→Zeberio

Gorbeiako artzainen dokumentala aurkeztu eta proiektatuko dute Zeberion, hilaren 20an

Aitor Azkueta Zeberioko artzaina / Utzitakoa

“Artzaintza Gorbeian. Milaka urteko lanbidearen iragana, orainaldia eta etorkizuna” dokumentalaren estreinaldiak lepo bete zuen Bilboko BBK Aretoa. Ordezkari publikoak, artzainak eta herritarrak batu ziren bertan. Jose Luis Urrutiak eta bere taldeak ekoiztuta, Aztarna elkarteak bultzatu du proiektua eta Arratiako, Aiaraldeko, Gorbeialdeko, Arabako eta Bizkaiko hainbat elkartek eta erakundek lagundu dute diruz, tartean, Zeberioko Udalak.

Dokumentalak lanbide zaharraren begirada zabala proposatzen dio ikusleari: antzinako artzaintzatik abiatzen da kontakizuna eta apurka-apurka egungo egoerara hurbiltzen doa. Horrela, artzain beteranoen bizipen gogorrak jasotzeaz gain, XXI. mendean euren ibilbidea abiatu duten abeltzain gazteen lekukotzak ere erakusten ditu.

Aitor Azkueta artzain zeberioztarrak ere proiektuan parte hartu du, bere egunerokotasuna filmean azalduz eta egungo egoeraren inguruan hausnartuz. Besteak beste, teknologia berrien eragina eta etorkizunera begira lehen sektorearen erronkak zeintzuk izango diren deskribatzen dituzte pantaila handian agertzen diren lagun guztiek. Abenduaren 20an aurkeztuko dute dokumentala Zeberion, udaletxeko goiko solairuan, 19:00etatik aurrera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak