeran. “Zati biak auzokideen eskakizunengatik ezarri dira. Orain arte zuhaitzek eta sastrakek estaltzen zituzten errepidearen bestaldeko sakanak”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. “Udako beroa dela eta, zuhaitzak eta hainbat sastraka sikatu egin dira, errepidearen atzeko sakanak erakutsiz, eta auzotarrak zein zonaldeko gidariak horretaz jabetu dira. Horrexegatik ezarri ditugu biondak”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak