→Zeberio

“Haurtzaroan gertatzen diren sexu abusuen %2 baino ez dugu ezagutzen”

2018ko azaroan Basaurin egindako manifestazioa herrian azalaratutako sexu abusuen harira / Geuria

Haurtzaroko sexu abusuak eta tratu txarrak ‘tabu’ gaia izan dira duela gutxira arte gure gizartean, “arazoa baina, betidanik egon da hor”, zioten Ana Saez Totorikaguena pediatriako erizainak eta Ander Fernandez hezitzaileak. Haurtzaroan gertatzen diren sexu abusuen inguruko hitzaldia eskaini zuten biek azaroaren 22an udaletxeko azken solairuan. Euskal Herrian, Estatuan eta Europan aditu ezberdinek egindako ikerketen emaitzak aurkeztu zituzten: bost haurretatik batek sexu abusuak jasan ditu edo jasango ditu. Datuei jarraiki, sexu abusuren bat sufritu duten umeen erdiak baino ez du horren berri ematen, %15ak bakarrik salatzen du eta %5ak lortzen du bide judiziala abiatzea. Datu lazgarriak. Azken urtean bakarrik, adingabeetan emandako 20 kasu berri tratatzen ari direla azaldu zuten Garaitza Elkarteko bi kideek. Abusuen kasu sonatuenak bestelako inguruetan gertatzen diren arren, kirol taldeetan edota eskoletan adibidez, abusuen %90 familia-ingurunean gertatzen direla azaldu zuen Ander Fernandez hezitzaileak, “aitak, aitonak, osabak, anai-arrebek, amak, amonak edota izebak eginak”. Hain zuzen ere, kasu gehienak familia barruan gertatzen direlako, “sexu abusu guztien %2 baino ez dugu ezagutzen”, ohartarazi zuen hezitzaileak. “Erasotzaileak errudun sentiarazten du biktima eta familia batuta jarraitzearen erantzukizuna umearena egiten du”, adierazi zuen Fernandezek.

SEXU ABUSU MOTAK
Sexu-abusurik ohikoena fisikoa bada ere, -bortxaketa, ukituak edo prostituzioa-, kontaktu fisikorik gabeko sexu abusuak ere badirela azaldu zuen hezitzaileak: “Haurrak pornografia ikustera behartzea, voyerismoa edo haurren aurrean behartutako exhibizionismoa egitea ere sexu abusu gisa ulertu behar ditugu”. Abusuen batez besteko iraupena lau urtekoa izaten dela azaldu zuen Totorikaguena erizainak: “Abusatzaileak biktima aukeratu eta abusatua izateko prestatzen du. Oso zaila izaten da umeak abusuak galaraztea, erasotzailea senidea edo oso gertukoa izaten baita”. Abusuek umearen “garapen naturala” hausten dutela azaldu zuen erizainak, eta bere jarreran eragin zuzena dutela: “Babesgabetasuna erabatekoa da umearentzat, zaindu behar zuenak min egiten baitio. Bere buruarekiko konfiantza galdu egiten du eta ez du etorkizun zoriontsurik ikusten. Gizakiok jaiotzez daukagun bizi-sena azaleratzen du orduan, eta horrela lortzen du umeak aurrera egitea”. Zentzu horretan, umea abusuetara egokitzen dela azaldu zuen Fernandez hezitzaileak: “Aurrera egin ahal izateko senidearen edo gertukoaren disoziazioa egiten dute haurrek, pertsona bitan banatu: berarekin ondo portatzen dena alde batetik eta munstroa bestetik. Biziraupenagatik, euren burua kapaza da bi pertsona ezberdin irudikatzeko”.

SEXU HEZKUNTZA
Sexu abusuak prebenitzeko tresnarik eraginkorrena sexu hezkuntza dela aldarrikatu dute biek: “Oraindik ere kosta egiten zaigu umeei sexuaz hitz egitea. Hortik hasi behar dugu, euren adinera egokitutako sexu irakaskuntzarekin”. Helduok haurrei transmititzen dizkiegun zenbait mezu birpentsatu beharra daukagula ere azaldu zuten ere, ‘nagusiei kasu egin behar zaie beti’ bezalako baieztapenak, adibidez. Edonola ere, sexu abusuak sufritzen dituen umeren baten berri izatekotan, ahal den neurrian “lasaitasunez” hartzeko gomendioa eman zuten: “Umeari erakutsi duen ausardia aitortu behar zaio, eta ez geure burua gehiegi aztoratu. Umeak ikara sumatzen badu gugan, baliteke berrio ere hitzik ez esatea. Bere kontakizuna ondo gogoratu eta gizarte zerbitzuen esku utzi behar dugu kasua”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak