→Hego Uribe

Izail Perez: “Erakundeak heltzen ez diren tokietara helduko da Batu Elkarlaguntza Sarea”

Hego Uribe eskualdean eragiten hasi da berrogeita hamar bat herritarrek osatzen duten sarea, zehazki, etxebizitza eta elikadura eremuetan laguntza eskaintzen dute. Egunotan aurkezpen saioekin ari dira.

Zeberiotik Batu Elkarlaguntza Sarean parte hartzen du Izailek / Geuria

Batu Elkarlaguntza Sarea sortu berri dute Hego Uribe eskualdean. Izenak dioen legez, herritarrak euren artean laguntzeko elkargunea da, instituzioak heltzen ez diren tokietara heltzeko asmoz, eta bi esparrutan eragiteko asmoa agertu dute: etxebizitzan eta elikaduran. Basauriko Txarraska eta Arrigorriagako Gaztetxea dituzte bilgune, eta oraingoz eskualdeko zortzi eremutan eragiten hasi dira: Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Zaratamo, Ugao eta Zeberio. Aurkezpen bilerak egin dituzte ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran Arrigorriagako Argala plazan, San Migeleko Ixatsaken eta Basauriko Bentan, baita Zeberioko plazan ere. Elkarlaguntza Sareko kide den Izail Perez (Zeberio, 1999) zeberioztarrarekin sakondu dugu taldearen hastapenetan, dinamikan eta aurretik dituztenetan.

Ez da makala ia 100.000 biztanleko eskualdean eragiten hastea.
Osasun krisiaren hasi aurretik jada lanean ari ginen, bakoitza bere herrian eta gure artean harremanetan. Ideia hau bagenuen buruan eta Covid19aren krisiak dena arindu du. 2008ko krisiaren eraginak oraindik gure gizartean daude eta orain, osasun krisiarekin batera, krisi ekonomiko berri bat datorkigu gainera. Horri aurre egiteko bideak topatu behar ditugu. Batu Hego Uriben aurkeztu eta hasi da martxan, baina ez dugu lurraldetasun mugarik. Esaterako, gu geu Zeberion Hego Uribe aldera eta Arratia aldera eragiten dugu. Sarearen asmoa ez da lurraldetasun itxi batean eragitea, planteamendua zabala da. Era berean, eragile askorekin harremanetan gaude, Bilboko etxebizitza sarearekin, esaterako.

Hankak lurrean jarrita dituzuela diozue.
Argi dugu zer den egin dezakeguna eta noraino hel gaitezkeen. Gizartearen bizi baldintzak zeintzuk diren badakigu eta horiek hobetzea da gure asmoa. Batetik, bizi baldintzen defentsa eta hobetzea; bestetik, komunitatearen eraikuntza. Oraingoz, bi lan ardatz ditugu: etxebizitza eta elikadura, dagoeneko gizartearen arazo diren eta areagotuko diren bi eremu. Gure jardun guztian ikuspegi feminista txertatuta egongo da. Bi ardatz nagusiez gain, emakume taldea, formakuntza taldea eta komunikazio taldea ere martxan daude.

Erakundeekiko autonomia duzue, bai politikoa, bai administratiboa.
Sarearen autonomia oinarrizko bermea da guretzat. Eragile guztiekin bestelako harremanak garatu daitezkeela uste dugu, administrazioetatik harago, eta hala erakundeak eurak heltzen ez diren tokietara helduko da sarea.

Zaintza ere izan da osasun krisian agerian geratu den gizarte-antolakuntzaren arazo bat.
Hala da. Baina oraingoz gehien lagundu dezakegun esparruetan aritzea erabaki dugu: etxebizitzan eta elikaduran. Horrek ez du esan nahi, Batu Elkarlaguntza Sarearen parte diren hainbat kidek ez dutenik herrian herriko zaintza sareetan parte hartzen.

Nortzuk osatzen duzue sarea?
Berrogeita hamar bat pertsona gaude sarean, 18 eta 45 urte bitartekoak. Batera lan egiteak onurak besterik ez dizkigu ekartzen, indartsuagoak gara, ahalmen handiagoa dugu gure helburuak lortzeko. Adibidez, ni Bartzelonan egon naiz azken hilabeteetan eta duela gutxi hasi naiz sarean bertatik bertara eragiten, baina herrian sarearen parte diren gazte gehiago daude, eta inguruko herrietakoek laguntza behar badute, beti dago norbait laguntzeko prest. Batuta funtzionatzearen alde onak dira horiek.

Elkargunea sortu duzue, hortaz, gehienbat gazteon artean.
Nik 21 urte ditut, baina hau ez da gazteon gauza bat, ez bakarrik gazteona behintzat. Gainera, gaudenak gaudela ere, helburua gizarteari laguntzea da, adinak alde batera utzita.

Sorreran talde motore bat izan duzue.
Hasiera guztiek bultzada bat behar izaten dute eta, bai, lantalde bat osatu da sarea martxan jartzeko. Behin ibiltzen hasita, talde hori desegitea eta modu asanblearioan funtzionatzea da asmoa. Eta horretan ari gara orain. Ostegun arrastiro Basauriko Txarrasta Gaztetxean batzen gara eta bertan guztion artean berba egiten dugu.

Zeintzuk dira zuekin harremanetan jartzeko bideak?
Erreferentzi nagusi moduan, 654 821 486 telefono zenbakia dugu, baita batuelkar@gmail.com helbide elektronikoa ere. Sarearen inguruko argibide guztiak batuelkar.eus webgunean batu ditugu eta @batuelkar izenarekin gaude sare sozial ezberdinetan. Horiek gurekin harremanetan jartzeko bideak informazioa eskatzeko, norberaren arazoak azaltzeko eta laguntza eskatzeko, besteak beste.

Zeintzuk dira jasotzen dituzuen laguntza eskaerak?
Arazo ekonomikoak dira ohikoenak: etxebizitza ezin ordaindu, elikagairik ezin erosi… Baina badira bestelakoak ere, uste baino gehiago. Horregatik diogu ohiko bide administratiboak heltzen ez diren tokietara heltzen dela elkarlaguntza sarea. Horietan laguntzeko eskarmentua duten pertsonak daude sarean, eta bestelako eragileekin harreman estua dugu, esaterako, tokian tokiko elikagai hornitzaileekin eta supermerkatuekin -Arrigorriagako Gaztetetxea da elikagaik batzeko dugun tokia-, Bilboko etxebizitza sarearekin, besteak beste. Funtzionamendua erabat naturala da: laguntza behar duten pertsonak, gurekin harremanetan jartzeaz gain, sareak berak egiten dituen bileretan ere egon daitezke. Uste dugu oso lagungarria dela denontzat modu zuzenean laguntza eskatu eta jasoko duten herritarrak bileretan ere egotea, entzutea eta ahal dela parte hartzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak