→Zeberio

Erabateko betealdiak egon dira uztaila, abuztua eta iraileko Ermitabarri auzoko bisita gidatuetan

Ermitabarriko Santo Tomas Olabarrieta eliza // Geuria

Juanjo Hidalgo historialariak eskainitako bisita hauek Zeberioko auzo honen botere sozioekonomikoa aztertzen dute, auzoa eta Santo Tomaseko eleiza ezagutuz.

Zeberioko Ermitabarri auzoko bisita gidatuak oso arrakastatsuak izaten ari dira. GorbeiaEuskadi.com webguneak antolatutako jarduera hauek hilabetean behin antolatzen ari dira: uztailaren 19an, abuztuaren 8an eta irailaren 12ko taldeen ostean, hurrengoa urriaren 10ean izango da, eta bisitarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
“Benetan ezohikoa da herri bateko udaletxea, plaza eta frontoia auzo batean egotea eta eleiza beste auzo batean kokatuta egotea”, adierazi du Karlos Idirin alkateak. “Horixe da Zeberion gertatzen dena XII. mendeko Santo Tomas Olabarrietako eleizarekin”. Herriko alkateak berak bizartegia, zerrategia, burdindegia, animalientzako pentsua biltegia eta hiru taberna (bakoitza bere denda propioarekin) ezagutu ditu Ermitabarrin: “Hainbeste zerbitzu eskaini izan ditu Ermitabarrik, eta horrek garai batean zuen potentzial sozioekonomikoa agerian uzten du”, azaldu du Idirinek.
Juanjo Hidalgo historialariak eskainitako kilometro bateko bisita gidatu honetan auzoko tenplu eta etxeak aztertuko dira, eraikinen jatorria eta kokapena hobeto ezagutzearren.

Santo Tomas: auzoko bihotza

Ibilaldia errekarriz osatutako arkupean hasiko da eta hiru orduz Behe Erdi Arotik Aro Modernorako bidaia egingo dute bisitariek, Ermitabarriko Santo Tomas Olabarrietak izan zen tresna politiko, sozial eta ekonomikoa aztertuz.
Bisita hauen prezioa hiru eurokoa da helduentzat eta 1,50 eurokoa 6-12 urte bitarteko umeentzat. Ibilaldiaren bukaeran pintxopotea antolatuko da Ermitabarriko Taberna zaharrean, bisita gidatuko sarrera edariagatik trukatuz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak