→Zeberio

Jon Andoni Cintado zeberioztarrak Taekwondoko zilarrezko domina irabazi du Europako Pisu Olinpikoetan

Jon Andoni Cintado // Utzitakoa

Zilarrezko domina irabazi du Sarajevon 21 urteko zeberioztarrak Taekwondoko pisu olinpikoetan lehiatutako 80 kiloko kategorian. Gaztea Valentzian bizitzen ari da Industria-diseinua ikasten, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan (UPV) eta berez Valentziako Deportivo Olimpon lehiatzen ari da. Gazteak azaldu du txapelketa honetan lehiatzearen arrazoia esperientzia lortzea eta esperientzia bera “lehertzea” izan dela izan dela: “Esperientzia lehertzea esaten dudanean borrokaz haratago ari naiz: bertara egindako bidaia, egonaldia eta bizitako esperientziaz, alegia”, azaldu du Cintadok.

Sarajevon bizitako esperientzia ‘xelebrea’ bezala kalifikatu du Jon Andonik: “Kirolari guztiak konfinatuta geunden hoteleko geletan, eta komunera joan edota jatera joateko baino ez ginen irteten bertatik”. Borroken erritmoa hartu zuenean, arerioak gainditzen hasi zen. Horrela, David Simek txekiarra, Raúl Martínez, Partik Divkovic eta Marko Golubic kroaziarrak gainditu zituen, baina finalean 9-1 galdu zuen Julio Ferreira portugaldarren aurka: “Ez nuen espero zilarrezko domina irabaziko nuenik”, azaldu du kirolariak. “Dagoeneko, txapelketako txanda pare bat gaindituko nituela uste nuen, eta azkenean Julio Ferreiraren aurka lehiatzean ezin izan nion bere erritmoari eutsi, kirolari horri irabazteko %100ean egon behar delako”. Sarajevon bizitakoa eta horren ondorioz eskuratutako zilarrezko domina irabaztea zeberioztarraren kirol-ibileraren emaitzarik onena izan dugu.

Jon Andoni Cintado, kolpe bat ematen txapelketan // Utzitakoa

Lehen hastapenak, Arrigorriagan

Cintadok Arrigorriagako Garriko eskolan hasi zuen bere ibilera Taekwondoan, sei urte baino ez zituelarik. Gurasoek betidanik praktikatu dute kirola eta zaletasuna transmititu nahi izan diote semeari. “Taekwondoan hasi nintzenean ez nuen batere gustoko eta gurasoak poztearren praktikatzen nuen” azaldu du. “Eskolako lagunekin izena eman genuen Taekwondoan aritzeko, baina denborak aurrera egin ahala lagunek beste kirolak egitera pasa ziren”. Cintado konstantzia handiko kirolaria izan da betidanik eta lotura berezia sortu zuen Taekwondoarekin.

10 urterekin Basauriko The Mastersera egin zuen salto eta borroka formazioan murgildu zen. “15 txapelketa jokatu ditut Euskal Herrian eta ez dut bat ere galdu bertan. Oso harro nago horretaz”, azaldu du Zeberioztarrak. 2019an, industria-diseinuko goi-mailako ikasketek Valentziara eraman zuten zeberioztarra, eta GEURIAn bertan adierazi zigun goi-mailako kirolaria izateagatik ez ziola ikasteari utziko, “bateragarriak direlako”. Zeberioztarrak azaldu du Taekwondoan hasi zenetik bere kirol ibilbideak gora egin duela  eta gainera industria-ingeniaritza ikasketak egiten ari dela, klaseetara faltatu barik. “Denbora antolatzen eta bestelako jarduerekin bateratzen ikasi dut kirol honekin”.

2019an ere bere kategoriako Estatu mailako txapeldun absolutua eta Espainia G1 Nazioarteko Open-eko txapelduna izan zen. Gainera, Europako sub-21eko brontzezko domina irabazi zuen, eta Valentziako Unibertsitate Politeknikako kirolari nabarmenena izendatu zuten urte berean.

Andoni Cintado zeberioztarra: “Goi mailako kirolaria izateagatik ez diot ikasteari utziko, bateragarriak dira”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak