→Zeberio

Espainiako Taekwondo txapelketa nagusia irabazi du Andoni Cintado zeberioarrak, hirugarrenez jarraian

Andoni urrezko dominarekin / Utzitakoa

Hirugarren urtez jarraian, Espainiako Taekwondo txapelketa nagusia irabazi du Jon Andoni Cintado Artechek. 22 urteko zeberiorrak 80 kilo azpiko kategorian urrezko domina irabazi du joan den asteburuan Benidormen izan den txapelketan. “Ilusioa handia egin dit txapelketa irabazteak. Aurtengoa urte gogorra izaten ari da. Batetik, Covidak eragindako egoeratik bueltan lortutako domina da; bestetik, ikasketak, Gradu Amaierako Lana, zortzi orduko lana enpresa batean eta kirola uztartzen ari naiz. Oso oso zaila da, baina horretan nabil”, esan digu Andonik.

Telefonoz egin dugu berba. Ikasketak eta kirola uztartzeko asmoz, Valentzian bizi da azkenaldian. Bertan Diseinu industrialeko Ingenieritza ikasten dabil Valentziako Unibertsitate Politeknikoak (UPV) eta, aurten azken urtea duenez, Gradu Amaierako Lana egiten ari da: “Egunero 6:00etan jaiki, zortzi ordu egiten ditut lan Viccarbe izeneko diseinuko altzarien enpresa batean. 18:00etan lana bukatu eta ikasketekin hasten naiz. Eta ondoren, pare bat orduko entrenamendua egiten dut. Oso zaila da goi mailako kirola, ikasketak eta lana uztartzea, bai. Baina tira, bagabiz!”, dio Andonik.

74 kilo azpiko kategorian irabazi zuen lehenengoz Espainiako txapelketa nagusia. Hurrengo urtean, koska bat gora egin zuen eta 80 kilo azpikoetan irabazi zuen. Ondoren, pandemiaren eraginez bertan behera geratu ziren lehiaketak eta, aurten, berriro urrezko domina irabazi du Andonik.

Iazko abenduan zilarrezko domina irabazi zuen Sarajevon (Bosnia eta Herzegovina) ospatutako Europako Pisu Olinpikoetan, eta aurten Bulgarian egoteko asmoa du, ekainaren 13tik 17ra izango diren Multi European Games-etan. Ondo bidean, abuztuan munduko txapelketa unibertsitarioa ospatuko Txinan eta litekeena da bertan Andoni egotea. Izan ere, gaur egun bera dago bertara joateko sailkapenean lehena. Eta urrian munduko txapelketa izango da Txinan, baina oraindik erabakitzeko dago Andonik parte hartuko duen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak